Politikaz edo atalaren artxiboa

Hasiera orria

Otsaila 12, 2008 | Egilea: konatxe

Otsailaren 20an, zeure ordenadorearen lehen orri bihur ezazu beheko irudia 24 orduz. Bost urte beteko dira egun horretan EUSKALDUNON EGUNKARIA itxi zigutenetik. Zabaldu mezua, otoi.

hasierako-pantaila.gif

No time for love in the basque country

Otsaila 12, 2008 | Egilea: konatxe

The is no time for love in the basque country, please extend the solidarity
Ez dago maitasunerako aukerarik Euskal Herrian, zabaldu elkartasuna
No hay tiempo para el amor en el Pais Vasco, extiende la solidaridad.

Il n’y a pas du temps pour l’amour, au Pays Basque, s’il te plait, propage la solidarité.

notimeforlove.jpg

Biktima berriak

Otsaila 11, 2008 | Egilea: konatxe

images3.jpg

Zer egingo ote dute Eusko Jaurlaritzako hainbeste profesionalek —biktimen laguntzarako dauden horietakoek—, hainbeste biktima berriri laguntzeko? Ala ez ote dira biktima, besteak beste, aurten kartzelaratu dituzten 110 horiek? Denak ezetz, esango du baten batek, ez direla denak biktimak. Eta nik baietz esango dut, euretako asko biktima huts direla, demokrazia ez den beste zerbaiten biktima zuzen-zuzenak. Beraz, nahi izatekotan, badute galtzak bete lan. Baina baietz oso zaila egin, dauden lekutik, Legea eta Justizia bereizten. Ezetz asmatu.

Agur eta adio

Otsaila 9, 2008 | Egilea: konatxe

images2.jpg
Ez nuke asmatuko esaten zehazki zenbat izan diren, baina, kalkulu batean, 500etik gora zutabe idatziko nituen leku honetan bertan. Izan ere, El Mundo del País Vasco sortu zenetik bainago hemen, asteroko sermoia ematen. Eta badira dozena bat urtetik gora.
Oroitzen naiz gazteagoak ginela orduan, oh tempora, oh mores, eta ez ginela orain garen honen modukoak. El Mundo ere beste bat zen orduan, gaurkoarekin zerikusi handiegirik ez zuena. GAL auzian egindako joko erabakigarritik zetorren eta ematen zuen alfonbra berri bat jarri behar ziola egiak kontatzeko langintzari. Berritzailea zen orduan El Mundo, eta berritasun horretan kutsaturik hasi ginen geu hemen idazten: Mariano Ferrer, Javier Ortiz… Halako maisuekin erraza zen bidean eroso ibiltzea.
Handik hona zeuok zarete testigu, El Mundoren lerro editorialean eta nire zutabean esaten zirenak guztiz izan direla kontrajarriak. El Mundok A esaten bazuen, nik B esaten nuen, edota Z. Horregatik egon naiz tentatua, dozena erdi bat bider, leku honetan idazteari utzi eta zutabegintza antzarak ferratzera bidaltzeko. Baina, egia, inon ez dut aurkitu zutabe hau egiteko izan dudan askatasun eta errespeturik. Sekula ez zait ezer leporatu edo gaitzetsi etxe honetan, eta eduki izan dute aukera, bai horixe. Mila bider haserretu naiz komunikabide honen titular eta editorialekin, baina neure lanari dagokionean, zin dagit ez dudala ezagutu berdinik. Eta paper ofizialetan esaten den bezala, behar den unean indar izan dezan, halaxe sinatzen dut gaur eta hemen.
Baina iritsi da partitzeko tenorea: hauxe duzu azkena, irakurle. Zutaberik gabetan, orain psikiatra bat bilatu beharko dut nire abade konplexu honek okerragora egin ez dezan. Egia da zutabe bat astero idaztea, ez dela berez lan zaila. Baina egia da, halaber, buruan leku asko hartzen duela. Ordu erdi batean konpontzen ahal den idazte lana egin ahal izateko, pare bat egunetako ezinegona bizi behar duzu zeure baitan lehenbizi:  zer esan asmatzeko eta nola esan asmatzeko.
Amaitu zaizkit lan horiek guztiak eta libreago biziko naiz orain, hegoak arinago astinduz. Gainera, zuk ere ez duzu gauza handirik galduko ezen nik egin ditudan zutabeak fortuna gutxikoak izan dira gehienetan. Esango nuke funtzio sanitario bat ederki bete dutela nirekin, baina hortik aurrera ezer gutxi: egin ditudan pronostiko ia gehienak ez dira sekula bete, eta hemen kontatu diren nire obsesioek, beren lekuan segitzen dute obsesiboki. Ez dut inoren bizitzarik konpondu, ez dut mundurik salbatu… Irakurri ere ez dakit baten batek irakurriko ote zituen neuk idatzitakoak. Baina pozik noa hemendik. Ez pentsa malkoak ditudanik begietan behera letra hauek idazteko unean. Bai zera!
Ongi hezitakoarena da, ordea, eskerrak ematea, eta horixe baizik ez dut nahi gaur: eskerrik asko El Mundo del País Vasco honetako kideei, eta eskerrik asko zeuri, baldin eta gaur baino lehen, inoiz edo behin leiho honetara hurbildu baldin bazara.
Hasier Etxeberria. El Mundo. 080209

Hendaian nago xoraturikan…

Otsaila 6, 2008 | Egilea: konatxe

images1.jpg
Iparraldeko ikastolan haurrak ditugun gurasooi, makina bat bider eskatzen zaigu —geure diru-kuota ordaintzeaz gain—, lan hau eta beste hura egiteko “euskararen kausaren izenean”. Eta hala ikusiko gaituzu kalean maiatzeko liliak saltzen, zozketetarako txartelak edota Herri Urratseko tabernan Ricardak zerbitzatzen. Horiez gain, beste hamaika halako ere bai. Baina egia, lan horietan hainbeste gurasok galtzen dugun indarra beste nolabait “benetan” dirua ateratzen emango bagenu, honez gero Seaskak ez leukake arazo ekonomikorik. Hori esaten baduzu, ordea —helburua dirua ateratzea bada lan emankorragoak badirela—, esango dizute ez dela diruagatik bakarrik, dirua ez dela ia batere ateratzen baina “euskal giroa” sortzeko ere egiten dela hori guztia. Eta halaxe ikusiko gaituzu “baserritar jantzita” noiznahi, ezinezko jatortasun baten bila, taloak Peio eta Pantxoaren musika gogaikarripean saltzen. Etorri, bestela, larunbat arratsalde honetan bertan hori egiaztatzera Portu Zaharrera. Eta hala, hemen euskara beti lotzen zaio joandako garaiari, arkadia ezinezko bati, folklore kitsch bati. Eta nik diot: horretarako behar al da hainbeste neke? Iritsiko ote da eguna euskara Iparraldean, txapelari, folklore zatarrari eta abarrari lotu ordez, surfari, berrikuntzari eta Nasako koheteei lotuko zaiena? Iritsiko ote da eguna erresistentziako gai baino, etorkizuneko tresna erakargarri egingo duguna? Zein funts du honek guzti honek? Zertarako segitu erosioa apur bat geldotzearen itxurak egiten?

Tomatea

Otsaila 2, 2008 | Egilea: konatxe

images4.jpg
Ene buruari galdetzen diot zer egingo duten hemendik aurrera nire izebek Tomate telesaioa gabe. Asmatuko ote duten bizitzen hango gorabeherak hitzetik hortzera erabili gabe. Zertaz hitz egingo dute Pantojaren patuaren albiste izan gabetan? Nork aseko ditu haien jakin-gosea eta bizipoza?
Baina ez nire izebak bakarrik. Antza, Espainia guztian eta Hego Euskal Herrian ere bai, milaka izango dira zurtz geratuko direnak. Izan ere, audientzia handiak izan ditu saio horrek jaio zenetik, baina handienak geure artean. Hainbeste Guggenheim eta hainbeste Tabacalera, to Tomatea.
Geuk kasu handiegirik egin ez diogun arren, saio hori askotan izan ei da egun guztiko saiorik ikusiena, eta siestako lozorroan egokitu zaigu noizbait hango kontakizunekin auzo lotsa pasatzea. Han gertatu zen gauza bat, apuntatu egin nuen neure libretatxoan, beraz, sofako siesta bertan behera zapuztu zitzaidan boligrafo bila jaiki beharrarekin.
Kontua da, Tomate saioko bi aurkezleek, joan zen urteko Urriaren 3an (gauzak apuntatzearen onurak!), paso eman ziotela Marbellako klinika baten aurrean zegoen kazetaria-edo zen norbaiti. Antza, egun haietan Julián Muñoz, Marbellako alkate ohia, zen albiste nagusi saio hartan eta haren osasunaren berri jakin nahi zuten. Konexioa egiteko orduan, honela esan zion hitzez hitz estudioko aurkezleak, kanpoan zegoenari: “¿Cómo has visto tú, que ni siquiera has estado con él, a Julián Muñoz?”. Eta ondoren, kazetaria-edo zen beste emakumeak kronika luze eta oso bat bota zuen omenka.
Egia, ezin izan nion kasu handiegirik egin, harrapatuta eta katramilatuta geratu bainintzen estudioko aurkezlearen hitzekin: “¿Cómo has visto tú, que ni siquiera has estado con él, a Julián Muñoz?”. Ene ustez, galdera egiteko modu horretan laburbiltzen da hobekien Tomate delakoaren (eta beste saio askoren) esentzia. Ezen esan gabe baitoa arrakastaren funtsa: “kontaiguzu ezer ez dakizun horrek, gauzak nola diren egiazki”. MacLuhan eta Sokrates bera harri eta zur uzteko moduko esaldi antologikoa begitandu zitzaidan.
Lehengo astean ere, Tomaten ez, baina kate horretako lehiaketa batean, honakoa entzun nuen. Bigarren letra A duten animalia izenen bila ari ziren: Pato, vaca, ganso eta horrelakoak. Diru mordoa zegoen jokoan eta halako batean, emakume batek “pájaro” esan zuen telefontik. Aurkezleak, penaturik, honela erantzun zion: “Pájaro no es un animal, es un ave”. Eta  eten egin zioten telefonokoari dirua irabazteko aukera.
André Breton berari ere ederki kostako zitzaiokeen tamaina horretako surrealismorik lortzen. Batzuetan, diamantezko pitxiak doan erortzen dira pantailatik salako alfonbraren gainera. Dena urre eta dirdir.
Lasai egoteko esango diet izebei, programatzaile eta exekutibo bikainak dituela gaur egungo telebistak. Apustu egingo diet, gainera, nahi baldin badute: azkar baino lehen,  baietz ikusi Tomate baino are okerragorik.

Hasier Etxeberria. 080202. El Mundo.

Entzungor

Urtarrila 27, 2008 | Egilea: konatxe

screen-capture1.pngscreen-capture-1.pngscreen-capture-2.png

Adierazgarria da: ez El Mundok, ez El Paísek eta ez ABCk, ez dakarte atzo Bilbon izan zen manifestapenaren albisterik euren edizio digitalaren azaletan. Público eta La Vanguardiak bai, ostera. Zer ote dute hiru horiek milaka pertsona bildu eta Lehendakaria tartean zela egindako manifestazioa ez aipatzeko? Bestetan, kutxazain bat erretzea albiste izaten dute lehen orri horretan. Oharkabean igaroko ote zitzaien ala, aitzitik, oso neurturik hartu dute erabakia?

Harrapazakn!

Urtarrila 19, 2008 | Egilea: konatxe

medallas-253×190.JPG

Bai, harrapazank Diario Pastok dakarren notiziya, Lourdes Oñederrari, besteak beste, Medalla al Mérito Ciudadano saria ematea dela eta, Donostiarrentzat egun haundiyen bezperan. Ikaragarriya, alde guztietatik begiratuta:
Lourdes Oñederra es doctora en Filología Vasca, licenciada en Filología Hispánica y miembro de Euskaltzaindia a publicado “Eta emakumeari sugeak esan zion” y “Ehun Metro” y ha colaborado en diversas publicaciones literarias y de prensa. La filóloga vasca dedicó su medalla a “la memoria de todas las personas asesinadas por el terrorismo”, en especial, “al que ha puesto la firma del pueblo vasco”.

Arraiyua, iruditzen nau hau bai dela calité izugarriya duen notiziya.

Ezinezko maitasunak

Urtarrila 15, 2008 | Egilea: konatxe

images1.jpeg
Bai, badakit testuinguruan jarri behar dela, politika ez dela inuzenteen abildadea eta hori guztia, baina, azken finean, Marian Beitialarrangoitiak Iruñean botatakoa, amodio aitorpen bat baizik ez zen izan, kontu intimo baten aitortza.:“Igor Portu, Mattin Sarasola eta gartzeletan sakabanatuta zaudeten preso guztiak, MAITE ZAITUZTEGU!”. Horixe esan zuena, horixe irratiz entzun niona. Eta gogorrena: neuk ere maite ditut. Guzti-guztiak ez badira ere, bai ia denak. Eurek akabatu zituztenak maite nituen bezala. Hauek ere guzti-guztiak ez, baina bai ia denak.

Txiste zaharrak

Urtarrila 12, 2008 | Egilea: konatxe

 images.jpeg
Bai, azken gertakizunen karietara, belaunaldi gazteenek ezagutzen ez dituzten txiste zahar haiek berreskuratu beharrean aurkitzen gara gaurko egunean. Akordatzen zarete?: Zeintzuk dira munduan pertsonarik altuenak?, galdetzen zuen txistezale batek. Zeintzuk dira munduan batusiak ere baino altuago?, errepikatzen zuen gero. Eta denok geratzen ginen isilik zozo aurpegia jarrita, zer erantzun asmatu ezinda, galdera egileak berak eman arte arrapostua: Euskaldunak!
Automatikoki galdetzen genuen orduan, zozo aurpegiari eutsiz: Zergatik euskaldunak? Eta txistea kontatzen ari zen listoak erantzuten zuen: Guardia Zibilak tiroak airera bota eta euskaldunen bihotzetan jotzen dutelako. Ahhh!, egiten genuen gero, trajedia bati irri egin edo ez egin erabaki bitartean.
Txiste mingotsak ziren haiek, bidean asasinatutako jendearen albiste ematen zigutenak. Izan ere, garai hartan, manifestazioak zirela eta, Guardia Zibilak beti egiten zuen tiro airera, bertsio ofizialaren arabera, baina herritar euskaldunak geratzen ziren espaloietan hilda. Hortik txistea.
Bai, badirudi Lupiañez, Portu eta Sarasolari gertatutakoarekin ere txisteak egin nahi dizkigutela, auzoan eta etxean torturatutakorik ezagutu izan ez bagenu bezala, tortura lazgarrienen artean hil zuten Joseba Arregi ahazturik bageneuka bezala, Anparo Aranoa edo Unai Romanoren argazkiak sekula ikusi ez bagenitu bezala, Amnistía Internationalen txostenetan begiak sekula nekatu ez bagenitu bezala, Torturaren Aurkako Taldearen urteroko balantzeek sekula elektrokutatu ez bagintuzte bezala…
Larriena, hala ere, ez da Rubalcaba eta Zapateroren estatu konplizitate jasanezin hori, sozialista eta bestelakoen mutukeria, Demokratikoa deitzen den estatu horren itxurakeria. Ez eta nazioartean albisteak ukan duen oihartzun urria. Norberak jakingo du zein koloretakoak dituen tripak. Baina, badira gauza eta kontu okerragoak askozaz ere. Sar zaitez Espainiako edozein egunkariren interneteko orrietan eta ikusiko duzu hango iruzkin edo komentarioetan zer pentsatzen duen Espainiako populuak. Izutuko zara, abailduko zara, eta nahiko zenuke ez izatea planeta honetako: tortura asumituta dago, baldin eta ETAren aurka baldin bada. Motz geratzen da Bush eta bere Abu Grahib partikularra. Izan ere geuk ere, munduko herri altuena den honek ere, irentsi dugu egunero Guantanamokoa, aldaketa klimatikoaren antzeko zerbait bailitzan, ezin dugula ezer egin bere aurka eta merkromina eta tirita bat eta beste bat jartzen dugu egunez egun hura benetan existitzen dela jakiteak egiten digun pupuaren gainean.
Alabaina, orain ez gaude Kariben. Geuri egin digute bidegabekeria. Eta geuri dagokigu izugarrikeriaren aurkako borroka, geure herritarren defentsa, geure seme eta alaben bermea. Kosta ahala kosta. Oraingoan ez digu balio izango ostrukarenak.
Hasier Etxeberria. El Mundo. 080112

Hatza zaurian

Urtarrila 9, 2008 | Egilea: konatxe

images2.jpg
Jakingo duzue honez gero, baina, ohi duen eran, hatza zaurian jarri eta eztabaida sekulakoa abiarazi du Koldo Izagirrek bazka.info sareko aldizkarian. Xabier Silveirak eta Mariasun Landak euren liburuak gaztelaniaz idatzi izana hartu du kontutan horretarako eta, esango nuke, Euskadi Sariena amatatu zenetik, hauxe dela eztabaidarik sentituena euskal letragileon artean. Hura baino funtsezkoago hau, gainera.

Titular bat

Urtarrila 5, 2008 | Egilea: konatxe

porta189.jpg

Gaurko Gara-ren titularra ikusgarria da oso: “No tenemos la menor duda de que una amplia mayoría de la sociedad vasca comparte el proyecto del Estado de Euskal Herria”. ETAko ordezkarien hitzak ei dira.

Alde askotatik azter liteke titular hau. Esaterako, “No tenemos la menor duda” esatea, izan liteke guztiz kontrakoaren sintoma psikologiko bat, zalantza badaezpadako batena, eta horregatik indartzen direla hitzak: nola eduki dezake batek hain garbi neurtu gabe dagoen kontu bat? Eta, gainera, hala balitz ere, alegia, euskal herritar gehienok euskal estatua nahi dugula egia izanda ere, hainbestekoa ote da aukera bateko eta bestekoen arteko aldea? “Amplia mayoría” hori hain segurra dela nola dakite?

Kontu kezkagarriena, hala ere, legitimazioarena da, ematen baitu balio absoluto bat dela “Amplia mayoría” hori. Gehiengoak hori nahi duelako, eta estatuek ez dutelako bideratzen uzten, ETAk zilegitasuna daukala ekinbiderako. Azken finean, ETAk ere, estatuek eurek erabiltzen duten arrazonamendu bera darabil “Mayoría” horretara jotzen duenean. Agian horrela beharko du, gainera, “Mayoría”k beharko du izan gure bizitza eta aukeren kategorizazioa arautzen duena. Ez dakit.

Kontua da, “Mayoría” hori balio nagusi ezinbestekoa dela sinesten duenak, gauza eta kontu guztietarako arau gisa erabili beharko lukeela. Ez duela balio norberaren ustearen alde denean bakarrik erabiltzea. Ez dela zuzena, ez dela etikoa. ETAk badaki, batere zalntzarik gabe eta aspalditik jakin ere —Bidarteko atxiloketak baino lehenagotik—, euskal gizartearen “Amplia mayoría” batek —oso “amplia” esango nuke, gainera—, bere desagerpena nahi duela. Areago, ETAk bezala, euskal burujabetza nahi dugunon “Amplia mayoría” batek ere, haren ekinbidea bertan behera geratzea nahi dugula, batez ere, partekatzen dugun helburuaren lorpenerako traba nagusienetakoa bera delako.

Beraz, alde bateko arrazonamendurako balio badu, besterako ere balio beza.

Uzta arraroa

Urtarrila 5, 2008 | Egilea: konatxe

images.jpg
Buruz ari naiz, ezer begiratu gabe, baina, bai, euskal literaturari dagokionean, iazkoa uzta arraroa izan zela esan daiteke. Alde askotatik begiratuta, gainera. Alde batetik zurtz xamarrak sentitu baikara Atxaga eta Sarrionandiaren lanik gabe Durangon, nahiz eta, beste alde batetik, bi liburu batera argitaratu dituzten idazleak ere agertu diren bazterretatik. Horietako bi dira —dena binaka egite aldera—, Asier Serrano eta Felipe Juaristi.
Are bitxiagoa Mariasun Landak egin duena autobiografiari ekin dion honetan: gaztelaniaz idatzi, euskarara beste bati itzularazi eta biak batera plazaratu. Sekula halakorik ez gurean. Nik dakidala.
Nobelak ere dezente argitaratu dira, baina ez du inork erakutsi mugarri sekulakorik. Gehienak nobela laburren tankerakoak izan dira, zuzenak, egokiak, denbora ederki pasatzeko modukoak, heldutasun nolabaiteko bat erakusten dutenak… Esan nahi baita,  jada ez duela inork gaizki idazten, ez, behintzat, iraganean ezagutu ditugun aberrazio horietakoak egiteko beste. Aipatu behar, nola ez, bai Andu Lertxundik eta bai Jokin Muñozek, nobela lodikoteak in stricto sensu idatzi dituztela. Esan nahi baita, bai lehenengoaren Ihes betea eta bai bigarrenaren Antzararen bidea, sekula baino nobelagoak gertatu direla. Kasurik nabarmenena Andurena, esperimentazioan hainbesteko bidea egin ondoren, hain ohikoa duen bere erregistro aldaketa batekin harritu gaitu, forma aldetik zuzena den lan bat eskaintzeko.
Poesian ondo xamar ibili gara, zenbait egile gazteri leku eginez, baina ezer nabarmentzekotan, Jose Luis Otamendiren Erlojuen mekanika hortxe dago, hainbeste urtean itxaroten egoteagatik, hutsik egiten ez duena. Otamendirengan dauka gaur, besteak beste, Lasa, Lete, Artze eta enparauen ahotsak jarraipena.
Agian, ordea, argitaratu diren liburuetan baino, argitaratu ez direnetan egon da koska aurten. Eta bi izen aipatzen jarraitzeko, Saizarbitoriaren  nobela ez da iritsi, ohiturik gauzkan bere estilo zalantzatiaren kausaz seguru asko, eta ez eta ere Kirmen Uribek aspalditik esku artean duen hori. Lepoa jokatuko nuke, gainera, ondarrutarrarena baino lehen bistaratuko zaizkigula Aranbarrirenen bat eta Canoren besteren bat. Egia esan, itxaropen literario handiak jartzen dizkiot 2008 hasi berri honetako uztari.
Ezin ahaztu, halaber, bi kontu paralelo baina ez pisu gutxikoak hala ere. Bata da, Utikan manifestua, Euskadi Sariak dantzan jarriz batera, idazleen ezinegon bat erakutsi duena. Baina nik diot: noiz izan dira sariak ematen dituena bera ohoretzeko trikimailua baino? Eta, bigarrenez, Durangoko Azokari egin zaizkion kritika zorrotzak, euskal literaturari emandako liburuak gero eta baztertzenago dituela eta. Bere haurrak irensten dituen Jainko bat dela Durangokoa, alegia.
Eta honetan eta hartan joan zaigu urtea, halako uzta arraro batekin, gero eta normalagoak garela erakutsiz.
Hasier Etxeberria. El Mundo. 080105

Haltzaren hezurrari buruz

Abendua 29, 2007 | Egilea: konatxe

 images1.jpeg
Nire lekukotzak ez du fitsik balio, hori badakit, baina zutabe honen irakurle bazara, badakizu aspalditik, zutabegile hau artista dela hanka sartzen, nahiz eta ez izan intentzio txarrekoa. Seguru asko, orri honetan egin izan ditudan analisi politikoetatik, hamarretik hamarrek egin dute kale. Hutsaren hurrengoa, beraz, nire iritzia.
Alabaina, jabetuko zinen, honez gero, ez naizela ez gezurtia eta ez gaizkile bat ere. Lotsagabe eta arduragabe xamarra, agian, baina kalterik ez diodala inori opa, ez eta arerioari ere. , nahiz eta, askotan, arerio politikoarekin txakurrentzako jana egingo nukeen, pikatzeko makinatik pasatu ostean. Ez gara orain ebidentziak ukatzen hasiko.
Baina, nioen bezala, ez du nire lekukotasunak fitsik balio. Ez nireak, ez zureak, ez beste hainbatenak, erabakiak aurretik hartuak baitaude, arrazoiarekin eta, batez ere, Justiziarekin bat ere zerikusirik eduki ez arren. Bestela ez zen 18/98 auzian ikusi duguna gertatuko.
Ni neu naiz testigu, sumario horretan zigortutako asko eta asko, ETAren akabera bideratzeko eskakizunetan izan ditugula kide. Alferrik izango da esatea, neuk ezagutu izan ditudan zigortuetako guztiak nabarmendu izan direla euren jarduera zintzoagatik, giza eskubideen errespetu erabatekoagatik. Eta hain juxtu, eurek giza eskubideez egiten duten irakurketaren ondorio baizik ez dela izan erakutsi duten militantzia eta konpromisoa: berdintasunaren alde, ekologiaren alde, herrien eskubideen alde… Jarduera politikoan inor bada hemen eredugarririk, euren artean aurkitu izan ditut nik adibideak, hain juxtu.
Orain kartzelan daude logika zintzo guztien aurka. Audientzia Nazionalak hartu dituen erabakiak, ezin eramateko modukoak dira gizarte aurreratu batean. Sententzian esaten direnak, zigorren alde daudenek ere jartzen dituzte kolokan, inkontzienteki izan arren. Begira, bestela, zer idatzi duen Indarkeriaren Psikologia Institutuko Zuzendari den Andrés Montero jaunak: “El sumario 18/98 supone tal avance del Estado de Derecho en su concepción del terrorismo que ni siquiera los ponentes de la sentencia ni el aparatro legislativo han alcanzado todavía la pericia jurídica para dar toda la elegancia matemática que se requiere en un sistema garantista”.
Alegia, hartu diren erabakiak hartzeko, ez direla gauzak behar beste arrazoitu eta frogatu, ez dela egon horretarako beharrik batere. Frogarik gabe ere zigor dezakezula norbait zeuk nahi beste urte kartzelan pasatzera, etc. etc.
Eta bitxia egin zait, aipamen horretan guztian, hainbeste hitz eroren artean, zer egin zaidan nabarmen: “todavía” hitza izan da. Esanez bezala, egoteko prest, hau bezalako zutabe bat idatzi ezkero, ETAkoa izategatik kartzelara eraman zaitzaketela, hamar, hamabost edo hogei urterako. Faxismoaren bidegabekeriak, borreroak bezala, baditu milaka aurpegi. Eta denak zatarrak, oso zatarrak. Bai horixe.

Hasier Etxeberria. El Mundo. 071229

Pupua eta trapua.

Abendua 22, 2007 | Egilea: konatxe

Guztiz kontu ezberdinak dira Pupua eta Trapua, bi kontzeptu guztiz kontrako, baina askotan ez ditugunak bereizten. Pupuan trapua gauza bat da eta beste bat, oso bestelakoa, trapuan pupua.
Esate baterako, nire bizitzako azken bi egunetan, sei ordu baino gehiago joan zaizkit alferrik galduta autopista, errepide eta polizia kontroletan harrapaturik. Ez atzera eta ez aurrera, hantxe preso, minutu bat eta beste bat nola alferrik galtzen ziren sentitzen, bizitza honetan denbora urrea dela jakinik. Amorrua, asperdura eta higuina, min bihurtzeraino joaten dira hazten eta hazten halakoetan. Madarikatzen dituzu arduradun publiko ganoragabeko denak, herriko alkatetik hasi eta Bush arterainoko guztiak. Baina samin hori ez da, benetan, pupua. Samin hori trapua baizik ez da. Trapuan pupua, beraz.
Duela pare bat aste ere, Salamancako herria atera zen kalera, zaborra eta uraren zergak igotzearen kausaz. Nazkatuta daude, antza, eta jada ezin dute gehiago. Hamabost mila lagun bildu ziren protestatzeko eta euren ezinegon eta samina erakusteko. Hura ere ez zen, ordea, benetako pupua. Hura ere trapua zen. Trapuan, pupua, alegia.
Eta zergatik aipatzen dut Salmanca? Ba, erraza da: une eta ordu berean, Bilboko kaleetan beste manifestazio bat egin zelako 18/98 afera dela eta. Manifestazio bietan, Salamancakoan eta Bilbokoan, jende kopuru berdina ibili zen kaleetan protestaka, hamabost mila, nahiz eta arazoak guztiz ezberdinak izan. Zer izan ote zen Bilbokoa? Salamancako trapua ala benetako pupua?
Orain Ibarretxe Lehendakariak dio ezingo duela protestetara joan 18/98ko bidegabekeria salatzera. Antza, gehiegikeriak entzutea egokitzen zaio horretan saiatzen den bakoitzean. Ondo egiten du, formak zaindu behar direla eskatzea dagokio berari. Baina zer ote da Ibarretxerena, pupua ala trapua?
Nago Ibarretxeri min handiagoa egiten diola bere auziperatzeak 18/98 bidegabekeriak baino. Segurua da Epaitegira eramango duten egunean, pupuan trapua jartzen laguntzera joango zaizkiola bere kideak eta herritar ugari, ez baita onartzekoa gertatzen ari zaiona. Baina, benetan, zer ote da bere pupua txiki hori, 18/98 sententziarekin alderatuta? Ohartzen al da benetako pupua zein den?
Ibarretxe ez da inor, ez da ezer, bere zaintzapeko herritarrak gordetzeko orduan. Ez dauka tresnarik, ez eta ere aginterik. Hutsaren hurrengoa gertatzen ari da zeregin horretan. Horixe behar luke sentitu benetako pupua, ez baita aski gauzak gaizki daudela esatea eta bere horretan geratzea, ezer ezin dela egin aitortuz. Nork dezake berak ere ezin badu?
Ibarretxek benetako pupuari trapua jartzen asmatu beharko luke, kosta ahala kosta, faxismo eroari bideak ixten, bere herritar atxilotuak defendatzen eta gehiegikeriaren aitzinean populua pizten. Bestela zertarako da Lehendakari, behar denean pupuan trapua izateko gai ere ez bada?
Hasier Etxeberria. El Mundo. 071222


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5