Neuretzakoak atalaren artxiboa

Rugby kontuak.

Urtarrila 7, 2008 | Egilea: konatxe

 images1.jpg
Urte Berriarekin ez nuke ezkorregia agertu nahi, baina atzo bazkalondoan Hendaia-Barkoxe rugby partida baten bigarren zatia ikusi nuen, hementxe, gure etxetik pauso batera dagoen estadioan. Baina barkatu, gaizki diot, Hendaye-Barcuseren artekoa izan zen partida. Ez ditut mila belarri, baina  ez jokalariek, ez ikusleek, ez bozgorailuek ez zuten hitz bakar bat erabili euskaraz. Areago, extralurtar bati bezala behatu zidaten, guztiz harriturik, txartel saltzaileak eta baita tabernako hendaiar jator askoek ere, neure beharrak eta garagardoak (bierak) euskaraz eskatu nizkienean. Ene euskararen doinu arrotzaz jabeturik, espainieraz erantzun zidaten gehienek, edo frantsez geldo zozo horretan, ahal izan zuten moduan. Han populua zegoen matxari begira, eta populu haren burutik pasatu ere ez da egiten Frantziako frantses baizik ez direnik. Gernikan arbola bat denik ere ez dakite eta ez dute jakin nahi. Hori bai, matxaren finieran, Paquito El Chocolatero eta beste pasodoble zezentar batzuk jarri zituzten euren jatortasunaren adierazle, muga-mugan baitago Hendaia, mundu guztiak dakienez. Oso sarri (sarriegi), errealitateak erakusten dit, Xaho eta Abbadiaren Zazpiak Bat ospetsu hura, ametsa baino, Hegoaldeko ni bezalako artaburuen fantasia eroa baizik ez dela.  Ene herrian ere ez dut kausitzen jada lekurik. Abaltzisketara edo Amorotora beharko dut emigratu ekosistema egokiaren bila, basurdeen antzera, zailegia baitago honi guztiari buelta ematen. Ez bainaiz nor, ez baitakit nola, ez baitaukat jada indarrik ez eta ere itxaropenik.

Matxinsaltoaren partia

Abendua 24, 2007 | Egilea: konatxe

img_2842.JPG

Duela egun batzuk saria eman zioten SAUTRELA gure telesaioari Bartzelonan. Gauzak diren bezala esateko, sari garrantzizkoa zen ATLANTIDA hori, GREMI D’EDITORS DE CATALUNYAk eskainia, luxozko tratamendu eta guzti, baina sari guztiak ez dira emaileek eurek profitatzeko zerbait baino, batez ere. Hala ere eskertzekoa da akordua, ez baikara hain gaizki hezitakoak ere. Bestalde, ez da inoiz esaten, baina esan beharreko lehenengo gauza da, gaur garena (ezer bagara SAUTRELAn), ez dela kasualitatez, eta bidaidez betetako bidea dagoela atzean: haserreak, dialektika, botere harremanak, zeloak, inspirazioak… Denek egin izan dituzte txitak gurean. Baina Zesarri Zesarrena: hala, erredakzioan, Miel Elustondo eta Kirme Uribe, hastapeneko urteetan bertan izan zirenak, geroago Urtzi Urrutikoetxea, Esti Ezkerra, Felipe Juaristi, Edorta Jimenez, Oskar Alegria, Jon Artano eta Eider Rodriguez. Gaur bertan lankide nabarmen, Jon Benito eta Xabier Gantzarain ditugu geurekin. Baina idazkuntzaz gainerako alorretan ere izan dira kideak: Iker Trebiño errealizazioan eta Martin Ibarbia produkzioan (asmoa gauzatu zuena, hain preseski). Gaur errealizazioa Guille Sánchez eta Maialen Sarasuaren esku dago, produkzioa, ostera, Unai Ibarbiaren esku, nahiz eta ezin ahazteko modukoak diren arlo honetan Izaro Goenaga, Maialen eta Nagore Oskoz-en izenak. ETBtik Maite Tarankok zaindu digu fiskoa. Irudi eta hotsean, ostera, Juantxo Sardón eta bere talde magnifikoa (Juanlo, Irene, holandesa, italianoa…). Halaber, eskertzekoa da ETBko zuzendaritzakoek eman diguten patxada, tenplea behar baita audientzia handiegirik gabeko saio bati eusteko 8 urtean, eta Eroski Fundaziokoen babes ezinbestekoa. Ezin ahaztu, gainera, hainbeste literatura kritikari, idazle eta irakurleren ahalegina eta esku zabala. Hala, ba, behar duen lekuan gera dadin, hementxe horren guztiaren aitortza.

img_2397.JPGimg_2503.JPGimg_2437.JPG

Kaktusak bihotzean

Abendua 15, 2007 | Egilea: konatxe

azala.jpg

Koldo Izagirre kexu da bertsolariek eta euskal idazleek gaztelaniaz ikasi dutelako. Kataklismoa gainean da. Baina ez da bat-bateko gertaera, urrutitik zetorren eta aspalditik dago geure baitetan hazten jarrita. Begiratu bestela ARGIAren azken azalari. “Nola ikasi ingelesa, euskara eta gaztelania trabatu gabe”. Horrelaxe dio portadan. Zer pentsatu behar ote dute gure seme-alaba euskaldun Iparraldekoek?: “ARGIAk ere ahazten gaitu”. Kanpoan uso izan behar horrekin, denok bilakatu gara geurean geuretzat otso.

Ez gara ginenak (Jainkoari esker)

Abendua 10, 2007 | Egilea: konatxe

Florentino Etxeberria musikariak ijito batzuk ikusi zituen errepidean, eta “!Adiós, Jimenez!” esan zien, zerbait esate aldera. Ijitoek, Donostiako matrikulaz ohartu eta honakoa bota zioten erantzuna. “!Adiós, Etxeberria!”. Gutxi zekiten haiek bete betean asmatu zutenik, baina halaxe ziren gauzak. Gaur bi argazki, bat neuk A Coruñan duela sei urte edo ateratakoa, handienekin lehian:

banco-etcheverria.jpg

Bestea, Oskar Alegriak gaur bertan Buenos Airesetik bidalia:

estaesparahasier.JPG

Mundua gaur baino txikiagoa zenean, handi ginen, antza.

Nola jokatu, zein da tresna

Abendua 2, 2007 | Egilea: konatxe

pinchazo.jpg

Herritarrak zein ote du lekua, zein jokamoldea, akiturik aurkitzen badu bere burua, hainbeste bidetan alferrik saiatu izanaren nekearekin. Zein ote du tresna herritarrak, baldin eta Demokraziaren izena bera bada faxismoaren eragile eta bermatzaile, eta, ustez faxismoaren aurkakoak eurak, esne baldekada beti lurrera botaka dihardutenak badira… Zer ote dezake egin herritarrak ikusirik, egiten duena egin, saiatzen dena saiatu, alferrik dituela desirak, alferrik usteak eta alferrik ametsak. Egunero egiaztatzen baldin badu aski duela zerbait pentsatzea, kontrakoa gerta dadin. Ez ote du onena itxaropen oro betiko uxatzea, ala, Otamendiri egin behar ote dio kasu: barruko arnasa hau/ itota hil zen ezezagun batek/ eman dit ondorengotzan/ gure aldi durduzatu honen aldera…/ ispilu aurrean orraztu eta/ banator bigarrenez mundura:/ gaur ere bizien artean izendatu naute.

Maribehera

Azaroa 25, 2007 | Egilea: konatxe

Atzo Hendaiako Tonbetan izan nintzen, hain baitzegoen maria eder. Gaur, ostera, are ederragoa eguraldi argiarekin. Alaba etorri da nirekin, eta Tximi eta Santa gure txakurrekin. Batzuetan sobran daukat New York. Como hay Dios.

sara-eta-laurok.JPEG

Semeak, ohi duenez, Nintendo DS kontsolan geratu nahi izan du jolasean etxetik irten gabe. Jada ez diogu deus esaten, hainbeste Pokemon eta hainbeste play-station, bere bidea hartuta baitu eta aurki hasiko baitzaizkio bekainak —eta begiak eurak—, japoniar otakuen tankera hartzen. Emaztea, ostera, lo zen oraindik, eta esnatutakoan, bere pauso bare eta aldaezinean nahiko zuen bizitzan aitzinatu: kafea hartzera lagunen batekin eta ogia erostera irten (Iparraldean goizez dira taberna kontuak), ahizpari deitu ea bardatik hona zer den albiste munduan… Gero nik paratuko nuen arroz eder bat bazkaltzeko, txerriki, oilasko zati, barazki pilo bat, eta, gaur salbuespen, muskuiluekin. (Egia, izugarria irten zait. Salda aparte egiteak dauka meritua, eta, beno, labean amaitzeak ere bai, neure modu partikularrean).

Kontua da, maribehera zegoela oso, Tonben inguru horretan. Hondartza eder eta paregabe, jenderik ia bat ere ez… Mirakulua garai globalizatu hauetan. Nire lagun M. Ezeizak eta bere senar Txominek esaten duten bezala, jartzen zara Hendaiako hondartzan (Hondarraitz), eta begiratzen baduzu Hondarribi aldera, XX. mendeko desmasia zaizu agertzen, baina begiratzen baduzu ekialderantz, pleistozenoko paisaia daukazu aukeran, Tonbarriekin. Eta hala, pleistozenoa dugu aukeratu. Eta han, gizon bat olagarroak harrapatzen. Gaur goizeko argazkian agertzen den berau.

gizona-olagarrotan.JPEG

Bat nola harrapatzen duen ikusi dugu, eta botinarekin burua nola dion zapaldu ere bai. Neuk ere egiten nituen lehen halako gauzak, olagarroaren buruari buelta eman ere bai, lehenago hil zedin. Baina, garai haietan, olagarroak infinitoak ziren, ematen zuen beti egongo zirela olagarroak gurean, nahi beste.

olagarroa-zapaltzen.JPEG

Sara eta biok ere aurkitu dugu geurea. Putzu batean. Aukera-aukeran, eskuz harrapatzeko moduan. Tinta bota digu egunon esateko, zoazte hemendik, laga ni bakean, zer egiten duzue hemen nire lasaitasuna hausten. Eta gero gogoeta bat egin du: noiz arraioa etorriko da marigora, pelma hauek bakean utz nazaten?. Ez dago erraza argazkian olagarroa ikusten, baina hortxe dago, erdi-erdian:

olagarroa-kamuflatua.JPEG

Kontua da, hantxe utzi dugula bere putzuan, eta ez diogula aurkikuntzaren albisterik eman ehiztariari (geu ere izan ginen hari). Eta bake izugarri eder hartan, goizeko hamarrak aldean, paisaia hunkigarriaren altzoan, aireportuko abioi batek hartu du Madril edo Bartzelonarako bidea, ez dakit segur. Eta pentsatu dut olagarroak ere entzun ote duen burrundara izugarria, eta jakingo ote duen bere buruari halako zarata zer den esplikatzen… Eta jarri naiz betiereko norgara, noragoaz, zertarakogaude alu horietan alferrik pentsatzen, natura ikaragarriaren erdian.

Kasualitatea da herenegun olagarraoa aipatu eta goizean putzuan aurkitzea. Gaurkoa bai izan dela ben trovato…

Sara eta biok, eta Tximik eta Santak, esan dugu hurrengoan itzuli egingo garela. Ikusi egin nahi dugu olagarroak umeak egin ote dituen eta geuk ere begiak ote ditugun, oraindik, haientzako.

(Egia da, hala ere, Tximik obejkzio bat jarri duela. Berria da familian eta, bodegari andaluza izaki, esan du hurrengoan ere uretara botako badugu, bera ez dela etorriko, eta nahiago duela Jon Peliren Nintendoarekin geratu).

tximi-aparretan.JPEG

Astebururako plana

Azaroa 23, 2007 | Egilea: konatxe

images-13.jpg
Behin, urpeko arrantzan nebilela, itsaskabra eder eta pozoitsu batek egin zidan alde arroka zulo batera. Harantzago olagarro bat zegoen eta harekin kontsolatu beharko nuela pentsatu nuen. Alabaina, hark ere, tintaz zikindu zuen ura eta ziztuan joan zen ezkutatzera: itsaskabra sartutako zulo berera.

Begira egon nintzaion zuloaren ahoari, han barnean zer borroka klase egongo ote zen pentsatzen. Halako batean, hondarra eta zakarrak hasi ziren handik irteten. Ikusten zen benetako kalapita zerabiltela bi mamorroek. Minutu apur batzuk izan ziren, baina han barruko batek erabaki zaila hartu behar zuen: zuloan batentzat bakarrik zegoen lekua eta kanpoan neu nengoen arrantzarako prest.

Han irten zen olagarroa, sartu zen abiadan baino azkarrago, eta han joan zen ihesi bistatik, zereko zerera. Ez nuen ez bata eta ez bestea harrapatu, baina ikasi nuen pozoiak indarrak baino gehiago balio duela batzuetan.

Ez dakit zergatik diodan hau guztia, ezen hemen aipatu nahi nuena zen gaur ostirala dela eta ez dela plan txarra, halako zerbait egitea. Baina zahartzen hasita nago, antza, eta gerra ezagutu gabea izaki, gertaera ezdeusak kontatu behar.

Gogoetarako gaia

Azaroa 19, 2007 | Egilea: konatxe

images8.jpg

FR2 Telebista katean, eztabaida batean entzuna: Bizitza, gaixotasun hilgarri bat da, sexu bidez kutsatzen dena. Izorrari, Joxemari!

sukaldean.com

Azaroa 16, 2007 | Egilea: konatxe

Martxan dagoeneko. Hala ere, frogak egin eta hobekuntzak proposatu, otoi. Mila esker.

header.jpg

Poza ere mingots?

Azaroa 13, 2007 | Egilea: konatxe

images5.jpgimages-12.jpg

Elkar argitaletxeak, MUGETAN nire nobelaren 7.edizioa egin du: 500 ale. Horrek esan nahi du, milaka batzuk saldu direla dagoeneko (8.000?). Pozteko albistea beharko luke izan horrek egilearentzat, baina, poztu? Zertaz poztu? Liburuak 10 euro inguru balio duela uste dut, beraz, ale guztiak salduko balira, urte batzuren buruan 500 euro jasoko nituzke, hortik zergak kentzeko. Ez dago batere gaizki, pentsa lezake batek, salduko den liburu bakoitzeko euro bat irabaztea, baina irakurketa bakarraz bestekoak ere baditu gertaera honek, nik bai baitakit, “irakurle naturalak” ez direla izan liburu hori liburudendetan eskatu dutenak. Aitzitik, irakurle derrigortuak ditu erosleak, ikasle jendea, bereziki.

Jakin dakit MUGETAN ez dela klasiko izateko jaioa, maite dudan arren, abiatze eleberri bat baino ez zen izan niretzat. Handik hona, 1989tik, lau aldiz, gutxienez, gainditu dudana. Han jorratzen diren gaiak (amodiozko triangelua, euskal gatazka…), mila aldiz hobeto agertzen asmatu dute beste egile batzuek. Zer arraio dabiltza, orduan, hura irakurtzen gaurko 16-17-18 urteko gazteak? Zein irakasle alferrek edo irakaskuntza sistema baldarrek dauka gertaera honen erantzunkizuna?

Kortatu (pleistozenoa)

Azaroa 7, 2007 | Egilea: konatxe

 images2.jpg

Alua mundua! honen irakurle fin batek bidali dit “harribitxia” izenaren pean. 1985ean egindako grabazio bat da, KORTATU taldearekin. Orduan, besteak beste, PLAZABERRI tarte kulturala egiten genuen ETBn. Denontzat hastapen garaiak ziren, baina egina genuen, hala ere, Sarriren bideoa, Gasteizko bideoaldian eta beste leku batzuetan saritu izan zutena. Memoriaren ertz batean neukan gordeta lan hau, oroitzen bainaiz Muguruzatarrek, Ferminek eta Iñigok, orduan ez zekitela euskaraz. Horixe galedtu nien, ea noiz egingo zuten disko bat euskaraz. Zera erantzun zidaten: oraingoan bi kantu euskaraz, hurrengoan lau, eta hurrengoan osorik euskaraz. Kameretatik kanpora adierazi nien mundu guztiak esaten zuela hori, baina gero inork ez zuela egiten halakorik. “Guk bai”, bota zuten deblauki. Beti hunkitu izan nau horrek, bete egin baitzuten emandako hitza, eta nola gainera! Har bedi, beraz, eurei eginiko omenaldi txiki bat bezala. (Egin klik argazkian).

Zatarra izena!

Urria 26, 2007 | Egilea: konatxe

images-14.jpg
Ideia bikaina Jakiunderena. Ikusi egin behar nolakoa egiten duen bidea, baina, arraioa!, baten batek esan beharko du, ba: izena zatarra da zeharo! Jakina ohituko garela, eta etxeko bilakatuko zaigula, baina aldrebesagorik zaila zegoen aurkitzen, nola euskaldunentzat, hala erdaldunentzat. Ala ez?

(”KIUN” diptongo baldar hori ez dut oroitzen euskarazko inongo hitzetan. Gaztelerazkoetan ere ez. Eta JAKI ederra izaten daki patatak berak, asmatzen denean).

Artikulu galdua

Urria 17, 2007 | Egilea: konatxe

images6.jpgRobert Graves
Galduta nuen 1995eko artikulu bat aurkitu dut hemen, Borthuzaik kudeatutako blogean, eta berriz gal ez dadin jartzen dut alua.munduan, liburuei buruzkoen artean. Batzuetan, tontolapiko baten antzera nabigatzen ibiltzean, atzean utzitako harri pinportez gogoratzeko balio du. Oteizari buruzkoa da, eta haren NOCIONES PARA UNA FILOLOGIA VASCA DE NUESTRO PREINDOEUROPEO liburuaz, baten batek interesik balu. Gaztelaniaz dago. Orduan gazteagoa nintzen. Zeu ere bai.

Aluak!

Urria 15, 2007 | Egilea: konatxe

images5.jpg
Hiru urte daramatza preso, estradizio eskaera baten menpe, Gradignango kartzelan. Antza nire lagun J-Z-k kristorenak eta bi egin zituen Komando Antikapitalistetakoa zenean. Inork ez du frogatu, baina hori diote, nahiz eta ez dagoen epairik, testigurik edota bestelakorik. Gainera, leporatzen diotena, preskribatuta dago legediaren arabera. Berarentzat bakarrik sinarazi zuen Aznarrek, Euroaginduaz gain, Dublingo Akordioa, izanak izan, Europako estatuen artean extradizioa azkartzen duen hori. Ez dago, ordea, sinatua egiazki. Bost axola: Parisen ez dute behatu preskripziorik, ez dute behatu akordioak sinatuta dauden ala ez, ez dute behatu Antikapitalistak duela hogeitaka urte desagertu zirenik, ez dute behatu lagunak zerbait gaizki egin zuen ala ez (Jinkoak libra gaitzala besteen menpekoak epaitzetik!), ez dute behatu nire laguna enpresa gizon errotua denik Iparraldean, ez dute behatu nazionalitate frantziarra ere baduenik, bizitza sozial normaldua egiten zuenik, familia eta lagunarteko gizon oparo denik… Ez dute behatu eskubide edo legezko fitsik. Soilik erran dute “espainarra zela delituak egin (omen) zituen garaian, eta Espainian behar duela horiengatik erantzun”. Garzonen aurrean, seguru asko. Eta ez dago ezer egiterik, ez eta ere helegiterik. Erantzun politikoa eman diote, Sarkozyri dagokion eran. Ez dio axola Justiziak, ez dio axola borroka armatutik aspalditik apartatuta egoteak, ez dio axola zuzenbideko ezerk… Alea jacta est. Nire lagunak dioen bezala: “ni honela tratatzen banaute, nola hartuko ote dituzte iheslari gazteak!”. Aurki, bi asteren buruan ikusiko dugu eskuloturik casacristora daroatela bospasei urtean mareatzeko eta gero, auskalo. Bizitza guztirako igual. Ez du babesik, ez dauka talderik atzean, bere argazkia ez dago inongo tabernatan zintzilik, lagun apur batzuk baino ez gauzka… Negargarria da inpotentzia hau, baina trapuan pupua da gurea, bere pupuan trapuaren ondoan. Justiziaren izenean, Demokraziaren izenean, Libertatearen izenean…, gainera. Nola edo nondik ekin mundu aldrebestu honi? Nola egin aurre bizitzak hondatzen dituen bidegabekeria itzel honi? Nola adiskidetu beti gaitza ekarri eta mendeku tresna baizik ez diren estatu hauekin?

Pentsamendu arriskutsu hauek.

Urria 13, 2007 | Egilea: konatxe

images4.jpg
ETAk gure herriaren burujabetza eta autodeterminazioa nahi ditu. Nik eta gutako askok ere bai. ETAk uste du, gaur dauzkagun erreminta politikoekin ez dugula gure herria —terminoaren zabalera osoan— aurrera ateratzerik izango. Nik eta gutako asko ere bai. ETAk uste du, Espainia eta Frantziako gobernu eta estatuak ez direla benetan demokratikoak. Nik eta gutako askok ere bai. ETAk uste du… Nik eta gutako askok…
Ez da txantxa, aurreko lerro horiek egia borobilak dira. Badakit askok ez duzuela horrela pentsatzen, baina nik eta gutako beste askok bai eta bai. Erratuta egon naiteke, baina benetan egiten dut bat ETAk egiten dituen analisi politiko asko eta askorekin. Oso hurbil sentitzen ditut nire gurari politikoak haiek argitaratzen dituztenetatik. Primerako begi klinikoa daukala ETAk, herri honi egiten zaizkion jukutriak salatzeko.
Garzón edo beste norbait haserretuko da orain eta apologian nabilela ebatz dezake. Esku loturik eramatea agin dezakete. Entzutegi Nazionalera, seguru asko. Zenbat urte dira horiek? Gauez etorriko dira? Nora eramango naute preso? Gure seme-alabek ikusiko al naute gaizkile baten antzera matrikularik gabeko auto batean nola sartzen nauten? Abisatuko al diote nire familiari, ala galdezka ibili beharko dute non naukaten jakiteko? Eskubideak oro kenduko dizkidate? Jo egingo naute? Iraindu? Umiliatu? Torturatu? Bainera eta elektrodoak niri? Lehenago ere itxi ziguten Euskaldunon Egunkaria ETAk bezala pentsatzen omen genuela eta. Ez litzateke, beraz, lehenengo bider.
Gauzak horrela baldin badira, zer egin behar dut nire pentsamendu hauekin? Pentsatzen dudana pentsatzeari utzi? Zein terapia kontratatu behar da errealitatea beste era batera ulertzen hasteko? Non dute salgai hori? Zein da bide egokia? Pentsatzen dudana ez argitaratzea? Pentsatzen dudana ezkutatzea? Disimulatzea, agian? Nire lana ez al da, bada, zutabe honetan neure iritzia ematea?
Arraioa, ez dago panorama erraz-erraza ni eta gutako askok pentsatzen dugun bezala pentsatzen ibiltzeko. Minbizi edo kantzer bat baino arriskugarriagoak dira gure pentsamenduak. Agian soluzioa pentsamenduen alde guztiak aitortzean dago. Aurkia eta ifrentzua aitatzea, Leon eta Castillo. Ez dakit. Badaezpada, egin dezagun.
ETAk borroka armatuan du itxaropena oraindik. Nik eta gutako askok ez. ETAk jendea hiltzen du. Nik eta gutako askok ez. ETAk bonbak jartzen ditu. Nik eta gutako askok ez. ETAK hau eta hura egiten du. Nik eta gutako askok, ez eta pentsatu ere…
Baina, zergatik bigarren parte hau gaurko zutabean? Ba al zegoen beharrik? Agian lehenengo parteagatik inork zigor ez nazan izango da, edo teknika periodistikoa erabiliz, politikoki zuzen gerta nadin. Ala biengatik.
Alde bateko eta bestekoen dena ala ezer ere ez honek itoko gaitu, azkenean, bi muturren artean bizi garenok.

Hasier Etxeberria. El Mundo. 071013


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5