Letra kontuak atalaren artxiboa

Zezena, adarretatik.

Azaroa 14, 2007 | Egilea: konatxe

images6.jpg
Badirudi inork gutxik egin diola kasu honen aurreko POZA ERE MINGOTS? izeneko sarrerari. Baina gaia ez da zela halakoa. Berriro ere plazaratu nahi nuke eta, bidenabar, onurak atera. Galdera honakoa da: ZEIN HAMAR LIBURU IRAKURRITA UTZI BEHAR DU EUSKAL GAZTEAK ESKOLA?

Gehiago ere izan daitezke hamar baino —izan behar dute!—, jakina, baina saia gaitezen rankingeno 10 horiek ateratzen, gutxienez.

(Normalena eta dotoreena, lehenbizi neure proposamena argitaratzea litzateke, baina barkatu beharko didazue gaurkoan izkin egiten badiot elegantziari).

Poza ere mingots?

Azaroa 13, 2007 | Egilea: konatxe

images5.jpgimages-12.jpg

Elkar argitaletxeak, MUGETAN nire nobelaren 7.edizioa egin du: 500 ale. Horrek esan nahi du, milaka batzuk saldu direla dagoeneko (8.000?). Pozteko albistea beharko luke izan horrek egilearentzat, baina, poztu? Zertaz poztu? Liburuak 10 euro inguru balio duela uste dut, beraz, ale guztiak salduko balira, urte batzuren buruan 500 euro jasoko nituzke, hortik zergak kentzeko. Ez dago batere gaizki, pentsa lezake batek, salduko den liburu bakoitzeko euro bat irabaztea, baina irakurketa bakarraz bestekoak ere baditu gertaera honek, nik bai baitakit, “irakurle naturalak” ez direla izan liburu hori liburudendetan eskatu dutenak. Aitzitik, irakurle derrigortuak ditu erosleak, ikasle jendea, bereziki.

Jakin dakit MUGETAN ez dela klasiko izateko jaioa, maite dudan arren, abiatze eleberri bat baino ez zen izan niretzat. Handik hona, 1989tik, lau aldiz, gutxienez, gainditu dudana. Han jorratzen diren gaiak (amodiozko triangelua, euskal gatazka…), mila aldiz hobeto agertzen asmatu dute beste egile batzuek. Zer arraio dabiltza, orduan, hura irakurtzen gaurko 16-17-18 urteko gazteak? Zein irakasle alferrek edo irakaskuntza sistema baldarrek dauka gertaera honen erantzunkizuna?

Seiko urrea

Azaroa 4, 2007 | Egilea: konatxe

Eskerrik asko seiroi!

ur-apalategi.jpgvlcsnap-laura-m.jpgjosu-landa.jpg

angel-erro.jpge-gil-bera.jpgedorta-jimenez.jpg

sautrela200-goitik.jpg

Idazleak eta karramarroak

Azaroa 3, 2007 | Egilea: konatxe

   images.jpg

Gaur ospatzen dugu Sautrela, gure literatura telesaioan, berrehungarren atalera iritsi izana. Barkatuko didazue, behingoagatik, geure lanaren ingurukoak zutabe honetan aipatzea. Izan ere, mundua eta telebista dauden bezala egonda, ez baita gauza ohikoa hain luze irautea. Gainera, badirudi, beste puska baterako ere gaudela hemen, baldin eta babesle eta telebistako agintarien hitzak ez badira gertatzen ustel. Ez bedi hala izan.
1999an hasi ginen, hamahiru atal egin asmoz, eta handik hona Abiadura Handiko Trenean sartuta joan zaigu denbora. Esan nahi baita, asteroko gure telebista hitzorduaren kadentziaren arabera joan zaigula bizimodua. Gurera ekarri ditugun liburu eta idazleek markatu digutela, nolabait, existentzia.
Ez nuke asmatuko zenbat idazle ezagutu dugun asmatzen. 300? 500? 600? Auskalo. Tartean joan dira Nobel Saridunak eta nazioarteko izen handidunak, baina bereziki geure literaturari behatu diogu guk, euskaraz egiten denari, eta hala, geure idazle handi eta txikiak hurbiltzen saiatu gara geure leihotik.
Liburuak ere ehunka eta milaka izan ditugu inguruan bueltaka denbora honetan guztian, erleak balira bezala, bakoitza bere zatara berezkoarekin. Eta irakurri ditugu liburu eder askoak eta baita zabor hutsa direnak ere. Obra kontsagratuak eta opera primak. Denetarik. Batzuk azkar irakurri ditugu, pasatu beharreko tramite baten antzera, baina beste batzuetan bare joan gara, hizki eta lerro bakoitzaren atsegina dastatuz.
Mundu ezberdinen oihartzunak bizi izan ditugu, gizakiari buruzko mila begirada ezagutu. Konprenitu dugu dibertsitate hitzak zer esan nahi duen, adskripzio ezberdinen lurrunak ezagutzen ikasi dugu eta liluratu egin gara sarritan, oso sarritan, idazleek karramarroekin zein antza duten egiaztatu dugunean. Bai, idazlea, karramarroa bezala, denboraren iragaitearekin, ez da sartzen bere oskolaren barruan eta aldatu egin behar izaten du. Horretarako idazten du liburua, bizitzari hobeto prestaturik egiteko aurre. Eta karramarroa karramarro den bezala, bera idazle da gainerako gauza guztien gainetik.
Baina, ai, karramarroaren antzera, akiturik eta edozein erasoren aukeran geratzen da idazlea liburu bat plazaratzen duen bakoitzean. Ahul eta bigun geratzen da, mundu guztiko gaiztakerien menpe eta batere babesik gabe. Denbora beharko du egin duen oskol berria gogor dakion eta haren babesean senti dadin segur. Edo antzeko zerbait.
Gaur, plazer baduzue, 200garren saioa ikusteko aukera dago pantailan. Bertan, ordubetean zehar,  sei idazle aurkituko dituzue euren ofizio eta industriari buruz hizketan. Ezagutuko dituzue letrek gaur eta hemen dituzten ajeetako batzuk. Entzungo duzue, esaterako, apenas dagoela irakurlerik jada, eta endogamikoa dela gure literatura. Baina gauza guztien gainetik egiaztatuko duzue, izanak izan, karramarroak karramarro izaten jarraitzeaz besteko erremediorik ez daukala.

Hasier Etxeberria, El Mundo 071103

Kevin Heredia

Azaroa 2, 2007 | Egilea: konatxe

Luistxo Fernandezek egin du galdera Sustatun: nor da Kevin Heredia? Blogari literaturzalea dela eta, kitzikaturik dabil Luistxo, antza. Izan ere “birus bat naiz” idatzi izan du Kevin Herediak zenbait blogariren lekuetan. Alua munduan ere bai. Bistan da, publizitate bide berriak darabiltzala apaju honek, bere neurrira eta berak kontrolatzeko moduan. Gure zirrikituak ditu maite. Ongi etorria bedi desertuaren erdira. Baina hamaika eta bi kontu zor dizkiok nik Luistxori eta lagundu egin nahi nioke bere ahaleginean, alegia, Kevin Heredia egiazki nor den argitzen. Dakidala, ez naiz sekula harekin aurrez-aurre izan, baina lepoa jokatuko nuke hemen azpiko argazki honetako morroia dela:

gala.jpggala2.jpggala.jpg

Hori bai, Luistxo, nire Photoshopak lapurtu dizkion begiak jartzea, heure kontu. Jolasak jolasteko egin ditxuk eta.

David enperadorearen bazkaria (edo afaria)

Urria 27, 2007 | Egilea: konatxe

david-enperadora2.jpg
Enperadorearen bazkaria:
balea bat erreta
eta barruan
elefante bat
eta barruan
idi handi bat
eta barruan
asto koxkor bat
eta barruan
ahuntz eder bat
eta barruan
untxi polit bat
eta barruan
arrain fresko bat
eta barruan
arrautza berri bat
eta barruan
gorringo gorri bat!

Marie Baionan

Urria 25, 2007 | Egilea: konatxe

images1.jpeg

kaixo les amis
je fais une petite lecture à la librairie Elkar (Megadenda) à bayonne samedi prochain à partir de 17h. Faites passer le message !
Muxu bat. Marie

Sautrela jaia

Urria 16, 2007 | Egilea: konatxe

Hauxe da, SAUTRELAren 200 atala dela eta, Donostian, hilaren 29an, astelehenarekin, egingo dugun jairako txartela. Bidea errazte aldera, aski duzue bertan jartzen duen telefonora (943210066) deitzea (zenbatentzako zizkamizkak behar diren jakiteko, eta tragoa ere neurtzeko). Benetan, poza litzateke alua.mundua.com irakurtzen duzun horrekin topo egitea han. Gainera, euskal literaturaren irakurle bazara edo, zergatik ez, soilik literaturaren, zer esanik ez. Mertzi.
sautrela-txartela.jpg

Gonbita (aldaketekin)

Urria 8, 2007 | Egilea: konatxe

tit2.jpg
8 urte eta gero, SAUTRELAk 200 atal egingo dituela eta, festatxo bat antolatzera goaz Donostiako Tabacaleran hil honen 29an, astelehenarekin. Egun benetan aldrebesa, astelehena beti baita astelehen,  bainan ez zegoen beste aukerarik ortzemugan. Kontua da lehenik ordubeteko mahai inguru bat egin nahi dugula, 19ak aldera: ZERTAN DIRA GAUR EUSKAL LETRAK? Mahai inguru hori eman egingo dugu, gainera, telebistaz, hurrengo zapatuan. Eta ondoren koktel bat edo mokau bat, ala biak, ez dakit segur oraindik, arratsean goiz hasi (20′30?) eta gauean goiz amaitzeko asmoarekin. Idazle eta irakurle jendea gonbidatuko dugu, batez ere. Nik uste, alua.mundua honetako bisitaria bazara eta gurekin etortzeko gogoz bazaude, egongo dela tokia, ez baitzarete hainbeste ere. Aski izango da helbide honetara mail bat bidaltzea, zeuon izen deiturak eta gonbita igortzeko helbide postala emanez. Nik uste ederto ibiliko garela. Beraz, gostua baduzu…

Günter Grass

Urria 6, 2007 | Egilea: konatxe

images-11.jpg
Ostiral gauerdia da eta oraintxe amaitu da Günter Grassi buruzko ordu t’erdiko dokumental bat ARTE katean: Un provocateur engagé. Eta inbidia hutsez, une hauetan utzi egin nahi nioke euskaldun izateari, soilik izateko frantziar edo izateko germaniar normal bat. Arima eta aberria salduko nituzke edukitzeagatik halako maila gure herrian. Ehunka, milaka gauza eder esan ditu Grassek. Erakutsi du zer den idaztea, ibili da Yemenen, Polonian eta mila lekutan, bere gizatasunaren itzala zabaltzen munduan. Neure frantses kaxkar eta aleman ezdeusaren erditik ulertu diot memoria tipula bat dela, geruzaz geruza antolatzen dena, muina gorderik erdian. Eta saioaren amaieran esan du —lokatzaz egiten ziharduen figura bat alboan lagata—, hiltzen denean intxaur zakukada batekin nahi duela lurpera dezaten, eta hortzorde berrienarekin ere bai. Inoiz edo behin baten bat hurbiltzen bada bere hilobira, entzun dezan kras eta kras. “Hara, hor dago hori oraindik, betiko moduan”, pentsa dezan.

(Orain beste lan bat hastera doa, lehen ere ikusia daukadana: Pierre Bourdieuk Grassi eginiko elkarrizketa luze bat. Ikusten jarriko naiz ostera. Bai, batzuetan atzerritarra izan nahi nuke, benetan).

Haiku5

Iraila 26, 2007 | Egilea: konatxe

images4.jpg (Taneda Santôka 1882-1940)

Elurraren gainean
elurra dagi.
Bakean naiz.

Amuriza jauna

Iraila 24, 2007 | Egilea: konatxe

images-14.jpg
Xabier Amurizak, gure blogean idatzitakoak irakurri eta gero eman digu bere idatzia aukeran jartzeko aukera. Eskerrikasko, Xabier. Hementxe jarri dugu.

Proselitismoaren onurak

Iraila 19, 2007 | Egilea: konatxe

2003.jpeg

Cano, Elorriaga, Mendiguren, Darrieussecq eta Etxeberria 2003an

Marie Darrieussecq-ek esaten du proselitismoak ez duela funtzionatzen, salbuespen kasu apur batzuetan ez bada, eta gu bion artekoa salbuespen horietakoa dela. Egun hauetan Marieren gauzak ari naiz begiratzen sarean, eta hala, François Dufay kritikariak, 2005ean Le Point-en idatzi zituen batzuk ikusi ditut, Marieren LE PAYS eleberriaren karietara. Poztu egin naiz: <<Du propre aveu de Marie Darrieussecq, l’idée de son nouveau roman, Le Pays, a germé il y a trois ans, le jour où un journaliste de la télévision basque espagnole est venu l’interviewer. Aux yeux de ce reporter, l’auteur de Truismes, née à Bayonne en 1969, est en effet un écrivain basque d’expression française ! « Que vous le vouliez ou non, vous êtes basque, comme un escargot est un escargot », lui a-t-il asséné. Loin de s’offusquer, Marie Darrieussecq a été enchantée de cette définition>>.

Marlaxkaren hegada

Uztaila 19, 2007 | Egilea: konatxe

9788483318430.jpg

Urteak dira INESAREN BALADA argitaratu nuela, gazteentzat idatzitako eleberri bat, BAIONAKO BARRARAINO azpizena zuena. Gazi-gozo asko ukan dut liburu horrekin. Gazien artekoak, nik eskatu gabeko sari batzuen atarian geratu izana (Apirila Saria, Espainiako Sari Nazionala…). Gozoen artean, lau hizkuntzetan argiratu izana eta, batez ere, zenbait gaztek idatzi izan dizkidaten mezuak. Ez dut uste halako erantzunik jaso dudanik nire beste lan batengatik. Kontua da, eleberri hura leku jakin batean amaitzen zela, juxtu Inesa itsasoratzen zen egunean. Irakurle askok esan dit ez dagoela eskubiderik eta jarraipena behar duela, baina hantxe zegoen bukatua, egile honek itsasoko terminologia ikasi behar zuen lekuan bertan, marineriaz dokumentatzen hasteko lekuan. Alferraldia sartu zitzaidan eta… gaurdaino. TRAPAILA izenekoa ere idazten hasita nago oraintsu, baina hortxe blog honen eskuineko aldean dago geldirik joan deneko aste eta hilabeteetan, auskalo noiz arte. Ez dut deus behartu nahi. Ez dago presarik. Zer konponduko luke nire beste liburu bat kaleratzeak? Inori, ezer ere ez. Ez eta neuri ere. Baina beti idazten ibili behar honek, zer kontaturik gabe geratzeko bertigoak edo nik ez dakit zerk, INESAREN BALADAren jarraipena idazten hastera eraman nau, MARLAXAKAREN HEGADA, deitzen dena, oraingoz. Folio bakar bat besterik ez, honela hasten du Inesak: “Atxamarta izan zen ontzian ikasi nuen lehenengo hitza. Tresna baten izena da. Horixe dauka itsasoko bizitzak, mundu berri bati dagokion hiztegi oso bat ikasi behar izaten dela lehendabizi, edozein pauso eman baino lehen. Jartzen duzu eskua ontziko zeinahi lekuren gainean, eta berehala esango dizute askatu txikota hori, edota kontuz karelean. Ekarri toleta, edo eraman arrastelua. Soka, egur eta tresna bakoitzak badu bere izena, lehorrean inork ezagutzen ez duena. Haizeak, animaliek, gizakien kuraiak eta edozerk, sekula entzun gabeko beste izen bat hartzen dute itsasoko bizitzan. Esan liteke beste hizkuntza bat ikastearen antzekoa dela ontzietako bizimoduan hartu behar den lehengo lana”.

Poeta on eta gaztearen malurak

Ekaina 11, 2007 | Egilea: konatxe

images2.jpg
Joan zen zapatuan, poeta on gazte batek esan zidan ez duela gehiago idatziko. Luzea izan zen eskaini zidan esplikazioa eta ulertu ulertzen nion esan nahi zidana, baina ez nintzen bat etorri berarekin. Ezin bat etorri, inola ere. Poeta on gaztearen hitzak ezin dira hemen laburbildu, baina, zabarki bada ere, esan dezagun bere belaunaldiari egokitu zaion literatura sistemak antzutu egiten duela. Izutu egiten da, esaterako, Kirmen Uribek liburu bakarrarekin lortu duen loria mediatikoa ikusitakoan. Pentsatzen du, idazle gisa arrakasta eskuratzeko kontua ez dela soilik literaturaren eremuetan fin ibilita lortzen. Eta ez du nahi. Neke da. Ez du beste lan hori egin nahi, edo ez du bere burua horretarakoa ikusten. Eta ez du idatziko. Ez eta ez eta ez, idatz dezala mila bider eskatu arren. Eta oroitzen naiz gu hasi ginenean nola ziren gauzak, kamarada, eta jarraitu dugunean ere nola izan diren gauzak, eta hemen gauden honetan gauzak nola diren ere bai… Inozoak gu, Tropelekoak deitutako gu, azkenean, geu ohartzeke, fortuna handikoak baikara, arazo larririk ez bagenu bezala idatzi dugulako apetak agindu diguna, senak erakutsi digun bezala. Zorionekoak gu, Tropeleko idazleok, Aresti, Lizardi, Mirande eta Orixeren pelmadaz gain, Atxaga, Saizarbitoria, Sarrionandia eta beste dozena erdi garaikideren loriari begira geratu gabe, geure idazle-bidetxoa ibili dugulako; euskara eraikitzen lagundu dugulako; gure literaturari gorputza edo, bederen, bolumena eman diogulako; poeta on gaztearen belaunaldiari zer irakurria ekarri diogulako; hizkuntza ahalik eta haruntzen bultzatu dugulako; geuk idatzitako apurra —on eta txar—, hutsetik sortu dugulako… arazorik batere gabeko literatura sistema zaharrean. No te jode!

Eta txarrena da poeta on gazte alu horrek ez duela gainera gehiago idatziko, bete egingo duela emandako hitza, kontutan eduki gabe, gu baino hobeto jaso duela hizkuntza, gu baino gehiago ikasi duela berak, gu baino mila bider gehiago irakurri duela berak… eta, finean, gu baino idazle askoz hobea dela bera. Hau izorratzia!


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5