Politikaz edo atalaren artxiboa

Lau hankako gerlaria

Martxoa 24, 2009 | Egilea: konatxe

Amerikar hauek, ez direla atzean geratuko!
Boston Dynamics enpresak sortua da, Zakur Handia deitu diote, 140 kiloko zama eraman dezake munstroak bizkarrean, 6 km/orduko abiaduran nonahi ibili, 35 gradutako malkarrak igo, inguruak sensoreez arakatu… Halako batean armak jarriko dizkiote eta, damurako aukerarik ere ez du izango gaizoak.

Halopi legea eta piratak

Martxoa 10, 2009 | Egilea: konatxe

pirataEderra zalaparta gaur dabilena Frantzia aldean: Asanblea Nazionalean, Halopi legea aztertzen ari dira, P2P sistemen trukaketak sortzen dituen ondoezak ekidin nahian. Edo.

Gauzak horrela, hamaikatxo elkarte eta jende hasi da protestaka. Horietako batzuk Piraten sarean bildu dira, eta harro daude: Ni pirata naiz, diote. Eta ez dira horretan geratzen, Askatasun digitalaren aldeko paktua sinatzea eskatzen dute. Ez da giro!

(Eta ni ixilik, gai hau ez baitaukat zeharo argi: ez dut sinesten Sarkozyk egileak babestu nahian dabilenik. Horretarako badira bide hobeak errepresioa baino. Deskarga pirata bakoitzean zenbat “kentzen” zaio sortzaileari? Zenbat industriako multinazional handiei? Esango nuke, kulturaren eta espektakuluen industriak hedapen eta kobratze bide berriak asmatzen ez dituen arte, kalapita hortxe egongo dela, erretenean  sartzen ez baitago erraza egungo  aukera digitala. Ala ez?)

Bera ote?

Martxoa 5, 2009 | Egilea: konatxe

Jeltzaleen inguruko arbola batean aurkitu ei du lagun-txoritxo batek honako bideoa. Bera ote da, benetan? Gure Lehedakarigaia ere halakotan? Arraioa, egiozu klik argazkiari eta harrituko.

patxilopezcambio

Zein sinpatikoak diren!

Martxoa 4, 2009 | Egilea: konatxe

bluesbrothers1

Ez dakit zuei, baina niri askotan gertatu zait, euskara soilez erantzuten duen nire telefono erantzungailuan, irainak entzutea okerreko zenbakia markatu duen espainolen baten aldetik: Maricón!, ¿Pero qué ostias hablas?, ¿No sabes hablar en cristiano?… eta halako loreak. Irri egiten dut beti, izan ere, eurak nahasten dira zenbakia markatzerakoan eta, hala ere, niretzat gorrotoa.  Espainiak hainbeste maite eta errespetatzen duen herritar euskaldun honentzat izaten dira irainak, dakien arren, gizatasunaren arrazoia bere alde dagoela, Blues Brothers filmako protagonisten antzeratsu. Neuk nahi bezala, nahi dudan hizkuntzan, jar dezaket neure erantzungailua. Ala ez?

Interneten ere antzeko: hamaikatxo kakazahar ditut jasoak kontu berarekin. Euskararekin egiten dute topo, eta, ezin eramanik, iseka hasten dira. Ezer ulertzen ez, eta irainka, hala ere. Jatorrak dira halako espainolak (eta espainolak diot, ez frantsesekin eta ez beste inorekin, ez baitzait antzekorik gertatu, gertatzeko arriskua dagoela uste dudan arren).

Ez dakit ezagutzen duzuen, baina badut euskaraz sukaldeko errezetak eskaintzen dituen leku bat. Kontua da, gaur bertan, oraintxe bertan, horietako sinpatiko bat sartu dela bertara, guti marikon sinatzen duena,  bi iruzkin egiteko.

Iruzkinetako batean honela dio, “ssssssssssssssssssss”, eta bestean, “goxhhmcddgtxduixshfdfih”. Ezer gutxi beste batzuetakoekin alderatuta. Baina gorrotoaren soinuak dira izan niretzat bi horiek. Helbide honetatik idazten ei du: madrid@tupadre.com, eta bere urla honakoa: http://gutysoy…hijo. IPa, ostera, honakoa: IPa: 194.30.13.56.

Nik ere badakit IPak norenak/nongoak diren sarean begiratzen, baina ezin heldu Madrilgoa dela jakitetik harantzago. Haren helbide postala lortzerik baneuka —eta internetzale gazte eta trebeagoek agian lortuko duzue—, opari bat bidaliko nioke guti marikon horri, Henry Miller-ek, Estatu Batuetako telegrafo zerbitzuan zeukan nagusiari bidali zion berdina: kartoizko kaxatxo bat, begizta ederreko lokarri polit asko batekin. Eta barruan hiru klase kaka: zakurrarena, katuarena, eta neurea. Bai horixe. Zerekin identifikatua baleukake, horrela.

screen-capture1

screen-capture-1

Gobernu aukerak

Martxoa 2, 2009 | Egilea: konatxe

screen-capture

Gehiengoarekin:

1- PSE+PP+UPyD. Patxi López Lehendakari

2- PSE+PNV. Patxi Lehendakari. (Edo Ibarretxe ez den jeltzale bat).

3- PNV+PP. Ibarretxe Lehendakari. (Ezinezkoa dirudi).

4- PSE+PP+EB. Patxi Lehendakari. (Ezinezkoa dirudi).

Gutxiengoarekin:

1- PSE (PPren inbestidura botoekin). Patxi Lehendakari.

2- PNV+Aralar+EA+EB. Ibarretxe Lehendakari.

Ondorioa:

Populuaren gehiengoa abertzalea duen herria,  nacionalistek gobernatuko dute, seguruenera.

Potrorik ez, obariorik ere ez.

Otsaila 25, 2009 | Egilea: konatxe

410017723_42df87bd1f

Erabakita neukan datorren domekako hauteskundeez hitz erdirik ere ez egitea: kanpo bizi naiz, ez dut politika jarraitzen, ez dut sekula asmatzen, zer dakit nik, ez naiz inor… etc. etc. Baina hara non kanpainako gauza batek eman didan arreta, izan ere, gehienetan, entzuten ez den zarata isila baita funtsezkoena oinarrizko kontua ulertzeko. Eta hala, 1978 urteko Constitución Española delakoaren erreferendum kontuak ateratzen hasi naizen, inork ez baitit ukatuko Constitución horrek gobernatzen duela gure bizitzetan edo, bederen, Hegoaldean bizi zaretenongan. (Hemen, Iparraldean, gauzak ez daude berdin, ez eta gutxiago ere. Hemen, Grandeurraren eta Republic-aren izenean, egunero ikusten dugu gure herri eta kulturaren suntsipen etengabea. Baina beste kontu bat da hori, lau katuri baino ardura ez diguna, antza. Bego, beraz. Edo bedi). Noan harira.

Nafarroa barne sarturik, 1.914.000 hautesle ziren/ginen orduan, 1978garren urtean. Haietatik, 934.005ek erabaki zuen botua ematea. Horietatik 631.402k baietz, ona zela Constitución hura, eta 203.995k ezetz, ez zela bidezkoa. Gainera boto zuria eman zuen 5.231 lagunek eta baliogabea 13.367k. Beraz, esan liteke, baiezkoa atera zela, Hego Euskal Herriko populuak baiezkoa eman ziola gure/zuen bizimodua arautzen duen antolamendu politiko nagusiari.

Alabaina, botoa eman ez zutenak (berariaz eman nahi ez zutenak, barne), gehiago izan ziren botatzera joandakoak baino: 45.970 pertsona gehiago, 979.975 izan zirelarik guztira.

Eta nik diot, nola arraio ez du inork hitz egiten arautzen gaituen/zaituzten Lege Nagusiaz? Espainiako Konstituzioa 631.402 herritarren botoarekin irten zen aurrera gurean, 1.914.ooo hautesleren populaziotik. Horrek balio du, eta ez beste ezerk. Horrexek balditzatzen gaitu, horrexen harira dugu hitz egiten, geure proiektuak aipatzen. Botoa emateko gai zen populuaren %32,04aren borondateak gobernatzen gaitu/zaituzte gaur eta beti. Erotuta gaude, ematen du geuk egiazki egin gabeko historiak azpian zanpa gaitzala nahi dugula, eta haren araberako araudia onartu. Eta inork ez daukala potro/obariorik horretaz mintzatzen hasteko.

Nor Lehendakari? Ez dago zaila erantzuna: naturalki eta demokratikoki behar genukeena behintzat ez.

screen-capture-12

Krisiaz

Otsaila 19, 2009 | Egilea: konatxe

screen-capture1

Egizu klik argazkian eta, denbora baduzu, ikusi. Lagun batek bidali dit . Ekonomia kapitalistari buruzkoa da. Lehen zatia bakarrik ikusi dut eta dardarka nago.

(Osorik ikusi dut geroago eta baditu zientzia fikzio zertzelada fantastikoak, baina, oro har, gauza interesgarri asko ikusten (ikasten) dela, esango nuke. Egia esan bi ordu askotxo da gure abiaduran bizi denarentzat. Agia, saioan aipatzen den “etorkizuneko gizaki zoriontsuak”, edukiko du geuk ez dugun patxadarik horretarako).

Zehar eta putak

Otsaila 8, 2009 | Egilea: konatxe

1824.jpg

Askotan jarri naiz pentsatzen nork arraiok irakurtzen ote duen Artelekuk argitaratzen duen Zehar izeneko aldizkaria eta, bereziki, zein deabru klasek irakurriko dituen bertan agertzen diren artikulu zailak euskaraz. Ez eta neuk ere, baina aitor dut, saiatu saiatzen naizela eta batzuetan lortzen dudala hango artikuluren bat amaitzea. Horixe gertatu zait 64garren zenbakian, Gorputz mugak izenekoan,  datorren artikulu batekin: Itziar Ziga-ren Zergatik egiten dugu oihu putok? Posfeminismoa, pospornografia, eredu patriarkala eta halakoak ditu aztergai.

Ez naiz gauza bi hitzetan laburbiltzeko bertan esaten dena, baina zer-pentsa eman didan gauza bat bederen irakurri dut bertan:”Prostituzioa ezeztazen (debekatzen, kentzen) badugu, legez kanpo jarri behar da aldi berean ezkontza heterosexuala. Ausartuko al da inor?

Baten batek pentsa dezake boutade bat dela, baina ondorengo lerro batzuetan justifikatzen du Zigak baieztapena, bere lagun puta baten hitzetan:  Eta bete-betean sartu naiz eskola oporretan, ez dakit zein jai tipikotan, eta horrek bezeroen jaitsiera dezentekoa ekarri dit; horrek agerian uzten du iraupen luzeko eta familia-egonkortasunezko ezkontzen oinarrian familia buruaren barru-arintzeak daudela, han-hemenka egiten dituenak, izan nahi badu (”izan nahi baitu”, ulertzen dut nik) azken batean den hori: familia burua.

Eta artikuluaren amaieran, itxiera loriatsu bat: Neskatila nintzela —neskatila guztiek bezala—, aitak —aita guztiek bezala—, alferrik ezkutatzen zituen porno aldizkariak ebaska bilatzen nituen. Odol gorri koloreko besaulki baten sabel belusatuan, zain nituen Playboy aldizkariak, Punto y Horarekin batera. Ezagutu ez zetuenontzat, ongi gogoratzen banaiz, Punto y Hora laurogeiko hamarkadadko konpromiso politiko handiko aldizkaria zen. Porno aktoresen gorputz gozagarriak erremediorik gabe nahasi zitzaizkidan poliziaren tortura basatia jasan zutenen gorputz ubelduekin (Esango nuke Amparo Arangoa kasua duela buruan). Porno modeloek eta torturatuek han egon nahi zuten, eta beren gorputzen irmotasuna erakutsi, arrazoi desberdinak zirela medio. Lehenentzat lan bat zen; bigarrenentzat, salaketa premia mingarria.

Arraioa, arraioa eta arraioa!!

Matematiketan txarra

Urtarrila 12, 2009 | Egilea: konatxe

 m3-4515415-655×178.JPG

Beste argazki batzuk ere baziren, baina ikusten duzuen hauxe hautatu dut tuntunean. Zenbat kargu publiko eta bizkarzain daude bertan? 20-30? Zenbat irabazten du euretako bakoitzak, bataz beste? Zenbat balio du bakoitzaren orduak?

Beti izan nahiz txarra matematiketan, baina egingo al dit baten batek mesede argazki hau zein diru-preziotan atera zaigun esatekoa? Kontutan harturik goizeko 9tan han zirela eta eguerdira arte, ustez, ez direla euren zereginetara itzuli. (Ibarretxe ez da zenbatu behar: derrigorrez behar zuen egon).

Mertzi.

Horrela neuk ere bai!

Abendua 12, 2008 | Egilea: konatxe

defunes01.jpg

Ospetsua egin zen Angela Merkel eta Sarkozyren arteko gaizki ulertua edo, nahiago bada, ezin ulertua. Kultura desberdinetakoak izaki, batek aida! eta besteak uoo!, antza. Orain rue89.com-ek dioenez, Angela Merkelek Louis de Funes-en filmak ikusten ei ditu, Sarkozyren gauzatxoak ulertu ahal izateko. Horrela nik ere bai, no te jode!

(Gazteenok barkatuko didazue, igoal ez duzue jakingo nor zen Louis de Funes: komiko bat, Frantzian eta munduan ospetsu egin zena. Hemen duzue haren pailazotasunaren zenbait adibide. Sarkozyk baino grazia apur bat gehiago zuen, behintzat).