
Oraiko sarrera honekin badakit zuetako erdia baino gehiago, gutxienez, haserretu egingo zaretela nirekin, ez baitago leku handiegirik gauzak ñabarduraz agertzeko. Soka luzea ekarriko dit honek, gainera. Baina nago, honako konstatazioa esateko, ematutua eta potroak behar direla, biak batera: Oraindik ez zaio emakume artista bakar bati ere aitortu mugimendu edo korronte artistiko baten aitzindari izatea eta jarraitzaileak edukitzea. Ez dut uste Lourdes Méndez, artearen antropologoa ezagutzen dudanik, baina horko esaldi hori, Artearen Historia osoa hankazgoratzeko gai balitz bezala erabiltzea ez zait begitantzen zilegi. Ez dut nik ukatuko emakumea ez denik egon bazterturik plastikaren historian (eta literaturan, eta beste hainbat alorretan), eta eginahalak egin behar direla horri aurre egiteko, baina oraintxe daukat ene aparatu sexuala gainezka (ene kasuan —operatu artean, bederen—, koskabiloetaraino esan nahi da, baten bati txarto iruditu arren), halako eta antzeko kontuekin. Oroitzen naiz behin bost idazleri buruzko liburu bat idatzi nuela. Irakurlea naiz eta neure gustu xumeak nahi nituen adierazi, ez besterik. Berehala etorri zitzaizkidan bi idazle (eme) esanez bost haien artean ez zegoela emakumerik. Eta ez zegoen, egia da hori. Ez zegoen ez eta ere Iparraldekorik, Nafarroakorik, Arabakorik, herrenik, anteojodunik, beltzik eta, nik dakidala, transexualik. Egia da bostak zirela gizonezko —itxura batean, behintzat—, nahiz eta ez nituen gizon zirelako hautatu. (Mea culpa, irakurlearen egiari men egin eta politikoki ez zuzena izategatik). Hala ba, nahi gabetan eman nion aukera lan sexista egin zezan plagiatzaile (eme) dorpe bati, haren liburuan agertzen direnak bai baitaude denak bertan emakume direlako, sortzaile edo idazle on izatearen aurretik. Ikasi dut, halaber, denborarekin zu emakume-idazlea zara galdera txotxolo hori ez egiten, nahiz eta asaldatutako idazle emezko beroiek biltzen diren gero Gutiziak bezalako liburuak egiteko, edota emakume-idazleak izatearen malurei buruzko hitzaldietan gai horrexetaz hitz egin eta sos batzuk ateratzeko. Bejondeiela kontraesanaren zoriona. Gasteizko Montehermoso zentruko zuzendari Arakis ezagututa, (“Arcon zerbait balio duen artista bakarra Ana Laura Aláez da”, etc) ulertzen dut, halaber, Artea eta Feminismoaren inguruko hitzaldietan Lourdes Méndezen esanei leku egitea, baina gauza bat da egoera baten azpian egon daitezkeen arrazoi soziopolitikoak aztertzea eta bestea, oso ezberdina, ebidentzia ukatzea. Nik dakidala —eta barkatu konparaketa hain maskulinoa—, futboleko Espainiako Ligako Lehen Mailan ere, ez du inongo emakumek golik sartu sekula. Azter dezagun horren zergatia eta bidegabekeria, hala nahi baldin bada, eta jar diezaiogun erremedioa, baldin badakigu nola, baina ez dezagun uka orain arteko golak sartu dituztenak gizonezkoak izan direnik, gezurra litzateke eta. Ez ditzagun nahasi antzarak eta ferrak.