Egizu klik atalaren artxiboa

Bera ote?

Martxoa 5, 2009 | Egilea: konatxe

Jeltzaleen inguruko arbola batean aurkitu ei du lagun-txoritxo batek honako bideoa. Bera ote da, benetan? Gure Lehedakarigaia ere halakotan? Arraioa, egiozu klik argazkiari eta harrituko.

patxilopezcambio

Babalore bikain askoa

Martxoa 5, 2009 | Egilea: konatxe

Deabruak ere ezingo du ulertu Jakoba Errekondori nondik eta nola sortu zaion Argia astekariak dakarren bere botanika orrialde betiere loriatsua gisa honetara egitea, baina egundoko mesedea egin digu hainbeste sinonimo eta kide zerrenda bakarrean bilduta. Hor ari dira gure seme-alabak, haserretzen  bakoitzean erdaretara jotzen, geurean baliokiderik ez balego bezala. Con! esaten dute gureek, !imbécil!, esango dute zuenek. Eta halakoak.

Oso eskergarria iruditu zait Jakobaren ekarria, eta erabilgarria zeharo garaiotan. Aitortza horrexen lekuko baizik ez dute izan nahi lerro hauek.

babalorea008

Potrorik ez, obariorik ere ez.

Otsaila 25, 2009 | Egilea: konatxe

410017723_42df87bd1f

Erabakita neukan datorren domekako hauteskundeez hitz erdirik ere ez egitea: kanpo bizi naiz, ez dut politika jarraitzen, ez dut sekula asmatzen, zer dakit nik, ez naiz inor… etc. etc. Baina hara non kanpainako gauza batek eman didan arreta, izan ere, gehienetan, entzuten ez den zarata isila baita funtsezkoena oinarrizko kontua ulertzeko. Eta hala, 1978 urteko Constitución Española delakoaren erreferendum kontuak ateratzen hasi naizen, inork ez baitit ukatuko Constitución horrek gobernatzen duela gure bizitzetan edo, bederen, Hegoaldean bizi zaretenongan. (Hemen, Iparraldean, gauzak ez daude berdin, ez eta gutxiago ere. Hemen, Grandeurraren eta Republic-aren izenean, egunero ikusten dugu gure herri eta kulturaren suntsipen etengabea. Baina beste kontu bat da hori, lau katuri baino ardura ez diguna, antza. Bego, beraz. Edo bedi). Noan harira.

Nafarroa barne sarturik, 1.914.000 hautesle ziren/ginen orduan, 1978garren urtean. Haietatik, 934.005ek erabaki zuen botua ematea. Horietatik 631.402k baietz, ona zela Constitución hura, eta 203.995k ezetz, ez zela bidezkoa. Gainera boto zuria eman zuen 5.231 lagunek eta baliogabea 13.367k. Beraz, esan liteke, baiezkoa atera zela, Hego Euskal Herriko populuak baiezkoa eman ziola gure/zuen bizimodua arautzen duen antolamendu politiko nagusiari.

Alabaina, botoa eman ez zutenak (berariaz eman nahi ez zutenak, barne), gehiago izan ziren botatzera joandakoak baino: 45.970 pertsona gehiago, 979.975 izan zirelarik guztira.

Eta nik diot, nola arraio ez du inork hitz egiten arautzen gaituen/zaituzten Lege Nagusiaz? Espainiako Konstituzioa 631.402 herritarren botoarekin irten zen aurrera gurean, 1.914.ooo hautesleren populaziotik. Horrek balio du, eta ez beste ezerk. Horrexek balditzatzen gaitu, horrexen harira dugu hitz egiten, geure proiektuak aipatzen. Botoa emateko gai zen populuaren %32,04aren borondateak gobernatzen gaitu/zaituzte gaur eta beti. Erotuta gaude, ematen du geuk egiazki egin gabeko historiak azpian zanpa gaitzala nahi dugula, eta haren araberako araudia onartu. Eta inork ez daukala potro/obariorik horretaz mintzatzen hasteko.

Nor Lehendakari? Ez dago zaila erantzuna: naturalki eta demokratikoki behar genukeena behintzat ez.

screen-capture-12

Krisiaz

Otsaila 19, 2009 | Egilea: konatxe

screen-capture1

Egizu klik argazkian eta, denbora baduzu, ikusi. Lagun batek bidali dit . Ekonomia kapitalistari buruzkoa da. Lehen zatia bakarrik ikusi dut eta dardarka nago.

(Osorik ikusi dut geroago eta baditu zientzia fikzio zertzelada fantastikoak, baina, oro har, gauza interesgarri asko ikusten (ikasten) dela, esango nuke. Egia esan bi ordu askotxo da gure abiaduran bizi denarentzat. Agia, saioan aipatzen den “etorkizuneko gizaki zoriontsuak”, edukiko du geuk ez dugun patxadarik horretarako).

Birala eta gu

Otsaila 3, 2009 | Egilea: konatxe

 img_0073.JPG

(Ez dakit nola esaten den euskaraz viral eta Elhuyar hiztegira jo dut ikasteko: biral. Ederki, ba, biral esango diogu aurrerantzean geuk ere, nahiz eta B batzuk egundoko mina egiten diguten begietan, bideo hitzaren B horren antzera. Bedi, beraz, biral.)

Kontua da publizitate birala, gaur egunean hain erabilia den elur-bola hori,  geuk ere frogatu nahi izan dugula. Helburua Digitalak ekoiztetxeak ETBrentzat eginiko bost euskal sukaldariren dokumentalen berri Espainian lau haizetara zabaltzea zen, eta nago, nolabait lortu dugula. Gente digital delakoak dioenez, ikusienen artean ibili da gure albistea, idazpuru edo titular hori-horia jarri baitzioten Soitu-koek: La bronca de Arzak y Adriá por una anchoa. (Milioi bat erabiltzailetik gora ei du Soitu-k.)

Dokumental horiek emanak ditu euskaraz ETB3k eta aurki izango dira, gaztelaniaz, ETB2n. Telebista merkatuetan ibiltzeko asmoa ere badu, serie honek. Ikusi egin behar biralaren kontu honek onik ekarriko dion ala ez. Baiezkotan nago.

Informatika arraioa!

Urtarrila 29, 2009 | Egilea: konatxe

Strip-tease FR3ko telebista saioan ikusi nuenean, ezin nuen begien aurrean neukana sinetsi: hiru pertsona ordenadore bat piztu nahian eta asmatu ezinda. Egia esan, web bat egiteko intentzioa zuten gaizoek, euren negoziaren lagungarri edo. Gaur youtuben aurkitu dut ostera, eta ez badut orduan adina algara egin —bai baitu patetikotik ere bideo honek—, ezin izan diot irriari eutsi. Egin klik argazkiari. (Frantsesa ulertzen baduzu, hobe).

screen-capture1.png

Traizio gozoa

Maiatza 26, 2008 | Egilea: konatxe

cabecera_fijo.png

Aitortza egingo dizut: soitu.es gunean hasi ginen argitaratzen (gaztelaniaz) joan zen maiatzaren 8an, gure glotonia izeneko beste blog gastroliterarioa. Harrez gero, traidore txiki baten antzera sentitzen naiz alua.mundua.com honetako irakurleekin. Zeurekin, alegia.

Gertatzen da, aluamundua izan arren nire eta gure boglari ibileraren sorburua, orain milaka (omen) ditugula irakurleak han, Espainia Handi guztian. Eta hala, bertigo moduko batean murgildurik, ahaztuxe daukat blog bihotzeko hau. Ez dut itxi nahi, baina zaindu ere ezin dut, oraingoz. Gainera, laino batean sartuta bezala bizi naiz aspaldion eta ezer gutxi daukat inori zintzoki eta hemen esateko. Konta nezake, esaterako, joan den domekako marea baxuan nola ibili ginen karramarrotan, edota sukaldari handien arteko kalapitak nola ez didan eragiten dardara apurrik. Konta nezake, datorren barikuan JATEAREN EGIAK saio berria hasiko dugula ETB1ean, arratseko 21’30tan. Konta nezake Anjel Lertxundirekin lehengo batean izandako jendaurrekoa edo konta nezake nola ari naizen Mark Twainen autobiografia irakurtzen. Konta nitzake mila gauza, kontua da, ordea, ez dudala bat bera ere kontatzeko indarrik. Pasatuko ahal zait ganoragabekeria alu hau. Ikusiko.

Surrealismoa oso erreala denean

Maiatza 13, 2008 | Egilea: konatxe

images.jpg

Quim lagunak bideo bat ikusteko aholkua luzatu digu. Algara batzuk bota ditugu hari begira.

Han egonik hemen gira; eta hemen egonik, han

Maiatza 12, 2008 | Egilea: konatxe

Bai, airean gaude azkenez. Hementxe.