Sasikopotzu atalaren artxiboa

Uste zoroa

Martxoa 29, 2011 | Egilea: konatxe

Eskerrik asko aurreko sarreraren iruzkinetan esan dituzuenengatik. Txikia da nik hemen idatziko dudanaren ekarria eta handia zuek hartu duzuen lana: ganbarako zirrikituetan hondamendien izenak gogoratu eta haiek idatziz izendatzeko astia hartu. Blogetan gabiltzanok badakigu zein izaten den zail harremana sortzea irakurlearekin. Mertzi, beraz.

Hondamendi hauexek izendatu dituzue: Urtuella (Explosivos Riotito eta eskolaren leherketa), Bilbo (uholdeak, Harrisbourg (istripu nuklearra), Txernobil (istripu nuklearra), Tenerife (Los Rodeos), Oiz mendia (hegazkina), Galdakao (autopistan ito eta kixkalitakoak), Bam (lurrikara), Mitx (urakana), Indonesia (tsunamia), Bhopal (Isuri kimikoa), Nevado del Ruiz (sumendia)…

Eyjafjallajokull sumendia

Sumendia

Honek guztiak erakusten dit, neu nabilela oker edo, bederen, ez guztiz zuzen. Nire manikeismoak ez duela izanen atarramendu onik. Zuek aipatutako hondamendi horietan guztietan pertsonak hil baitziren eta nik gogoan dudananean, ez zen hildakorik izan, uste dudanez.

Hara, Lehengo batean dokumental zoragarri bat ikusten ari nintzen France5 katean: Islandia, programatutako erupzio bat. Gaia  Eyjafjallajokull sumendiaren errautsek eragindako desastrearen kontabilitatearen moduko bat zen. Datuak ez ditut gogoan, baina eragindako kaltea itzelezkoa izan zela denok dakigu. Esaten zutenez, gutxitan bezain garestia gertatu zitzaigun desastre hura, hainbeste milaka hegaldi komertzial bertan behera utzi eta ekonomiari eta bidaiariei ezerk gutxik bezaibeste kaltetuz. Ni eta neure familia ere ukitu gintuen kalteak, nolabait. Hori bai, arrazoi duzue, ez dut uste hildakorik izan zenik. Gaitz erdi.

Eta ohartu nintzen, guztiz ahaztua neukala Eyjafjallajokull mendiarena memoriatik. Iaz gertatutakoa eta oso hurbilekoa izan arren. Eta gogoratzen nuen bakarra, izendatu ezinarekin egin genituen txiste txar haiek zirela. Egia esanda, ikusten niharduen dokumentalean bertan ere nahikoa eta gehiegi lan zuten sumendiaren izena era egokian esateko.

Halako baten, ordea, esan zuten Eyjafjallajokull sumendiaren ondoan badela beste bat eta inork ez dakiela zer ekar dezakeen bihar edo etzi, baina bada esaten duenik Eyjafjallajokullek eragindakoa baino hondamendi askoz handiagoa piztu dezakeela. Laba eta hauts askozaz gehiago botako duela bigarren honek. Izena oso zaratatsu eta ikusgarria dauka, gainera, KATLA. Ez esan ederra ez denik. Izena.

Eta horixe nire galdera, nahiz eta dakidan, seguru asko, hildakorik egon ez zelako utzi duzuela aipatu gabe Eyjafjallajokullen hondamendia: Islandian iaz erotu gintuen sumendia deitzen den bezala deitu ordez, Katla deitu izan balitz, ahaztuta edukiko zenuten?

Lepoa jokatuko nuke ezetz, hain ahazturik ez, behintzat. Izen batzuk geratzekoak baitira eta beste batzuk, ostera, —aire txiki bat bailiran— ihesi joatekoak.

Beste modu batera esanda, Eyjafjallajokull deitu ordez, Katla izan balitz, zeure zerrendan egongo zela.

Uste zoro baten intuizioa

Martxoa 20, 2011 | Egilea: konatxe

Ez naiz ausartzen esatera teoria bat izan daitekeenik, baina —snob guztiek dioten moduan—,  intuizio bat badaukat behintzat. Nire ustez, hitz edo izen baten hotsak eta formak, izugarri markatzen du memoria.  Uste dut, izena oroitzen ez badugu, gertaera edo pertsona ahaztu egiten ditugula. Esperimentu txiki bat hasi nahi nuke hemen, horren guztiaren frogatzeko. Eta zeu behar zaitut horretarako.

lagunduuuuu!

Istorio osoa irakurri »

Haizetearen ostetik, belarte

Urria 6, 2010 | Egilea: konatxe

cc-by-sa Konatxe

Ez zen txantxetakoa izan herenegun harrotu zen haizea. Hendaia honetan bederen, hegan ikusi ditugu udak utzitako sonbrilla alferrak, surf taularen bat edo beste, eta adarrak, arbolen adarrak, nahi adinak. Ikusi dugu zortzi metroko esloradun ontzia arroketan igota, karramarroa bailitzan, haizeak hondo-harritik txikotak eta kateak eten eta haraxe eramanda. Gogoz kontra.

Itsasoa ibili da zakar eta oraindik ere halaxe dago, uhin barea ibili ohi zen lekuan, aparrez zuri. Kaioak zorabiaturik dabiltza koadrila zarataritan bilduta udazken hastapen honetan.

Ikusgarria, halaber hondartza nola geratzen den gorri itsasoak ekarritako belarrarekin. Atzo arratsaldekoak dira argazkiak. Eta dakidan arren txiste errazegia dela, esatera noa: haizetearen ondotik, belarte.

cc-by-sa Konatxe

Halopi legea eta piratak

Martxoa 10, 2009 | Egilea: konatxe

pirataEderra zalaparta gaur dabilena Frantzia aldean: Asanblea Nazionalean, Halopi legea aztertzen ari dira, P2P sistemen trukaketak sortzen dituen ondoezak ekidin nahian. Edo.

Gauzak horrela, hamaikatxo elkarte eta jende hasi da protestaka. Horietako batzuk Piraten sarean bildu dira, eta harro daude: Ni pirata naiz, diote. Eta ez dira horretan geratzen, Askatasun digitalaren aldeko paktua sinatzea eskatzen dute. Ez da giro!

(Eta ni ixilik, gai hau ez baitaukat zeharo argi: ez dut sinesten Sarkozyk egileak babestu nahian dabilenik. Horretarako badira bide hobeak errepresioa baino. Deskarga pirata bakoitzean zenbat “kentzen” zaio sortzaileari? Zenbat industriako multinazional handiei? Esango nuke, kulturaren eta espektakuluen industriak hedapen eta kobratze bide berriak asmatzen ez dituen arte, kalapita hortxe egongo dela, erretenean  sartzen ez baitago erraza egungo  aukera digitala. Ala ez?)

Facebook ez da alferrikakoa

Otsaila 24, 2009 | Egilea: konatxe

20080103fannygamelin

Batzuentzat ez, behintzat. Inoiz edo behin idatzi dugu hemen, ez diogula beste munduko zentzurik ikusten Facebook ditxosozkoari, eguna pasatzen duzula lagunen lagunen lagun izan nahi ote duzun ala ez erabakitzen. Ezer gutxi bestelakorik.

Horregatik gertatu zait pozgarri rue89 albistari digitalean aurkitu dudan albiste bat. Bertan esaten denez, Fanny Gamelin izeneko 23ko neska batek, 200.000 euro bildu ditu bere aita zenaren astilleroko langileei otsaileko soldata ordaindu ahal izateko. Antza, bere buruaz beste egin zuen aitak, arazoak ezin konpondurik.

86k langilek soldata jasoko dute hilabete honetan eta ez da lorpen makala musutruk lortu izana. Frantsesez ulertzen baduzu, hemen duzu kronika.