Surrealismoa oso erreala denean
Maiatza 13, 2008 | Egilea: konatxeQuim lagunak bideo bat ikusteko aholkua luzatu digu. Algara batzuk bota ditugu hari begira.
Han egonik hemen gira; eta hemen egonik, han
Maiatza 12, 2008 | Egilea: konatxeBai, airean gaude azkenez. Hementxe.
Trufa nimiño bat
Maiatza 9, 2008 | Egilea: konatxeGarai berriak?
Maiatza 5, 2008 | Egilea: konatxeDavid de Jorge lagunak eta biok hiru blog ditugu elkarrekin. Horietako bat euskaraz dago eta ezagutuko duzue, agian, sukaldean.com deitzen da. Egia esan behar bada, oihartzun txikia izan du egindako lanaren aldean eta guk genuen itxaropenaren ondoan. Beste bi ere baditugu gaztelaniaz, beti pentsatu izan baitugu Interneten zabalik daudela bideak, eta norbera izan daitekeela jaun eta jabe, bere editorial txikian. Blog horietako bat sukaldean.com horren klona da, recetania.com izenez bataiatua eta, bestea, geure erokeria gastroliterarioak isurtzeko leku aproposa eraiki asmoz egindakoa: glotonia.com. Etzitik aurrera, ostegunez, Maiatzaren 8arekin, jada ez dira gehiago “gure” izango, erosi egin baitizkigute edo, hobeto, bi urterako “alokatu”, prezio onean, gainera. Madrilgo soitu.es gunean agertuko gara aurrerantzean, orain arte bezala, geu egile eta jaun gaituela. Euskaraz eta erdaraz aritzearen arteko aldeak dira horiek. Eta beste egiaztapen bat ere bai: azkenean iritsi gara Interneten negozioren bat egitera, aspalditik amestu bezala. Izango da, seguruenik, bi leku horiek ez genituelako pentsatu negozio modura. Hortxe egon daiteke, itxura batera, arrakasta dirudien gertaera honen sekretua.
Jendaurrean hizlari
Maiatza 4, 2008 | Egilea: konatxeMil cretinos
Apirila 28, 2008 | Egilea: konatxe
Qim Monzó. Mil cretinos. Anagrama 2008.
Gizon honek narraziorako daukan gaitasuna gaur ez du inork zalantzan jartzen. genero horretan munduko onenentzat hartzen dute adituek. Eta neuk ere bai: Monzók inork gutxik bezala daki erabiltzen ipuinaren ahala. Liburu hau, gainera —eta badakigu zer diogun—, hamar urte iraun duen egoera larri baten ostetik dator: Quim-ek aurre egin behar izan dio bere gurasoen zainketa eta heriotzari. “Ez nuen uste hain gogorra izan zitekeenik” esan zigun, “Superman nintzelakoan nengoen, baina kakaume bat baizik ez naiz, finean”. Eta hala, MIL CRETINOS honetan, zahartzaroaren inguruko bizpahiru ipuin ere badatoz. Baina ez hori bakarrik. Quimek beti dio hauxe dela bere libururik umoretsuena, eta ulertzen diogu hori esaten digunean, azkenenan ulertu baitugu bere umorearen nolakoa: zorrotza bezain errukitsua. Bai, lehen lerrotik azkenekoraino, giza kondizionearen desolazioa ageri da liburu honetan eta, hala ere, irria ez ezik, algara ere atera digu behin baino gehiagotan. Quimek eguneroko gauza txikietan jartzen du X izpizko bere begia, eta hitz esaktoak (ez besterik) erabiliz kontatzen digu dena. Hala aurkituko ditugu, besteak beste, gutako bakoitzaren bizimodua kolokan jartzeko moduko kontakizunak. Esango nuke, ogi eta gurinez ematen dizkigula ipuinok, gozo gozo, baina elektrokuzioa sortzeko helburuarekin. Artista handia da, gutxi bezainbestekoa. Eta liburu honek eutsi egiten dio, gainera, duela zenbait urte irakurri genion 86 CUENTOS apartaren mailari. Bingo!
Zulo bat uretan
Apirila 28, 2008 | Egilea: konatxeCósele el rabo al lagarto
Apirila 23, 2008 | Egilea: konatxe
Alber Váquez. Cósele el rabo al lagarto. Hipálage (2008).
Aspalditik neukan gogoa Alber Vázquez-en liburu bat irakurtzekoa. Interneten aurkitutako bere zenbait artikulutan, sekulako indarra ikusi izan diot Errenteriako mutil honi. Nobelak ere baditu dozenatik gora argitaratuta eta, hain gaztea izaki (1969), iruditzen zitzaidan zerbait galtzen nuela haren lana ezagutu gabetan. CÓSELE EL RABO AL LAGARTO du narrazio lehen liburua, eleberria eta poesia izan baititu orain artekoak. Bost ipuin, beraz, guztiak ATILA LONGO izeneko kazetariak protagonizatuak. Ikusten da Vázquezek HUNTER S. THOMPSONen lana oso gogoko duela, hark bezala honek, GONZO itxurakoak idatzi baititu. Erran nahi baita, ATILA LONGO delakoa, kazetari kronikak idaztera joaten dela hara eta hona, baina ez lekuko edo kronista huts bezala, baizik eta kontatu behar duen horretan ardatz bihurtuta egiten duela kazetari lana. Eta hala, lehen ipuinean, esaterako, Izagirreren Metxa zaharra ekarri dit, nolabait, gogora, ATILA LONGO kartzelara sartzen baita, ihesketa bat antolatzera. Lehen ipuin hori da, hain juxtu, gehien atsegin izan zaidana, besteak goreegiak gertatu baitzaizkit: kanibalismoa, likantropia, sodomia… Esan dezgun, liburu honetan kontalari indartsu bat dagoela, telebistako serieek eragindakoa (CSI, House…), ketchup eta tabasco saltsak kontakizunean erabiltzen dakien horietakoa, baina pertsonaia oso bazterreko eta eskatologikoegiak hautatzen dituena, aukeran. Horixe esan nion bart mail batean, gogortxo eta nazkarriegiak egiten zitzaizkidala kontakizunak. Segidan eman zidan erantzun ironikoa, zinikoa ez bada: los escritores vascos castellanoescribientes siempre hemos pensado que los escritores vascos vascoescribientes erais todos una cuadrilla de nenazas. Salbuespenak salbuespen, arrazoia duela erantzun diot.
Nota da ediçâo brasileira
Apirila 20, 2008 | Egilea: konatxe
Oso pozik gaude, Brasildik iritsi zaigun PORCA MEMÓRIA gure liburuaren edizioarekin. Portugesa beti egin zaigu maitagarri eta plazera da norberaren liburua hain urrutiko lurretan argitaratu dutela jakitea, eta edizio zainduan, gainera. Han ere ari da bat baino gehiago irakurtzen. Ea ba, zein bide egiten duen, egiten ahal du, behintzat, Espainian egin duena baino hobea. Uste genuen RBA argitaletxe handiarekin ezkonduta, bingo egingo genuela, baina denean txakurrak ortotsik, antza. Kontua da, edizio brasildar honen aitzineko hitz batzuk argitaratu dituztela argitaletxekoek, eta bertan “espanhois” garela diote, nahiz eta gero argitzen duten “bascos” garela. Grazia egiten dit, eta akordatzen naiz nire lagun Etxarrirekin. Hegoaldean, “hi baskofrantsesa haiz?”, galdetzen diote; eta Iparraldean “espagnol caracol” esan izan diote. Berak berehala du arrapostua: “Ni euskalalemana naiz, jaio nintzenean Hitlerrek agintzen zuen eta Hendaian”. Geu ere halatsu, besteek asmatuko dute, azkenean, gure tripak nongoak diren.
Etxekoak protestaka
Apirila 17, 2008 | Egilea: konatxeParanoiaren hozberoa (nintendorena)
Apirila 17, 2008 | Egilea: konatxe
Juan Izuzkiza. Paranoiaren hozberoa (nintendorena). Pamiela (Juan Zelaia Saria 2007)
Nonbait esana dugu blog honetan ez dugula hitzik egingo bizirik dauden euskal egileen liburuez. Baina, hala ere, kontabilitate pertsonal moduko bat eraman ahal izateko, hemen jarriko ditugu irakurri ahalako liburu guztiak.
Terra sigillata
Apirila 17, 2008 | Egilea: konatxeChesil beach
Apirila 16, 2008 | Egilea: konatxe
Chesil beach. Ian McEwan. Anagrama.
Liburu hau birritan aholkatzen ikusi dut aste honetan bertan: Radio Euskadiko Graffitikoek eta Iban Zalduak, egunkari batean. Duela pare bat aste irakurrita neukala ahazturik neukan, bi aipamen horiek irakurketa berritu didaten arte. (Ahaztuta dudan bezala egile berari irakurritako beste zerbait, gaur gonparazioa egiteko primeran etorriko zitzaidakeena. Baina ezin denean ezin da: memoria alu hau noizbait erauziko balidate ere, berdintsu nenbilke). Eta egia da, aholkatzeko modukoa da nobela hau, bai baitu zerbait irakurlea gozo-gozo baina jakinminez aurrera eroaten duena. Alabaina, ez beza inork uste obra nagusi baten aurrean gaudenik. Bikote ezkonberri baten larrua jotzeko ezintasuna da abiapuntua eta ardatza. Bitxia egiten da sexuaz eta amodioaz halako britainiartasun hotz batez antolatzea kontaketa guztia, drama txiki hori profitatzen baitu egileak, Britainia Handira sexu liberazioaren oldarra iritsi baino lehenxeagoko garaiak deskribatzeko (1962). Bi protagonistak jator askoak dira, aurrerakoiak eta ikaragarri maite dute elkar. Areago, elkarrentzakoak dira. Baina sexurako ezintasunak, paradoxa baten aurrean jarriko ditu: gaur ezkondu gara, baina egin ote dezakegu elkarrekin aurrera (geure maitasunean, geure bizitzetan), elkarren arteko sexurik ezean? Ez da hori bakarrik nobelan kontatzen dena, baina batez ere horixe da. Geza eta mengela dirudi, baina MacEwanek dotore asmatzen du kontakizuna denbora guztian. Esango nuke, hala ere, eleberriaren azken aldera, idazlea bera aspertu egiten dela, eta abiadan amaitzea deliberatzen duela, di da, esan beharrekoa. Izan ere, nobelaren denbora ia guztia, gau bakarrean gertatzen baita eta azken orrietan, urte osoak pasatzen dira arrapaladan, zertzelada apurretan. Niri ondo etorri zitzaidan erritmo aldaketa hori juxtu gertatzen EZ zen guztiarekin gogaitzen hastera nindoan puntuan. Nobela txiki handi bat, beraz.
Letrazale amorratuentzat bakarrik
Apirila 16, 2008 | Egilea: konatxeHoroskopoak idatzi ez idatzi erabaki ezinik gabiltzan bitartean, Quim Monzó laguna izan dugu geurean egun batzuetan atsedentzen eta parrandan. Eta berak bidali digu gauzatxo harrigarri bat, arbolari buruzkoa, gaztelaniaz. (Izugarria egiten da kataluniar eta euskaldun batek “etsaiaren” hizkuntzan elkar ulertu beharra. Bizimodu garaikidearen paradoxak dira). Bi aholku dauzkat, hala ere: 1- Ez zaitez inola ere hau ikustera jarri, letraeroa ez bazara. 2- Ikustea deliberatu baduzu, emaiozu ordenagailuaren bolumenari topera. On egin. Hemen da.







