Neuretzakoak atalaren artxiboa

Neke eta atsegin artean

Ekaina 24, 2008 | Egilea: konatxe

urbasa316.jpg

Zuetako batzuk, aspalditik alua mundua honetako irakurle zaretenok, kexu agertzen zatzaizkidate (bai, zatzaizkidate idatzi dut, zergatik ez hortxe badaukagu aukeran aditz zehatz hori?) sarrera gutxiago egiten dudalako blogean orain beste garai batean baino. Egia da, eta aitortu dudala uste dut, hemen eta hemen, horren kausa eta damua. Baina arrazoiak ere baditut horretarako, azken bolada honetan (eta urtebetera doa!), sekula baino lan gehiago egiten ari bainaiz telebistarako. Honez gero konturatuko zineten SAUTRELA bihotzekoaz gain, baditudala beste zeregin batzuk ere, JATEAREN EGIAK, kasu.

Kontua da, ordea, zuek hori guztia pentsatzen duzuen bitartean, jada beste lan batzuetan dihardugula. Izango da adinagatik edo nik ez dakit zergatik, halaxe egokitu zaigu, eta ari gara bost dokumental ordubeteko egiten gure sukalde maisu izardunenekin: Arzak, Subijana, Berasategi, Luis Aduris eta Arbelaitz. Interesa baduzue eta gaztelaniaz irakurtzen badakizue, emana dugu honen berri ere.

Esandakoaz gain, beste lan batean ere bagabiltza musutruk, David de Jorge lagun maiteari laguntzen haren estraineko telebistaraketan. Gaztelaniaz hau ere.

Konturatuta gaude gezurra zela geure buruaz beti uste izan duguna, ez garela hain alferrak, alegia. Eta atsegina ematen digu gogoko lekuan aldaparik ez aurkitzeak, malda handi askoak aurkitu arren bidean. Izango da masokismoa edo izango da beste perbertsioren bat, baina gustura gabiltza. Damu bakarra, leihatila honetara nahi bezain sarri ez etortzea eta, batez ere, behar besteko patxadarekin ezin ailegatua. Barkatu beharko duzue. Beste behin ere.

(Irudian Karolina eta biok ageri gara, Urbasako errodai batean, duela egun batzuk, Sara Santosen argazkian)

Ehun ume

Ekaina 13, 2008 | Egilea: konatxe

ninosenfilaii.jpg

Bai, ehun umerekin gurutzatu naiz gaur arratsaldean Donostiako kaleetan. 8-10 urtekoak iruditu zaizkit, eta zain zituzten bi autobusetara zihoazen, nonbaitetik bueltan. Donostiako Sto. Tomas Lizeokoak ziren, haietako askoren elastikoek eta zorroek gezurrik ez bazioten, eta poza eman dit haur eder horiek guztiak ikusteak, neuk ere ikastetxe horretan ikasi bainuen 14 urte nituela bota ninduten arte. Umeak zerrenda luzeetan zihoazen, nahikoa suelto espaloian, adinari dagokion eran.

Hasierakoak irakasle eta andereñoen inguruan zihoazen solasean. Baina erdia baino gehiago, bere kasa zihoan atzerago, lagunarteko txorrotxioan. Irakasleen hegalpean zihoazenak, zerrendaren hasierakoak, euskaraz, eta erditik aurrerakoak, irakasleen eragin-zirkulutik kanpo zihoazenak, gaztelaniaz. Eta pentsatu dut, gure garaian errazagoak zirela gauzak, kamarada. Gezurra irudi lezakeen arren.

(Irudia: Valeria Ulman. Niños en fila II)

Traizio gozoa

Maiatza 26, 2008 | Egilea: konatxe

cabecera_fijo.png

Aitortza egingo dizut: soitu.es gunean hasi ginen argitaratzen (gaztelaniaz) joan zen maiatzaren 8an, gure glotonia izeneko beste blog gastroliterarioa. Harrez gero, traidore txiki baten antzera sentitzen naiz alua.mundua.com honetako irakurleekin. Zeurekin, alegia.

Gertatzen da, aluamundua izan arren nire eta gure boglari ibileraren sorburua, orain milaka (omen) ditugula irakurleak han, Espainia Handi guztian. Eta hala, bertigo moduko batean murgildurik, ahaztuxe daukat blog bihotzeko hau. Ez dut itxi nahi, baina zaindu ere ezin dut, oraingoz. Gainera, laino batean sartuta bezala bizi naiz aspaldion eta ezer gutxi daukat inori zintzoki eta hemen esateko. Konta nezake, esaterako, joan den domekako marea baxuan nola ibili ginen karramarrotan, edota sukaldari handien arteko kalapitak nola ez didan eragiten dardara apurrik. Konta nezake, datorren barikuan JATEAREN EGIAK saio berria hasiko dugula ETB1ean, arratseko 21′30tan. Konta nezake Anjel Lertxundirekin lehengo batean izandako jendaurrekoa edo konta nezake nola ari naizen Mark Twainen autobiografia irakurtzen. Konta nitzake mila gauza, kontua da, ordea, ez dudala bat bera ere kontatzeko indarrik. Pasatuko ahal zait ganoragabekeria alu hau. Ikusiko.

Alfertuta nabil

Maiatza 20, 2008 | Egilea: konatxe

 55974159.jpg

Ohartuko zinen honez gero: alfertuta nabil. Pasatuko zait. (Nik uste).

Horoskopoa

Apirila 14, 2008 | Egilea: konatxe

images3.jpg

Bai, hemendik aurrera, horoskopoa egitera dedikatuko naiz blog honetan, eta zure eguneroko etorkizuna asmatzera. Tabakalerari buruz egin ditudan galderek sortu duten interes eskasa ikusirik, hobe dut beste zeregin batean indar egitea, zinez. Edo herriz aldatzea, baina berandutxo da horretarako. Hemen milatik oso gora lagun ibiltzen zarete, baina, antza, nahasturik nabil, interesatzen ez zaizkizuen gaiak plazaratzen. Horoskopoa, beraz. Gainera, ez da ohiko horoskopoa izanen: dado baten laguntzaz egin beharrekoa izango da. Dadoa behin bakarrik bota behar duzu. Hori bai: egurrezko mahai baten gainean beharko du izan (nahitaezkoa da egurrezkoa izatea), tartean ez oihal, ez mantel eta ez bestelakorik. Dadoak eta egurrak, zuzeneko kontaktu materikoa beharko dute izan. Horren arabera jakingo duzu zer gertatuko zaizun. Ez du axola noiz edo non jaiotakoa zaren, azken finean, mahaiaren egurrak eta dadoak bai baitakite noizkoa-nongoa zaren, zodiakoari batere behatu beharrik gabe. Sinets iezadazu, gauza batzuek, anima dute, berez. Sekulakoa. Egia esan, zuk baino konexio kosmiko hobea lortzen dute eurek izar eta planetekin. Seinaleak ulertzen jakitea da kontua. Eta, total, behinola horoskopoa egiteko eskatu zidaten aldizkari batean, bertsotan egin beharreko lana zen, gainera, errima eta guzti, eta nola ezetz esan nien, eta nola beti haren akorduan geratu naizen, ba orain egingo dut, errimarik gabe izan arren, baina aberria eta kultura salbatzeko, kar, kar, oraino egin dudan guztia baino eragingorragoa izango delakoan. Ez dago zaila, egia esan. Presta zaitez, bihartik, etzitik edo etzidamutik aurrera ikusiko duzu zertaz ari naizen, hementxe bertan, alua baita mundua, izatez.

(Oharra: Bost atal bakarrik aipatuko dira: 1-Osasuna; 2-Harreman, sexu eta amodio kontuak; 3-Dirua; 4-Lana eta 5-Bizitza Jeneralean. Hortik aurrera, gehiago ere aipa nitzake, baina segur egon nahi dut nire pronostikoa zurekin bete egingo dela. Menu motza hobea izaten da, goitik behera asmatu nahi bada. Bai, izarretan irakurtzea, kiromantzixa eta kartomantzixa izango dira nire etorkizuneko zeregin. Orain arte bezala, garesti ordaintzen ditudan alferrikako lanik ez hartzen ibiltzeko, diot. Eta horoskopoarena ere ez badabil, eskela eta kiroletara pasatuko naiz. Komo hay Dios).

Morboa

Martxoa 26, 2008 | Egilea: konatxe

549.jpg

Ikusi egin beharko da zenbateraino igoko den enkantean Carla Bruni, Frantziako Lehen Damaren argazki hau. 4000 dolar inguruko prezioan irtengo ei da, New Yorkeko Christie’s-en, datorren hilean. Nago Carla berak eta Nicolas izeneko beste batek, bereak eta bi egingo dituztela Georges Seurat suitzarraren argazkia euren eskuetara joan dadin. Ez dira bakarrak izango. Txori txiki batek esanda dakit, lagun batzuk ere 1000 euroko kutxa amankomun moduko bat egitea ari direla pentsatzen enkante horretan eskuartzeko. Irabazi ezkero,  bakoitzak hiru hilabetez ukan dezake argazki hori bere etxeko hormetan zintzilik, gure amamen garaian Ama Birjinak eta santuak etxez-etxe ibiltzen ziren bezalatsu. Zeuk ere nahiko al zenuke tartean izan?

Aitxa Felix

Martxoa 19, 2008 | Egilea: konatxe

aitxa-felix.jpg

Barren astekariak, gure aitxarekin dakar elkarrizketa 647 zenbakian. ELGOIBARKO IZARRA elkartea nola sortu zuten eta zein helburu eta amets zituzten kontatzen ditu bertan: “Munduari bueltia emateko ilusiuarekin hasi giñan lanian”. Baten batek elkarrizketa hori irakurtzen badu, pentsa dezake gure aitxak beti ikusten duela edalontzia erdi hutsik euskara eta herrigintzari dagokionean. Eta halaxe da izan. Ez dauka sekula atsedenik —”inkonbustiblea” deitzen zion Martin Ugalde zenak—. Horrek ez du esan nahi, ordea, ez dituenik ikusten gauzak diren neurrian, ez duenik aitortzen asko aitzinatu denik. Batez ere Elgoibarren: “Euskeria hilda zauan orduan, eta errazaua zan perretxiko bat bilatzia plazako bankuan azpixan, gazte bat euskeraz entzutia baiño”. Gaur, ordea, Elgoibarren, leku gutxitan bezala sumatuko dituzu gazteak euskaraz kaleetan. Horretarako ELGOIBARKO IZARRA, eta lehenago ONGARRI, eta baita ere DANOBAT, eta ETXEPE, eta IKASTOLA, eta GAUESKOLAK, eta EUSKALDUNON EGUNKARIA, eta FRENTE KULTURALAK eta bestelakoak, eta… eta… Gure haurtzaro eta gaztaroan dena izan zen hari lagundu beharra, etxez etxe beti bost pezetako “kuotak kobratzen”, honetan eta hartan bultzatzen. Eta abar eta abar. Helduaroan ere ez gaitu zeregin horietatik libratu. Ez du sekula esango, baina nago berak ere badakiela bere inguruko mundua errotik aldatu duela, nolabait. Ez nahi beste, hala ere. Hortik samina eta ase ezina.

Denboraren iragaiteaz

Otsaila 24, 2008 | Egilea: konatxe

hec-hondartzan.jpgBerrian, atzo Gaizka Irozen argazkian.

Uste dut Basarri zela, harako hura esaten zuena: “Denbora ez duk pasatzen, geratu egiten duk, norberaren bizkar gainean”. Egia borobila. Baina batzuetan ez gara, hala ere, horretaz ohartzen. Egunero ispiluan agertzen zaigun morroiaren aurpegia ezaguna egiten zaigu, denborak batere eragingo ez balio bezala, eta soilik aspaldiko argazki bat ikusitakoan ohartzen gara denboraren iragaiteak eragiten duen erosioaz.

maurarekin.jpg Duela 20 urte, Uriarteren argazkian.

Handia da aldea, handik hona. Baina niri atzo kontrakoa gertatu zitzaidan, BERRIAk argitaratu zuen nire argazki batekin, lehen lekuan jarri dudan horrekin: ez nuen neure burua ezagutu, etorkizunekoa baita izan argazki hori, hemendik urte batzuetara egiteko modukoa. Neu baino askozaz zaharragoa den gizon bat ageri da neure lekuan. Ehun bat argazki botako zituen argazkilariak, baina horixe hautatu dute argitaratzeko: neu baino hamar edo mila urte zaharragoa den norbaitena. Eta jartzen naiz pentsatzen argazkiko hori bezala ikusiko nautela besteek benetan, bestela ez zutela halakorik argitaratuko. Eta erabakitzen dut decalage ikaragarri bat dagoela norberak uste duenaren eta besteek norberari buruz duten ustearen artean. Edo antzeko zerbait. Kontua da, bietako bat, argazki kamera edo neu, gezurretan dabilela. Auskalo. Edurne Zurik bezala, nire ordenadoreko ispilutxoari esaten diot egiteko argazki bat, oraintxe bertan, jaiki berritan, orraztu eta bizarra egin gabe nagoen honetan. Eta egin egiten dit.

foto-102.jpg Gaurtxe, ene Mac-ean.

Ez hori eta ez hura, honako hau naiz, beraz, une honetan. Eta nork duen arrazoi erabaki ezinda geratzen naiz, ostera: kamerak ala nik.

Agur eta adio

Otsaila 9, 2008 | Egilea: konatxe

images2.jpg
Ez nuke asmatuko esaten zehazki zenbat izan diren, baina, kalkulu batean, 500etik gora zutabe idatziko nituen leku honetan bertan. Izan ere, El Mundo del País Vasco sortu zenetik bainago hemen, asteroko sermoia ematen. Eta badira dozena bat urtetik gora.
Oroitzen naiz gazteagoak ginela orduan, oh tempora, oh mores, eta ez ginela orain garen honen modukoak. El Mundo ere beste bat zen orduan, gaurkoarekin zerikusi handiegirik ez zuena. GAL auzian egindako joko erabakigarritik zetorren eta ematen zuen alfonbra berri bat jarri behar ziola egiak kontatzeko langintzari. Berritzailea zen orduan El Mundo, eta berritasun horretan kutsaturik hasi ginen geu hemen idazten: Mariano Ferrer, Javier Ortiz… Halako maisuekin erraza zen bidean eroso ibiltzea.
Handik hona zeuok zarete testigu, El Mundoren lerro editorialean eta nire zutabean esaten zirenak guztiz izan direla kontrajarriak. El Mundok A esaten bazuen, nik B esaten nuen, edota Z. Horregatik egon naiz tentatua, dozena erdi bat bider, leku honetan idazteari utzi eta zutabegintza antzarak ferratzera bidaltzeko. Baina, egia, inon ez dut aurkitu zutabe hau egiteko izan dudan askatasun eta errespeturik. Sekula ez zait ezer leporatu edo gaitzetsi etxe honetan, eta eduki izan dute aukera, bai horixe. Mila bider haserretu naiz komunikabide honen titular eta editorialekin, baina neure lanari dagokionean, zin dagit ez dudala ezagutu berdinik. Eta paper ofizialetan esaten den bezala, behar den unean indar izan dezan, halaxe sinatzen dut gaur eta hemen.
Baina iritsi da partitzeko tenorea: hauxe duzu azkena, irakurle. Zutaberik gabetan, orain psikiatra bat bilatu beharko dut nire abade konplexu honek okerragora egin ez dezan. Egia da zutabe bat astero idaztea, ez dela berez lan zaila. Baina egia da, halaber, buruan leku asko hartzen duela. Ordu erdi batean konpontzen ahal den idazte lana egin ahal izateko, pare bat egunetako ezinegona bizi behar duzu zeure baitan lehenbizi:  zer esan asmatzeko eta nola esan asmatzeko.
Amaitu zaizkit lan horiek guztiak eta libreago biziko naiz orain, hegoak arinago astinduz. Gainera, zuk ere ez duzu gauza handirik galduko ezen nik egin ditudan zutabeak fortuna gutxikoak izan dira gehienetan. Esango nuke funtzio sanitario bat ederki bete dutela nirekin, baina hortik aurrera ezer gutxi: egin ditudan pronostiko ia gehienak ez dira sekula bete, eta hemen kontatu diren nire obsesioek, beren lekuan segitzen dute obsesiboki. Ez dut inoren bizitzarik konpondu, ez dut mundurik salbatu… Irakurri ere ez dakit baten batek irakurriko ote zituen neuk idatzitakoak. Baina pozik noa hemendik. Ez pentsa malkoak ditudanik begietan behera letra hauek idazteko unean. Bai zera!
Ongi hezitakoarena da, ordea, eskerrak ematea, eta horixe baizik ez dut nahi gaur: eskerrik asko El Mundo del País Vasco honetako kideei, eta eskerrik asko zeuri, baldin eta gaur baino lehen, inoiz edo behin leiho honetara hurbildu baldin bazara.
Hasier Etxeberria. El Mundo. 080209

Uzki kontuak

Otsaila 4, 2008 | Egilea: konatxe

images.jpg
Ikasitako hitza da uzki. Gurean beti deitu izan zaio ipurtzulo, atzeko zera edota zereko zera. Ikasi nuenetik asko erabili dudan hitza izan da uzki, iruditzen baitzait askoz finagoa dela bigarrena baino. Pur eta tzulo silaba horiek gogortxoak dira edozein belarrirentzat, baita arrotza izanda ere. Egin ezazu bestela froga eta esaiozu eskimal bati, edo turkiar bati Ipurtzulo!, eta ikusiko duzu nola ez dizun egiten irrifarrerik . Aldiz, uzki hurbilago dago ezti, eki eta halako izen ederretatik. Ez esan niri ezetz. Ostera, atzeko eta zereko zera, ongi daude bertsolarien artean erabiltzeko (lera, gera, behera, txera…), baina hizkera arruntean eufemistikoegiak direla esango nuke. Hala ere, gaurko kontuak ez zuen izan nahi etimologiari buruzkoa, edo kultura jeneralekoa, izan ere, ez ipurtzulo eta ez uzki, batere gabe utzi behar gaituzte Espainiako jujeek. Dena eta denok debekaturik, uzkitik libratzea ere bai, ematen du ez direla konturatu, aire, zirin edo solido izan, nahitaez egin beharra izaten duela gizakiak egin beharrekoa, lehertuko ez bada. Bost axola haiei, ordea, gu ez baikara gizakiak, gu euskaldunak baizik ez gara. Etsaiak baino ez. (Urte askotarako!). Eta jakinekoa, etsaiari zernahi: Guantanamo edota Audientzia Nazionala.

Osaba Javier

Urtarrila 26, 2008 | Egilea: konatxe

 tio-javier039.jpg
Kilipa egiten du norberaren osaba postako zigiluetan ikusteak. Osaba Javier zen, Arriola IV ezizenaz ezagunagoa. Pilotari aparta (munduko eta Espainiako txapelduna zenbaitetan), eta pertsona hobea, gainera. Haren zapatila hondatuak erabiltzen nituen harro. Gauza aipagarri bat ere erakutsi zidan: ezberdinak direla norberak galtzea eta besteak irabaztea. Izan ere berak ez zuen sekula partida bat galdu. “Zer, tio, gaur ere galdu?”, galdetzen banion, azkarra zeukan erantzuna: “Ez, besteak irabazi!”.

Pause

Urtarrila 21, 2008 | Egilea: konatxe

gse_multipart21547.jpgmadrid_fusion_08.jpg

Argazkiko bi urdeak Madrila goaz bihar, gonbidatu egin baikaituzte hitzalditxo bat eman eta mahai-inguru batean eskuartzera Madrid Fusión deritzan kongresu erraldoi horretan: GASTRONOMIA E INTERNET du izenburua. Gaur bertan izan ditugu TVE1koak galdezka, kamerekin. Geure ondoan aspaldiko arerio bat, gutxienez, izango dugu han, Maribona jaun txit agurgarria, ABCko kritikaria bera, eta Ansón eta konpainia, haren itzala indartzera joanak. Maribona jaun honek egundokoak idatzi zituen guri buruz PORCA MEMORIA argitaratu genuenean: separatistak, nazionalistak, etnozentristak… Ia ETAko egin gintuen gastronomia eta memoriaren aitzakian egindako literatura liburuaren karietara.

gse_multipart2792.jpg

Ez goaz mendeku bila, baina Maribona jaunak, barruko arropak zirintzeaz gain, nahikoa lan izango du bihotzekoari eusten esan behar ditugunak entzutean: Espainiako kritika gastronomikoa (bera tarteko nabarmen dela), ergelkeria huts bihurtuta dabilela. Futitu egiten garela. Ez diogula aspaldian begiratu ere egiten. Bost axola zaigula eskarola hostoa plateraren erditik zenbat milimetrotara dagoen ala jatetxe bati 8′75 ala 8′80 ematen dioten. Halarik ere, biziki maite dugula gastronomia (bere luzezabalean), eta aitzakia bikaina egiten zaigula GLOTONIA geure blog gastroliterario arrakastatsuan sorkuntzarako. Ez, ordea, eurek lantzen duten zentzu ustelean. Horiek eta gehiago, guztiak arrazoiturik eta ideario moduko baten inguruan antolaturik daramatzagu esateko. Ikusi egin behar sua pizten ote dugun. Hobe bai, hala balitz, eta baten bati erreko balitzaio gutxienez panderoa: dei diezagutela gero nahi dutena, baina ongi merezia bedi. SUKALDEAN eta RECETANIAren aipamenen bat ere egingo dugu, prefosta, geure ume baitira horiek ere. Beste lan batzuk egiteko ere probestuko dugu bidaia, ez baikara oso hara joan zaleak, eta behin bidaia eginda, hobe etekinekin itzultzea. Baina ez nizuen honetaz guztiaz hitz egin nahi, esan nahi nuena zen, bidaia hori dela eta, hiruzpalau egunean ez dela hemen sarrera berririk izanen. Ez, behintzat, hotelean ez badago konexio on bat.

Kukurrust

Urtarrila 18, 2008 | Egilea: konatxe

Iazko martxoan egin genuen galdera: zein da hitzik ederrena zeuretzat? Urruti dago martxoko egun hura. Agian horregatik da estimatzekoa, Txarroaldek orain erantzun izana, esan nahi baitu, aspaldiko sarreretan ibili dela begira geure blogean. Heroia, azken finean. Bere ustez, hitzik ederrena, Deustuko toponimo bati dagokio: KUKURRUST.

(Zer ote da: kale bat, bazter bat, muino bat…? Ba ote dauka argazkirik?)

Ezinezko maitasunak

Urtarrila 15, 2008 | Egilea: konatxe

images1.jpeg
Bai, badakit testuinguruan jarri behar dela, politika ez dela inuzenteen abildadea eta hori guztia, baina, azken finean, Marian Beitialarrangoitiak Iruñean botatakoa, amodio aitorpen bat baizik ez zen izan, kontu intimo baten aitortza.:“Igor Portu, Mattin Sarasola eta gartzeletan sakabanatuta zaudeten preso guztiak, MAITE ZAITUZTEGU!”. Horixe esan zuena, horixe irratiz entzun niona. Eta gogorrena: neuk ere maite ditut. Guzti-guztiak ez badira ere, bai ia denak. Eurek akabatu zituztenak maite nituen bezala. Hauek ere guzti-guztiak ez, baina bai ia denak.

Rugby kontuak.

Urtarrila 7, 2008 | Egilea: konatxe

 images1.jpg
Urte Berriarekin ez nuke ezkorregia agertu nahi, baina atzo bazkalondoan Hendaia-Barkoxe rugby partida baten bigarren zatia ikusi nuen, hementxe, gure etxetik pauso batera dagoen estadioan. Baina barkatu, gaizki diot, Hendaye-Barcuseren artekoa izan zen partida. Ez ditut mila belarri, baina  ez jokalariek, ez ikusleek, ez bozgorailuek ez zuten hitz bakar bat erabili euskaraz. Areago, extralurtar bati bezala behatu zidaten, guztiz harriturik, txartel saltzaileak eta baita tabernako hendaiar jator askoek ere, neure beharrak eta garagardoak (bierak) euskaraz eskatu nizkienean. Ene euskararen doinu arrotzaz jabeturik, espainieraz erantzun zidaten gehienek, edo frantsez geldo zozo horretan, ahal izan zuten moduan. Han populua zegoen matxari begira, eta populu haren burutik pasatu ere ez da egiten Frantziako frantses baizik ez direnik. Gernikan arbola bat denik ere ez dakite eta ez dute jakin nahi. Hori bai, matxaren finieran, Paquito El Chocolatero eta beste pasodoble zezentar batzuk jarri zituzten euren jatortasunaren adierazle, muga-mugan baitago Hendaia, mundu guztiak dakienez. Oso sarri (sarriegi), errealitateak erakusten dit, Xaho eta Abbadiaren Zazpiak Bat ospetsu hura, ametsa baino, Hegoaldeko ni bezalako artaburuen fantasia eroa baizik ez dela.  Ene herrian ere ez dut kausitzen jada lekurik. Abaltzisketara edo Amorotora beharko dut emigratu ekosistema egokiaren bila, basurdeen antzera, zailegia baitago honi guztiari buelta ematen. Ez bainaiz nor, ez baitakit nola, ez baitaukat jada indarrik ez eta ere itxaropenik.


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5