Gastronomia atalaren artxiboa

Han egonik hemen gira; eta hemen egonik, han

Maiatza 12, 2008 | Egilea: konatxe

Bai, airean gaude azkenez. Hementxe.

Trufa nimiño bat

Maiatza 9, 2008 | Egilea: konatxe

Eta esanen dute literaturak eta liburuek ez dutela ematen dirurik. Hara hemen Xabier Mendiguren, gure editoreetan editore. Errepara iezaiozu platerean geratu diren hondarrei.

img_0248.JPG


(Zorionez geu ere ez genbiltzan oso urruti, jua, jua).

Garai berriak?

Maiatza 5, 2008 | Egilea: konatxe

gse_multipart33140.jpg

David de Jorge lagunak eta biok hiru blog ditugu elkarrekin. Horietako bat euskaraz dago eta ezagutuko duzue, agian, sukaldean.com deitzen da. Egia esan behar bada, oihartzun txikia izan du egindako lanaren aldean eta guk genuen itxaropenaren ondoan. Beste bi ere baditugu gaztelaniaz, beti pentsatu izan baitugu Interneten zabalik daudela bideak, eta norbera izan daitekeela jaun eta jabe, bere editorial txikian. Blog horietako bat sukaldean.com horren klona da, recetania.com izenez bataiatua eta, bestea, geure erokeria gastroliterarioak isurtzeko leku aproposa eraiki asmoz egindakoa: glotonia.com. Etzitik aurrera, ostegunez, Maiatzaren 8arekin, jada ez dira gehiago “gure” izango, erosi egin baitizkigute edo, hobeto, bi urterako “alokatu”, prezio onean, gainera. Madrilgo soitu.es gunean agertuko gara aurrerantzean, orain arte bezala, geu egile eta jaun gaituela. Euskaraz eta erdaraz aritzearen arteko aldeak dira horiek. Eta beste egiaztapen bat ere bai: azkenean iritsi gara Interneten negozioren bat egitera, aspalditik amestu bezala. Izango da, seguruenik, bi leku horiek ez genituelako pentsatu negozio modura. Hortxe egon daiteke, itxura batera, arrakasta dirudien gertaera honen sekretua.

Nota da ediçâo brasileira

Apirila 20, 2008 | Egilea: konatxe

porca-brasil053.jpg
Oso pozik gaude, Brasildik iritsi zaigun PORCA MEMÓRIA gure liburuaren edizioarekin. Portugesa beti egin zaigu maitagarri eta plazera da norberaren liburua hain urrutiko lurretan argitaratu dutela jakitea, eta edizio zainduan, gainera. Han ere ari da bat baino gehiago irakurtzen. Ea ba, zein bide egiten duen, egiten ahal du, behintzat, Espainian egin duena baino hobea. Uste genuen RBA argitaletxe handiarekin ezkonduta, bingo egingo genuela, baina denean txakurrak ortotsik, antza. Kontua da, edizio brasildar honen aitzineko hitz batzuk argitaratu dituztela argitaletxekoek, eta bertan “espanhois” garela diote, nahiz eta gero argitzen duten “bascos” garela. Grazia egiten dit, eta akordatzen naiz nire lagun Etxarrirekin. Hegoaldean, “hi baskofrantsesa haiz?”, galdetzen diote; eta Iparraldean “espagnol caracol” esan izan diote. Berak berehala du arrapostua: “Ni euskalalemana naiz, jaio nintzenean Hitlerrek agintzen zuen eta Hendaian”. Geu ere halatsu, besteek asmatuko dute, azkenean, gure tripak nongoak diren.

nota-da-edicao-brasileir052.jpg

Txiki

Apirila 5, 2008 | Egilea: konatxe

img_0127.JPG
Nork ez du ezagutu txakurra duen artzainik. Areago, nork ez du ezagutu bere zakurrari Txiki izena jarri dion artzainik. Gurean kontu batzuk oso geureak ditugu: Gaztelugatxe, Bardeetako abioiak, Guggenheim, Athletic, Modenako ozpinez eginiko pintxo jator askoak eta euren txakurrei Txiki izena jartzen dieten artzainak, batzuk bakarrik aipatze aldera. Neu ere txakur zalea nauzue. Argazkikoa, gure bi txakurretako bat da. Ez da Txiki deitzen, baina ia ia. Hemen eta hemen idatzi nuen berari buruz, eta sarrera gehiagotan ere agertzen da blog honetan, garrantzia baitu gure etxekoon bizitzetan. Urtebete da ekarri genuela, eta pozik gaude berarekin. Baina ez nik nahi nukeen beste: denbora honetan guztian saiatu naiz nola idatzi erakusten, ordenadorea eta teklatua nola erabili behar diren esplikatzen, berak egin ditzala nik egin beharreko lanak agintzen, horretarako behar baitu izan etxeko txakur onak: ugazabari laguntzeko. Baina, bai zera, Tximi gureak ezetz dio, nahikoa lan baduela bere odolak agindutakoari segitzen, eta nahiago dituela auzoko katuak nire lanmahaiari lotuta baino. Kapritxoso hutsa da, eta halaxe ari da hazten: nahi duena eginez beti. Horregatik harritu naiz hainbeste Txiki deitzen den arditxakur honek idatzi duen artikuluarekin. Zinez egingo zaizu interesgarri, baldin eta Idiazabalgo gaztaren aferaz idatzi genuena interesatu bazitzaizun. Cheesgate deitzen den kontu bat ere argitaratu genuen atzerrirako. Gure Tximik badu nori ikasirik. Bikaina da artzainaren Txikik idatzitakoa, gezurra dirudi txakur batek hain garbi idatz dezakeenik, eta blog bat hain ederki kudea dezakeenik. Hori bai, gurea andaluza den bezala, Txikik gaztelaua behar du, gaztelaniaz bakarrik idazten baitaki berak. Eta elikadura eta geografia ere nahastu egiten ditu, bere artikuluak EN CONTRA DE ETXEGARATE baitu izenburu, gazta eta mendilepo baten izenak nahastuz.

Sarkozy: mort pour la patrie

Martxoa 7, 2008 | Egilea: konatxe

images3.jpg
Artikulotxo bat idatzi dut gaztelaniaz Sarkozyren gainbeherari buruz. Gastronomiak ukan dezake zerikusia horretan. Gustu baduzu, hemen aurkituko duzu.

Txiste koxkor bat

Urtarrila 29, 2008 | Egilea: konatxe

dsc00363.JPG

David laguna eta biok pozik gaude Madrid Fusión delako gastronomia gailurrean egin genuenarekin. Hemen eta han ari dira guk aipatutakoak aztertzen, baina, oroitzapen guztien artean, Andoni Luis Aduriz eta Heston Blumenthalekin eginiko bazkaria eta mahai ondoko luzea gailentzen da eromen hartatik. Huntaz eta hartaz aritu ginen, Andoni bero-bero baitzegoen bere ponentzietako batekin: “Oliba hezurrez egindako sua”, horixe zuen gaia. Esaten zuen aurkikuntza ikaragarria dela eta jakiei beste lurrin bat ematen diela etabar etabar. Heston adi-adi zegoen. Ez dakienarentzat esan dezadan, munduko jatetxe onena izendatu dutela berea pare bat aldiz, The Fat duck delakoa eta bera izar handienetakoa dela bai sukaldean eta bai BBCko kamera eta mikroen aurrean. Mutil atsegina, argia eta alaia, ez dauka ahazteko Astigarrako sagardotegi batean duela pare bat urte egin genuen parranda. Halako batean esan zion Andonik: “Oliba hezurrez osatutako pakete bat bidaliko diat, esandako frogak egiteko hire etxean”. Eta Hestonek: “Bidal iezazkidak olibak osorik, eta jan eta gero, neronek gordeko dizkiat hezurrak!”.

Tekno-emozionala

Urtarrila 26, 2008 | Egilea: konatxe

images3.jpg

Madrid Fusión du izena urtean behin Espainiako hiriburuan antolatzen den sukaldari bilera erraldoiak, José Carlos Capel jaunaren gidaritzapean. Ikustekoa da antolakuntza, ponentzia eta hitzaldiez gain, han ez baita falta diru gehien duten marka handienen standik, metro karratua 3.000 euro ordainduta. Jateko eta edateko ere, finenetik eta nahi beste, Madrilgo Kongresu Jauregian.
Hango karreju eta entzungeletan, munduko sukaldari handienak gurutzatuko dituzu, esku-eskura guztiak. Aurten Troigros eta Piege frantziarrak, Magnus Ek suediarra, Redzepi daniarra, Bech pakistandarra, Patterson estatubatuarra eta Russo, Scabin eta Pierangelini italiarrak ibili dira atzera aurrera, besteak beste. Esan beharrik ere ez dago, Ferrán Adriá handia eta gure maisuak ere (Arzak, Subijana, Aduriz…), amuarraina errekan baino erosoago ibiltzen direla hango uretan. Sukaldariak ez-ezik, xouman galantak baitabiltza eginda mikrofonoa esku artean hartzen duten bakoitzean edota bideoaren laguntzaz euren egikerak erakusten dituztenean.
Munduko bazter guztietatik etorritako kritikariak, kazetariak eta produktu saltzaileak ere hantxe biltzen dira, nor baino nor. Eskailera mekanikoetan gora, Joan Roca edota Dani García sukaldari gazteak aurki ditzakezu, eta eurekin solastatu, edo, geuri egokitu zaigun bezala, Heston Blumenthal ikaragarriarekin sandwich triste bat bazkaldu. Izan ere, geuri ere gertatu baitzaigu aurten hitzalditxo bat ematea, eta han egon ginen Internet eta Gastronomiari buruz hitz egiten, David de Jorge laguna eta biok. Ondoan genituen Espainiako kritikagintzan dauden izenik nabarmenenak, Jose Carlos Capel bera, Javier Ferradal eta gure aspaldiko arerio bat, Carlos Maribona jauna, ABC egunkariko ahotsa jatearen kontu hauetan. Nahiko ongi pasatu zen kontua, eta primeran bete genuen Davidek eta biok mundutxo horretan irabazia dugun enfant terrible papera, nahiz eta lotsatiegiak garen terribleak izateko eta enfant izateko, ostera, aspaldi iragan zitzaigun adina.
Gauzarik jakingarriena egin zitzaidana, zera izan zen, sukaldari eta kritikariak, kezkaturik daudela oraintxe bertan Adriáren ondoren egiten den sukaldaritza berri horri izenik asmatu ezinda. Paul Arenós kataluniarrak eman zuen hitzaldi bat Gastronomiaren Historia idazteko behar handia dagoela esanez eta sukalde “tekno-emozionala” proposatu zuen berak izentzat, laurogei izenen artean hautatuta. Aukera izan genuen, halaber, izen zatar-zatarra zela esateko, sukaldea beti izan dela teknikoa eta beti gertatu dela emozionala, gizakiak sua eta tresnak gobernatzen ikasi zuenetik. Berdin zaio hori berari, ordea. Erantzuten du turboerreaktorearen izena ere guztiz dela zatarra, baina denok ulertzen dugula ederki zeri dagokion. Beraz, hemendik aurrera, eta hoberik ez dagoen artean, tekno-emozionala, horixe gure sukalde handienetan ikusiko dugun sukaldaritza. Zeruak gorde gaitzala.

Hasier Etxeberria. El Mundo. 080126

Pause

Urtarrila 21, 2008 | Egilea: konatxe

gse_multipart21547.jpgmadrid_fusion_08.jpg

Argazkiko bi urdeak Madrila goaz bihar, gonbidatu egin baikaituzte hitzalditxo bat eman eta mahai-inguru batean eskuartzera Madrid Fusión deritzan kongresu erraldoi horretan: GASTRONOMIA E INTERNET du izenburua. Gaur bertan izan ditugu TVE1koak galdezka, kamerekin. Geure ondoan aspaldiko arerio bat, gutxienez, izango dugu han, Maribona jaun txit agurgarria, ABCko kritikaria bera, eta Ansón eta konpainia, haren itzala indartzera joanak. Maribona jaun honek egundokoak idatzi zituen guri buruz PORCA MEMORIA argitaratu genuenean: separatistak, nazionalistak, etnozentristak… Ia ETAko egin gintuen gastronomia eta memoriaren aitzakian egindako literatura liburuaren karietara.

gse_multipart2792.jpg

Ez goaz mendeku bila, baina Maribona jaunak, barruko arropak zirintzeaz gain, nahikoa lan izango du bihotzekoari eusten esan behar ditugunak entzutean: Espainiako kritika gastronomikoa (bera tarteko nabarmen dela), ergelkeria huts bihurtuta dabilela. Futitu egiten garela. Ez diogula aspaldian begiratu ere egiten. Bost axola zaigula eskarola hostoa plateraren erditik zenbat milimetrotara dagoen ala jatetxe bati 8′75 ala 8′80 ematen dioten. Halarik ere, biziki maite dugula gastronomia (bere luzezabalean), eta aitzakia bikaina egiten zaigula GLOTONIA geure blog gastroliterario arrakastatsuan sorkuntzarako. Ez, ordea, eurek lantzen duten zentzu ustelean. Horiek eta gehiago, guztiak arrazoiturik eta ideario moduko baten inguruan antolaturik daramatzagu esateko. Ikusi egin behar sua pizten ote dugun. Hobe bai, hala balitz, eta baten bati erreko balitzaio gutxienez panderoa: dei diezagutela gero nahi dutena, baina ongi merezia bedi. SUKALDEAN eta RECETANIAren aipamenen bat ere egingo dugu, prefosta, geure ume baitira horiek ere. Beste lan batzuk egiteko ere probestuko dugu bidaia, ez baikara oso hara joan zaleak, eta behin bidaia eginda, hobe etekinekin itzultzea. Baina ez nizuen honetaz guztiaz hitz egin nahi, esan nahi nuena zen, bidaia hori dela eta, hiruzpalau egunean ez dela hemen sarrera berririk izanen. Ez, behintzat, hotelean ez badago konexio on bat.

Hilabeteko bidean

Abendua 19, 2007 | Egilea: konatxe

arrautza-poxatua.jpg

Lanetan sartuta egon bada ere, esan daiteke hilabeteko bizitza bete duela sukaldean.com errezetategiak. Ez dugu orain arte ofizialki aurkeztu —ez dakigu aurkeztuko dugun ere—, baina erabiltzaileak hasi dira hurbiltzen. Hara hemen, kuriositatez, zeintzuk plater bilatu dituzten. Eskuinean dituzue kopuruak.

ARROZ PAELLA (40), XAPOA SALTSA AMERIKARREAN (31), ITSAS KABRA LABEAN (26), KARRAKELA ETA PATATA ENTSALADA (18), TATIN SAGAR TARTA (17), TXOKOLATE TRUFAK (14), AHATE MAGRETA ERRETA (13), ZIAZERBAK BARATXURI-OLIOTAN SALTEATUAK (13), ARRAIN ZOPA BIZKORRA MIKROUHINETAN NOLA EGIN (12), GAZTA TARTA TXIGORTUA (12), MODAKO BEHIKIA (12), INTXAURSALTSA (11), GOSARITARAKO BIZKOTXOA (10), ARROZA TXIRLEKIN (10), ARRAIN ZOPA NOLA EGIN (9), ARROZA ENTSALADAN (9), MERLENKA EGOSIA BARAZKI ETA OLIBA OLIO BIRJINAREKIN (9), LIMOI BIZKOTXOA (9), ARROZESNE GARBIA (9)…

Honez gero, ezerk ez ninduela harrituko uste nuen, baina, arraioa!, KARRAKELA ETA PATATA ENTSALADA hori, ez esan niri ez denik harritzekoa 18 lagun plater hori bilatzen ibiltzea. Hamaika ikusteko jaioak, bai horixe.

Pelmadaren amaiera (edo)

Abendua 11, 2007 | Egilea: konatxe

Arrazoi ezberdinak egon daitezke sukalde errezetategi bat egiteko. Guk bi arrazoi nagusi izan ditugu errezeta liburu bat egiteaz gain, hauek sarean jartzeko. Nire arrazoia zera zen, batez ere, kozinan nenbilela beti erdal liburuetara jo beharra izaten nuela eta amorrazioz betetzen ninduela horrek. Nire kide David de Jorgerena, ostera, ezberdina izan zen: Gabon bezpera hauetan, batez ere, haren telefonoak ez zuen edukitzen atsedenik: “nola egin behar ditut langostinoak plantxan?”, “zenbat denbora jarri behar da kapoia labean?”, “barraskiloak nola izutzen dituzu?… Kokoteraino geunden biok, eta hala idatzi genuen SUKALDEAN liburua, mila eta ehun errezeta on baino gehiagorekin. Orain, ostera, sukaldean.com egin dugu. Hala ere, neu naiz testigu, telefonoak txirrin dagi edonoiz: “otarraina nola egosten da?”, “konfitak zenbat denbora behar du?”… Hori bai, orain erantzun berak kontu guztietarako balio du, nola barazkientzat, hala arrain edo galeperrentzat: “begira ezazu sukaldean.com!”. Eta kitxo.

header.jpg

Astebururako plana

Azaroa 23, 2007 | Egilea: konatxe

images-13.jpg
Behin, urpeko arrantzan nebilela, itsaskabra eder eta pozoitsu batek egin zidan alde arroka zulo batera. Harantzago olagarro bat zegoen eta harekin kontsolatu beharko nuela pentsatu nuen. Alabaina, hark ere, tintaz zikindu zuen ura eta ziztuan joan zen ezkutatzera: itsaskabra sartutako zulo berera.

Begira egon nintzaion zuloaren ahoari, han barnean zer borroka klase egongo ote zen pentsatzen. Halako batean, hondarra eta zakarrak hasi ziren handik irteten. Ikusten zen benetako kalapita zerabiltela bi mamorroek. Minutu apur batzuk izan ziren, baina han barruko batek erabaki zaila hartu behar zuen: zuloan batentzat bakarrik zegoen lekua eta kanpoan neu nengoen arrantzarako prest.

Han irten zen olagarroa, sartu zen abiadan baino azkarrago, eta han joan zen ihesi bistatik, zereko zerera. Ez nuen ez bata eta ez bestea harrapatu, baina ikasi nuen pozoiak indarrak baino gehiago balio duela batzuetan.

Ez dakit zergatik diodan hau guztia, ezen hemen aipatu nahi nuena zen gaur ostirala dela eta ez dela plan txarra, halako zerbait egitea. Baina zahartzen hasita nago, antza, eta gerra ezagutu gabea izaki, gertaera ezdeusak kontatu behar.

David enperadorearen bazkaria (edo afaria)

Urria 27, 2007 | Egilea: konatxe

david-enperadora2.jpg
Enperadorearen bazkaria:
balea bat erreta
eta barruan
elefante bat
eta barruan
idi handi bat
eta barruan
asto koxkor bat
eta barruan
ahuntz eder bat
eta barruan
untxi polit bat
eta barruan
arrain fresko bat
eta barruan
arrautza berri bat
eta barruan
gorringo gorri bat!

Hasi gara.

Urria 24, 2007 | Egilea: konatxe

Bai, hasi gara dakiguna dakigun era bakarrean egiten. Mila RZ baino gehiago sartuko ditugu, jakien araberako orden alfabetikoan (hozkailuan ANTXOA baldin baduzu egiteko, ANTXOA hitzean egin klik eta ezagutzen ditugun moduak erakutsiko dizkizugu ANTXOAK prestatzeko. Gauza bera jaki guztiekin). RZ denak daude sukaldatuak, dastatuak eta irentsiak. Bai horixe! Gertatzen dena da hilabeteak joango zaizkigula denak zintzilikatu baino lehen, Z letrara iritsi baino lehen, alegia.

sukaltegia.jpg
(Eskerrik asko laguntzen ari zaizkigun Maite Rementeria, Sonia Uribe eta Fini Gonzalez gallegiñari. Eskerrak neskak dauden munduan!)

Seguru badela norbait…

Urria 22, 2007 | Egilea: konatxe

331013309_dfde6c3224_o.jpg
…geuri laguntzeko prest. David de Jorge eta biok mila sukalde errezetatik gora dauzkagu jarrita RECETANIA gaztelaniazko gure blogetako batean, gastroliteraturari eskainitako GLOTONIAren luzapen gisara. Orain euskaraz eman nahi genituzke, baten batek porrusalda edo txibiak egiten ez badaki, sarean errazki aurki dezan modua. Esan bezala, euskaraz. Baina hortxe hasten zaizkigu arazoak: RECETANIA delako hori, gaztelaniazko blogspot sistema erabiliz egin genuen. Gezurra dirudien arren, ez gara iaioak blog kontu hauetan eta laguntza behar genuke leku berri hori jasotzeko, diseinu aldetik batez ere. Edukiak, izenburua eta horiek denak badauzkagu, baina edukiontzia falta. Euskaraz aurkitu ditugun sistemak (mundua.com hau barne), ez ditugu behar bezala manejatzen ikasi, eta asti eta argi handirik ez ikasteko. Seguru zuen artean izango dela norbait guri laguntzeko prest. Mirari handiagoak ikusi dira munduan. Hala balitz, jarri harremanetan gurekin, otoi.


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5