Letra kontuak atalaren artxiboa

Biharamuna

Abendua 15, 2007 | Egilea: konatxe

images1.jpg

Bistakoa da Durangoko Azoka, gure kulturgintzan kontu zentrala izateaz gain, eztabaidarako ere gertaera bikain askoa dela. Ikusi besterik ez dago handik bueltan egunkari eta irrati guztiek nola erabili duten ahotan hartuta hango atzera-aurrea. Denborarekin, euskal liburu eta diskoak suspertzeko asmatu zen erreminta hura, balio segurua bihurtuta dabil hainbat hedabidek euren vasquismoa eta jatortasuna azpimarra dezaten. Erabilera instrumentala esaten zaio horri, baina, tira, nork nahi du hemen enrrollatuaren itxurak egin gabe bizi?
Hala agertzen zaizkigu euskal literaturari urte guztian zehar kasu zipitzik egiten ez dieten hedabideak, ahobeteka euskal egile eta letrekin, bilduma eta bestelakoekin, nor baino nor, bere gehigarritxo eta guzti. Pozik egoteko moduan daude Gerediaga Elkartekoak, ez baita batere erraza, hiri izan gabe, herri batetik irtendako ekimena gertakizun nazional bilakatzea. Bejondeiela. Durangoko patroia eta Durangoko bonbardaketa bera ere estaltzen du gaur Azokaren sonak.
Baina ez hedabideek bakarrik, norbanako asko eta asko ere, Durangoko pasilloetan ibilita, halako label jator bat eskuratzen dugula sinetsita gaude. Kilometroak, Bertsolari Txapelketak eta antzeko antolakuntzekin gertatzen den antzera, ematen du Durangoko Azokara buelta bat eman baduzu, eukaristia moduko bat egiten duzula zeure aberriarekin.
Baten batek esango du Durangora jende zintzo askoa ere joaten dela, urtero-urtero liburu eta diskoen maitale fina den hori, eta izango da norbait, ez dut nik ezetzik esango, baina asko ala gutxi, bibliofiliarenaz haragoko arrazoiak aipatzen ditu ia mundu guztiak: urtean zehar ikusten ez diren lagunak, parranda koskor bat, eta beste mila halako kontu paralelo.
Ahots batzuk jasota daude aspaldian, Durangokoak euskarazko produktuen biltoki soil izan behar lukeela esanez. Jakina, hori diotenak, euskarazko gaiak argitaratzen dituzten egile eta argitaletxeetakoak dira. Hauek nekez ulertzen dute Antonio Alvarez Solis bezalako bat, pareko standean, sinadurak ematen ikustea, esaterako.
Baina ni ez nago oso segur. Berandutxo da Durangokoari buelta ematen hasteko. Durangokoak bere bide propioa daroa, merkatuak eta jendeak ezarian agintzen diotena: Gabonetarako opariak, argazkiz jositako liburu mutuak, liburua eta diskoa ez diren produktuak, kalendrera eta zozketak… Ematen du, azkenean, literaturaren eta liburuaren izenean jasotakoak, literaturari eman nahi diola bizkar, urtetik urtera handituz doan lotsagabekeriaz. Aurten nabarmena izan da hori, Atxaga eta Sarrionandiaren nobedaderik ezean.
Agian bai, arrazoia dute beste zerbait behar dela diotenek. Euskarazko literaturaren azoka bat egitea lortuko balitz, orduan bai harremana irakurle eta idazleen artean, orduan bai egoeraren tamaina benetakoa. Baina nahi al du hori benetan ikusi baten batek?

Hasier Etxeberria. 071215. El Mundo.

Chirbes

Abendua 14, 2007 | Egilea: konatxe

images2.jpg

Mikel Iturria eta Patxi Presaren eskutik etorri zitzaigun atzo Rafael Chirbes idazlea. Eguna eta gauaren zati handi bat harekin pasatu genuen, egiaztatzeko idazle handia eta putasemearen izaerek ez dutela beti zertan bat eginik, badirelal salbuespenak. Rafael Chirbes gizon adeitsua da, noble eta atsegin horietakoa, jakintza eta ezaguera izugarriak eguraldiari buruz ari balitz bezain gozo kontatzen dituena. Arrazoizko gauza ebidenteak bakarrik entzun genizkion, euren sinpletasunean egia borobilak baizik ez direnak: literatura hutsaren gainean eraikitako nobela portatil horiek ez garamatzate inora; nobela bat idazteko, zer kontatua eduki behar da lehenbizi, berez etorriko da forma… Bai, ez da teoria oso konplikatua, baina ahaztuta genuen ia, geure posmodernitate antzu honetan harrapatuta. Eta nahi gabetan, Balzacen besoetara bultzatu gaitu, ostera.

Antzararen bidea

Abendua 12, 2007 | Egilea: konatxe

images-1.jpgJokin Muñoz. Antzararen bidea. Alberdania 2007.

Nonbait esana dugu blog honetan ez dugula hitzik egingo bizirik dauden euskal egileen liburuez. Baina, hala ere, kontabilitate pertsonal moduko bat eraman ahal izateko, hemen jarriko ditugu irakurri ahalako liburu guztiak.

Loreez eta sasiez

Abendua 7, 2007 | Egilea: konatxe

images.jpeg
Idazten duen liburu bakoitza lore bat izaten da idazlearentzat. Lore eder bat, lorerik ahalik eta ederrena, bere senetik eta abildadetik sortua. Editorearentzat ere bai: saiatzen da idazleak ekarritako lore horri hosto zimelen bat kendu eta ihintzez bustia balego bezala agertzen. Orduan, zergatik nagusitzen zaio irakurleari Durangon, liburu guztiak elkarren ondoan ikusitakoan, lorategia baten aurrean baino, sasitza baten parean egotearen irudipena?

(Narratibaren kasuan gertatzen da hori bereziki: hainbeste lore, bata bestearen ondoan jarrita, baina sasiaren irudia nagusi, hala ere. Zergatik eta nola gertatzen zaigu hori? Baten batek ba al daki?)

Haragia

Abendua 4, 2007 | Egilea: konatxe

homerodriguez.gifEider Rodriguez. Haragia. Susa 2007

Nonbait esana dugu blog honetan ez dugula hitzik egingo bizirik dauden euskal egileen liburuez. Baina, hala ere, kontabilitate pertsonal moduko bat eraman ahal izateko, hemen jarriko ditugu irakurri ahalako liburu guztiak.

Zezenaren adarretako liburu guztiak

Azaroa 29, 2007 | Egilea: konatxe

liburu-guztiak.jpg

Gazte batek eskolan zein 10 liburu irakurri behar dituen galdezka ibili ginen, duela para bat aste edo. Emaitzak gutxi eta ezpal ezberdinetakoak agertu zitzaizkigun. Hala ere, han agertu ziren liburu guztiak zerrendatu eta gure almazen partikularrean, Xaia deitzen dugun horretan, jarri dugu zintzilik, baten bati baliozko egingo zaiolakoan.

Hamar liburuena

Azaroa 24, 2007 | Egilea: konatxe

images9.jpg
Inkesta txiki baten berri.

Jakineko gauza da euskaraz 1000 aletik gora saltzen den literatura liburua, ez dela arrazoi naturalengatik saltzen. Ez dela irakurlea dendara joan liburua eskatzera, hura ergitara eman eta bizpahiru hilabete iragan ostean. Euskal liburu bat gehiago bizi bada, edo bataz bestekotik gora saltzen bada, eskolan irakurrarazten dutelako da. Nago, gainera, hori ez dela gurean bakarrik gertatzen, inguruko industrietan ere, halatsu izaten dela hori, aldeak alde.
Egileak, orduan, ez du jakiten nola hartu bere liburuen berrargitaralpenen albistea. Alde batetik, normala denez, poztu egiten da, berak egindako umetxoak bizirik jarraitzen baitu, nolabait, eta bi sos jasoko ditu ordainetan. Baina, bestetik, badaki okerreko efektuak sor dakizkiola eskolan derrigorrez irakurria izate horrek, eta agian gazteren batek ez diola barkatuko era horretan torturatu izana: heldua denean, ez dio sekula helduko egile horren liburu bati, seguru asko.
Gai hau dela eta, eztabaida txiki bat jarri dugu abian Interneten, gaur egungo euskal ikasle batek zein 10 liburu (gutxienez) irakurri behar dituen jakiteko. Izan ere, bai baitira irakasle alferrak, duela hogei urtetik hona liburu berberak irakurrarazten dituztenak eta, hala, egileek ezin dute ulertu nola litekeen euren liburu zahar eta kaxkarragoak agintzen ibiltzea, berriago eta ustez hobeen aldean.
Jakina, eztabaida honek ez du inolako estatistika baliorik, dozena bat pertsonak baizik ez baitu parte hartu. Baina gauza bitxiak irten dira. Esate baterako, irakurtzera derrigortu behar ote den ere galdetzen zuenik agertu da, edota, zergatik 10 liburu bai eta ez, esaterako, 10 antzerki lan, film, edo musika. Denetarik egonda.
Niri neuri bitxia egin zait Axularren “Gero” irakurtzera behartzen duen irakasleari buruz gaizki esaka ibili den bat aurkitzea. Ulertzen dut esan nahi duena, baina niri neuri guztiz ongi etorri zitzaidan Xalbador Garmendia irakasleak liburu hori irakurraraztea 14 urte nituenean. Iruditzen zait, harrez gero, euskararen sekretu handienak ezagutzen ditudala. Baina, egia, hori euskara klase batean izan zen, eta ez literaturari buruzko batean.
Zeintzuk dira, ba, gaurko euskal gazte batek eskolan irakurri beharreko 10 liburuak ? Ez dago adostasunik eta zerrenda oso zabala irten da. Zenbat buru, hainbat aburu.
Hiru liburuk bakarrik lortu dute boto bat baino gehiago: Saizarbitoriaren “Egunero hasten delako”, Sarrionandiaren “Narrazioak” eta Iturriagaren “Berandu da gelditzeko”. Hortik aurrera denetarik dago, nahiz eta zenbait idazleren izenak, besteenak baino gehixeago agertu: Atxaga, Zabala, Epaltza, Etxaide, Elorriaga, Irigoien, Urretabizkaia, Lertxundi, Alonso… Baina liburuen inguruen, badirudi ez dagoela adostasun handiagorik.
Argi geratu dena da, eztabaidatzen jarraitu beharko litzatekeela, eta literaturak eskolan behar duen trataerak azterketa sakonagoa merezi duela. Bedi, bada.

Hasier Etxeberria. El Mundo. 071124

Egia borobila

Azaroa 20, 2007 | Egilea: konatxe

3i01565.jpg
Joseph Beuys: Pianoa Parisen da. 1966

Rafale Chirbes-en CREMATORIO eleberria irakurtzen ari naiz, atsegin handian, eta hango pertsonaietako batek dio: “Atzokoa joan zen, biharkoa ez da etorri, horixe da artearen gaia, arte guztien gai bakarra. Ez dago besterik“.

Zezena, adarretatik.

Azaroa 14, 2007 | Egilea: konatxe

images6.jpg
Badirudi inork gutxik egin diola kasu honen aurreko POZA ERE MINGOTS? izeneko sarrerari. Baina gaia ez da zela halakoa. Berriro ere plazaratu nahi nuke eta, bidenabar, onurak atera. Galdera honakoa da: ZEIN HAMAR LIBURU IRAKURRITA UTZI BEHAR DU EUSKAL GAZTEAK ESKOLA?

Gehiago ere izan daitezke hamar baino —izan behar dute!—, jakina, baina saia gaitezen rankingeno 10 horiek ateratzen, gutxienez.

(Normalena eta dotoreena, lehenbizi neure proposamena argitaratzea litzateke, baina barkatu beharko didazue gaurkoan izkin egiten badiot elegantziari).

Poza ere mingots?

Azaroa 13, 2007 | Egilea: konatxe

images5.jpgimages-12.jpg

Elkar argitaletxeak, MUGETAN nire nobelaren 7.edizioa egin du: 500 ale. Horrek esan nahi du, milaka batzuk saldu direla dagoeneko (8.000?). Pozteko albistea beharko luke izan horrek egilearentzat, baina, poztu? Zertaz poztu? Liburuak 10 euro inguru balio duela uste dut, beraz, ale guztiak salduko balira, urte batzuren buruan 500 euro jasoko nituzke, hortik zergak kentzeko. Ez dago batere gaizki, pentsa lezake batek, salduko den liburu bakoitzeko euro bat irabaztea, baina irakurketa bakarraz bestekoak ere baditu gertaera honek, nik bai baitakit, “irakurle naturalak” ez direla izan liburu hori liburudendetan eskatu dutenak. Aitzitik, irakurle derrigortuak ditu erosleak, ikasle jendea, bereziki.

Jakin dakit MUGETAN ez dela klasiko izateko jaioa, maite dudan arren, abiatze eleberri bat baino ez zen izan niretzat. Handik hona, 1989tik, lau aldiz, gutxienez, gainditu dudana. Han jorratzen diren gaiak (amodiozko triangelua, euskal gatazka…), mila aldiz hobeto agertzen asmatu dute beste egile batzuek. Zer arraio dabiltza, orduan, hura irakurtzen gaurko 16-17-18 urteko gazteak? Zein irakasle alferrek edo irakaskuntza sistema baldarrek dauka gertaera honen erantzunkizuna?

Seiko urrea

Azaroa 4, 2007 | Egilea: konatxe

Eskerrik asko seiroi!

ur-apalategi.jpgvlcsnap-laura-m.jpgjosu-landa.jpg

angel-erro.jpge-gil-bera.jpgedorta-jimenez.jpg

sautrela200-goitik.jpg

Idazleak eta karramarroak

Azaroa 3, 2007 | Egilea: konatxe

   images.jpg

Gaur ospatzen dugu Sautrela, gure literatura telesaioan, berrehungarren atalera iritsi izana. Barkatuko didazue, behingoagatik, geure lanaren ingurukoak zutabe honetan aipatzea. Izan ere, mundua eta telebista dauden bezala egonda, ez baita gauza ohikoa hain luze irautea. Gainera, badirudi, beste puska baterako ere gaudela hemen, baldin eta babesle eta telebistako agintarien hitzak ez badira gertatzen ustel. Ez bedi hala izan.
1999an hasi ginen, hamahiru atal egin asmoz, eta handik hona Abiadura Handiko Trenean sartuta joan zaigu denbora. Esan nahi baita, asteroko gure telebista hitzorduaren kadentziaren arabera joan zaigula bizimodua. Gurera ekarri ditugun liburu eta idazleek markatu digutela, nolabait, existentzia.
Ez nuke asmatuko zenbat idazle ezagutu dugun asmatzen. 300? 500? 600? Auskalo. Tartean joan dira Nobel Saridunak eta nazioarteko izen handidunak, baina bereziki geure literaturari behatu diogu guk, euskaraz egiten denari, eta hala, geure idazle handi eta txikiak hurbiltzen saiatu gara geure leihotik.
Liburuak ere ehunka eta milaka izan ditugu inguruan bueltaka denbora honetan guztian, erleak balira bezala, bakoitza bere zatara berezkoarekin. Eta irakurri ditugu liburu eder askoak eta baita zabor hutsa direnak ere. Obra kontsagratuak eta opera primak. Denetarik. Batzuk azkar irakurri ditugu, pasatu beharreko tramite baten antzera, baina beste batzuetan bare joan gara, hizki eta lerro bakoitzaren atsegina dastatuz.
Mundu ezberdinen oihartzunak bizi izan ditugu, gizakiari buruzko mila begirada ezagutu. Konprenitu dugu dibertsitate hitzak zer esan nahi duen, adskripzio ezberdinen lurrunak ezagutzen ikasi dugu eta liluratu egin gara sarritan, oso sarritan, idazleek karramarroekin zein antza duten egiaztatu dugunean. Bai, idazlea, karramarroa bezala, denboraren iragaitearekin, ez da sartzen bere oskolaren barruan eta aldatu egin behar izaten du. Horretarako idazten du liburua, bizitzari hobeto prestaturik egiteko aurre. Eta karramarroa karramarro den bezala, bera idazle da gainerako gauza guztien gainetik.
Baina, ai, karramarroaren antzera, akiturik eta edozein erasoren aukeran geratzen da idazlea liburu bat plazaratzen duen bakoitzean. Ahul eta bigun geratzen da, mundu guztiko gaiztakerien menpe eta batere babesik gabe. Denbora beharko du egin duen oskol berria gogor dakion eta haren babesean senti dadin segur. Edo antzeko zerbait.
Gaur, plazer baduzue, 200garren saioa ikusteko aukera dago pantailan. Bertan, ordubetean zehar,  sei idazle aurkituko dituzue euren ofizio eta industriari buruz hizketan. Ezagutuko dituzue letrek gaur eta hemen dituzten ajeetako batzuk. Entzungo duzue, esaterako, apenas dagoela irakurlerik jada, eta endogamikoa dela gure literatura. Baina gauza guztien gainetik egiaztatuko duzue, izanak izan, karramarroak karramarro izaten jarraitzeaz besteko erremediorik ez daukala.

Hasier Etxeberria, El Mundo 071103

Kevin Heredia

Azaroa 2, 2007 | Egilea: konatxe

Luistxo Fernandezek egin du galdera Sustatun: nor da Kevin Heredia? Blogari literaturzalea dela eta, kitzikaturik dabil Luistxo, antza. Izan ere “birus bat naiz” idatzi izan du Kevin Herediak zenbait blogariren lekuetan. Alua munduan ere bai. Bistan da, publizitate bide berriak darabiltzala apaju honek, bere neurrira eta berak kontrolatzeko moduan. Gure zirrikituak ditu maite. Ongi etorria bedi desertuaren erdira. Baina hamaika eta bi kontu zor dizkiok nik Luistxori eta lagundu egin nahi nioke bere ahaleginean, alegia, Kevin Heredia egiazki nor den argitzen. Dakidala, ez naiz sekula harekin aurrez-aurre izan, baina lepoa jokatuko nuke hemen azpiko argazki honetako morroia dela:

gala.jpggala2.jpggala.jpg

Hori bai, Luistxo, nire Photoshopak lapurtu dizkion begiak jartzea, heure kontu. Jolasak jolasteko egin ditxuk eta.

David enperadorearen bazkaria (edo afaria)

Urria 27, 2007 | Egilea: konatxe

david-enperadora2.jpg
Enperadorearen bazkaria:
balea bat erreta
eta barruan
elefante bat
eta barruan
idi handi bat
eta barruan
asto koxkor bat
eta barruan
ahuntz eder bat
eta barruan
untxi polit bat
eta barruan
arrain fresko bat
eta barruan
arrautza berri bat
eta barruan
gorringo gorri bat!

Marie Baionan

Urria 25, 2007 | Egilea: konatxe

images1.jpeg

kaixo les amis
je fais une petite lecture à la librairie Elkar (Megadenda) à bayonne samedi prochain à partir de 17h. Faites passer le message !
Muxu bat. Marie


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5