Iraila 24, 2007 | Egilea: konatxe

Oskar Alegria lagunak, sarean jarri ditu bere argazki eta testu zenbait. Tokio, Berlin, Erroma eta Londonen eginiko ibilerak dira. Bagenekien Alegria jauna ez zela edozein eta ez zela edonolakoa: gai da hutsarekin edertasuna sortzeko. Baina oraikoan, argazkiez gain, testu zoragarriak ere badakartza, ironia finez igurtzitako bonboi bikainak bailiran. Gusto duenarentzat, aukeran.
Atalak: Artea |
Abuztua 7, 2007 | Egilea: konatxe

Bai, musika kontuetarako ezjakintasuna izango da seguru asko, mundutik aparte xamar bizitzea ziurrenik, baina ez dut sekula ulertu 80ko hamarkadan ezagutu genuen musikari bikote frantziar hark, LES RITA MITSOUKO izen estrabagantedunak, nola ez zuen izan harrera hoberik geurean. Oroitzen naiz haien bi lehen diskak erosi nituela (Rita Mitsouko, The No Comprendo) eta hilabeteak eman genituela haien kantuetan zintzilik. Garai posmodernoko eklektizismoari, ironia eta gatza ezartzen zieten. Rock, punk, funky, chanson francaise… dena nahasten zuten era interesgarrian. Orain Youtuben ikusi ditut berriro. Garai hartako kanturik ezagunenak aurkitu ditut bertan: MARCIA BAILA, C’EST COMME ÇA eta, batez ere, LES HISTOIRES D’A gogoangarria. Gozatua berritu zait eta irri egiten dut Madril aldeko hainbeste Cristina Vestringe, Najwa Nimry eta antzeko supermodernoak aipatzen dizkigutenean.
(Sarrera hau idatzi ondoren, haien gunera joan naiz: bizi-bizirik daude eta nola! Bizpahiru pieza zoragarri daude bertan)
Atalak: Artea |
Apirila 19, 2007 | Egilea: konatxe

Sin fin, islaren isla jarri dio izena azkenean. Ondo jarritakoa, arraioa. Hemendik ordu pare batera zabalduko dute Koldo Mitxelenan Jose Ramon Amondarainen erakusketa, Ekainaren 16a arte. Lehenago ere esan nuen zerbait honetaz alua.munduan. Baina, egia esan, hobe nuke isilik egonda, hitzek ez baitute, askotan, sentitutako zirrara urrutitik ere adierazten jakiten. Xantza paregabea izan dut gaur eguerdian JR berarekin erakusketa ikusi dudanean. Mekauen zotz, hau da hau maisua! Jolas egiten du, behin eta berriz. Lan bakoitza zeuk amaitu behar duzu: argazki zuri-beltzeko batetik, pintura bat, haren argazkia gero, eta ondoren, deskuidantzen bazara, haren fotokopiaren pintura erraldoi bat… Mila munduren oihartzuna, behin eta berriz errepikatua. Beltz bat egurrezko kaxa baten azalean. Zer egiten du hor? Kristalean margotutako koadro beltz eta hori bat, nik sekula ikusi dudan dotoreena. La Virgen! Hobe nuke, bai, isilik, hitzik aurkitu ezin denean. Oteizaren lanak, Saphirorenak, Shermanenak, Wallenak, Badiolarenak… denak jolasaren aitzaki. Lekutan geratzen da Warhol! Ez dut nehoiz kausitu pintatzeko halako abildadea daukan pertsonarik, zer pintatuak baizik ez baitu kezkatzen JR. Hormatzar itzelak pintatuko baditu ere, lanak ez du batere kezkatzen. Hori erraza da oso (berarentzat, jakina). Birtuosoa da. Gaiak du erakartzen, eta ni ere bai: kopiatzean bakarrik erakus dezakezu benetan zer zaren (nola ikusten dituzun gauzak, teknika menperatzen duzun ala ez, nola asmatzen duzun erreproduzitzen, zer den artelan bat zuretzat, zerk daukan garrantzia, zein kezka plastiko interesatzen zaizun…). Ez galdu, otoi. Berdin dio azaleratutako teknikak (pintura, pintura eta pintura, eskultura, argazkia, instalazioa… denak menpe Amondarainek). Zoaz azkar eta gero esan erratua nabilen ala, aitzitik, gaur eta hemengo artista handienetako baten aurrean ez ote gauden. Pintoreetan pintore Amondarain. Bai jauna. Artista jendea, ezbairik gabe.
Atalak: Artea |
Martxoa 23, 2007 | Egilea: konatxe

Honakoa jarri dut Sustatu.com-en. Parte hartu nahi baduzu, hantxe erantzun, otoi.
TABACALERA Kulturuneak izen zatarra du, eta gaztelaniaz, gainera. Barnean TBK (tebeka) deitzen diote, probisionalki. Oraingo zuzendaritza taldea ez da ausartuko halakorik egitera, baina zergatik ez dugu SUSTATUn izen proposamen andana bat egiten?
TABAKOTEGIA balitz, tira, baina behin izena aldatzen hasita, hobe litzateke izanari hobeki erantzungo dion besteren bat aurkitzea. Ez ahantzi, behin eta berriz entzungo dugun izena izango dela, eta hobe, beraz, egokia jartzen bazaio. Seguru asko ez digute kasurik egingo, baina zergatik ez saiatu? Agian proposamen ederrak sortuko dira hemen. Sorkuntzaren gune irekia ez du izan nahi, ba, TABACALERAk? Txarren txarrenean, izenak baztertzeko balioko du. Ez ala? Neu hasiko naiz, lotsa apur batez: IOLA. Bai, IOLA. Irudi Ola-ren laburdura. Bigarren bat ere proposatuko nuke SOLA (Sorkuntza Ola), baina gaztelaniaren auzokidetzak kalte egiten dio. Ene ustez bi silabakoa behar luke, eta esaten erraza MOMA-ren antzera. Izan ere “Garaikide” hitz luzeegia da zernahitarako. Eta “Ikusentzuneko”, zer esanik ez.
(Eta bide batez, txiste txar bat: Donostian, Urumea ibaiaren gainean dago TABACALERA, baina gehitxo izango da harentzat IBAIGANE proposatzea, ezta?)
Atalak: Artea |
Otsaila 19, 2007 | Egilea: konatxe

Gaur amaitu da ARCO, Madrilen egiten den arte garaikidearen azoka. Lau egun egin ditut bertan sartuta, eta aspalditik hazten zetorkidan asuntu batek goia jo du: artea ala dekorazioa? Zalantzarik gabe baziren gauza eder askoak, baina ia ezerk ez du zerikusirik artearen historian txertatzearekin, ikuslea asaldatzearekin, intuizio berriak proposatzearekin… Banalizazioa erabatekoa da eta soilik edertasunak daukala leku ematen du eta, gainera, edertasunaren kontzeptua bera ere aldakorra dela erabat, ikustearen poderioz aberrazioa ere eder bilakatzerainokoa. Pesimista naiz oso, ikusten baitut abangoardi historikoak gainditu, posmodernitatea pasatu eta hipermodernia aldi honetan, arte garaikidea ez dela ezer baldin eta aberatsen etxeetako hormetan egoteko ez bada. Nahiko negargarria da ikuspegi hori nire antzeko inuzente batentzat, arteari beti lan eta zeregin handiagoak ezarri dizkion batentzat.

Prado museora ere joan nintzen, Tintorettoren erakusketa ikustera. Eta ohartu nintzen, XVIgarrenean ere gauzak ez zirela hain desberdinak, funtsean artea beti izan dela gauza bera: aberatsen etxeetako apaingarri soil. Ez ala?
Atalak: Artea |
Urtarrila 22, 2007 | Egilea: konatxe

Cashback du izena Sean Ellis-en film honek. Ingelesez dago egina, eta frantsesez azpidatzia. 18 minutuko luzera, eta Tribeca-ko lehiaketa irabazi zuen laburren arloan. Ben izeneko arte ikasle baten bizitzaren zati bat kontatzen du, hipermerkatu batean lan egiten duenean, zernolako harreman aparta duen denborarekin. Oso ederra egin zait bere xumean, ez alferrik, argazkilaria ere bada Sean Ellis. Hementxe dago ikusgai.
Atalak: Artea |
Urtarrila 22, 2007 | Egilea: konatxe

Aurreko post-a irakurrita, badirudi Schwitters gizon arras serioa zela, eta izango zen akaso, baina bizitzan eten gabe jardun zuen sortzen. Denetarik egin zuen pintura, publizitatea, musika, eskultura… Nolabait esateko, “bizirik” bizi zen gizona izan zen. Soldaduskatik libratzeko, esaterako, bide original bezain arriskugarria erabili zuen: agintari militar guztiak, zutena baino gradu askoz handiagoz tratatzen zituen, nazkatuta kaleratu zuten arte. Baina haren bizitzatik irrigarriena egin zaidana, broma bat da, kalean etorri zitzaion hitz totel ezezagun bati egindakoa. Halatsu kontatzen zuen:
— Ba al daddakikizu nnnon aaaurki dededezakekedan kukukuprezko ilililtze bbbat?
— Bai, gizona, hango kale hartatik gora hartu, et bigarrenean ezkerrera eginez, segi arbola handi bat aurkitu arte, eta berriz ezkerra hartuz aurkituko duzun kale txiki batean daukazu burdindegia.
— Eskekekerrrrikaskasko.
— Ez dago zertan, gizona.
Nik, ordea, lasterbide bat ezagutzen nuen eta hura baino lehen iritsi nintzen burdindegira. Eta hitz totelarena eginez, esan nion dendariari:
— Ba al dadadaukkakazu kukukukuprezko ilililtze bat?
Handik gutxira etorri zitzaidan dendaria kuprezko iltze bat eskutan zuela, eta nik:
— EEEz, handididiagoa bebebehar dut.
Eskailera bat hartu eta han hasi zen goiko apal altuetan begiratzen, 25 zentimetroko iltze ikaragarri bat aurkitu zuen arte.
— Hohohori bababai. Hohohori egokikikia da. Eta orain ilililtza ezaezaezazu zeure zeure ipuripurdian!— Eta alde egin nuen dendatik.
Kale bazter batean geratu nintzen urrutitik begira eta, han ikusi nuen benetako hitz totela burdindegira sartzen… eta aringainga bizian bertatik irteten ere bai.
Atalak: Artea |
Urtarrila 21, 2007 | Egilea: konatxe
Kurt Schwitters(Hannover 1887-Ingalaterra1948)
Artista gutxik biziko zuen artegintza Kurt Schwitters-en pasioarekin. Itzela zen: dena bilakatzen zuen artegai eta etengabe aritzen zen horretan, baita kontzentrazio eremu batean presotu zutenean ere. Collagegintzan nabarmendu zen, baina artearen teoriari ere sekulako bultzada eragin zion. Honela idatzi zuen Arte Proletarioaren Manifestuan, beranduago Tzara, Arp eta abarrek sinatuko zuten hartan: “Arteak libre behar du berezkoak zaizkion bitartekoak erabiltzeko, baina bere lege propialei bakarrik egon behar du lotuta. Axaleko baieztapena irudi lezakeen arren, berdin-berdin dio baten batek Trotski gudaroste baten aitzinean margotzeak, ala Napoleón pintatzeak gudaroste inperial baten gidari. Koadroaren arte-balioarentzat berdin dio lan horrek sena iraultzaileak ala bestelakoak pizten dituen. Artearen ikuspegitik, biak dira iruzurrak”. Eta aurrerago: “Talentu txikidunek ezin izaten dituzte gobernatu gauzen egiazko proportzioak. Kultura eskasagatik mugatuak izaki, arte proletarioa egin nahi izaten dute, hots, politika estadu piktorikoan”.
Atalak: Artea |
Urtarrila 13, 2007 | Egilea: konatxe
Alvarez Rabo: autoerretratua
Alua mundua izeneko blog honetan ibili bazara inoiz, honez gero jakingo duzu zein lagun txarrak ditugun bertan. Álvarez Rabo jauna dugu guztien artean aluena. El Víbora, TMEO eta antzeko aldizkarietan argitaratuagatik, komikigile bezala suizidatua zegoen aspaldi, euskaraz berpiz zedin eskatu genionean. Eta berpiztu, berpiztu zen geuri egiteko trastada. Orain blog bat egiten laguntzeko eskatu digu egindako gaiztakeria haren ordainetan, eta, nola ez ba, lagundu egin diogu bere bloga sortzen. Lagunen lagun gara gu eta, batez ere.
Alabaina, ez du interneteko airean asko iraungo haren lanak. Aurki kenduko dute dagoen tokitik, eskandalua eta sexu-zirikatzea baitu helburu Rabok eta, ez dirudien arren, blogen munduan zentsura handia baitago egon, batez ere erabili dugun BLOGGER puritanoan. Bien bitartean, nire aholkua har ezazue kontutan: mesedez eta faborez ez zaitezte sartu haren blogean. Damutuko zarete benetan. Gainera, ez dago euskaraz. Jasanezina da Rabo jauna: telefono-erantzungailuan neukan gaur haren ahotsa: redios, pon este cacharro en castellano, que no te entiendo nada, zioen Madriletik. Esan diot bera ez dela hipermodernoa, ez dakiela zer esaten duen Lipovetsky jaunak. Sustraiak behar direla gaur eduki eta lortu, gizarte hipermodernoan nor izan nahi bada. Erantzun dit, berak ez diola sekula kasurik egingo deitura errusiarra duen zakil bati. Eta klik egin du telefonoak, hariaren beste aldean.
Atalak: Artea |
Urtarrila 10, 2007 | Egilea: konatxe

Ikusitakoak ikusita, eta irakurritako paradoxak irakurrita, atzoko kontu bera baino ez datorkit gogora: Bi punturen arteko distantziarik luzeena, infinitua da.
Atalak: Artea, Politikaz edo |
Urtarrila 9, 2007 | Egilea: konatxe

Juan Luis Moraza artista gasteiztarra da gurean artelan kontzeptualenak egiten dituenetako bat. Bere proposamenak zailak izaten dira (estetikoki), gogorrak eta, askotan, hotzak. Baina beti zentzuz beteak, ikuslea kezkaz aseta eta kolokan uzten dakiten horietakoak. Artearen zeregina esplikatzen ere aparta da Moraza. Haren katalogoetako testurik gehienak mamitsuak, sakonak eta guztiz izaten dira iradokorrak. Esaldi bat lapurtu diot:
Bi punturen arteko distantziarik luzeena, infinitua da.
Atalak: Artea, Politikaz edo |
Abendua 28, 2006 | Egilea: konatxe

Oraintxe itzuli naiz J.R. Amondarain artistak Ergobian daukan estudiotik eta, arraioa!, oraindik ikusitako guztiaren kulunkan nabil. Datorren Apirilean Donostiako Koldo Mitxelenan egingo duen erakusketa handia dihardu prestatzen. Neurri ikaragarriko koadroak, eskultura batzuk eta baita neurri txikiagoko beste margo batzuk ere, oso finak. Tematika zabala darabil: errealitateari argazkiak egin eta gero hura pintatu, Sherman eta bestelakoen argazki ezagunetatik koadroak egin, museoetako kopistak margotu… Amondaraini berdin zaio lan abstraktu edo figuratibo bati heltzea. Lan batzuetatik besteetara dagoen tartea aipatu diodanean, “guztietan nago ni” erantzun dit. Eta egia da. Egia galanta, koadro guztiek baitute haren kutsu ukaezina, baita artearen historiako lan ezagunak erabiltzen dituenean erreferentzia gisara ere. Itzela izan da eman digun ikuskizuna eta itzela egiten ari den lana. Esango nuke gaur bertan hemen dugun pintore handienetakoa dela bera. Apirilean egiaztatuko da hori. Lagunok, ahal baduzue, ez galdu erakusketa hori.
Atalak: Artea |
Abendua 25, 2006 | Egilea: konatxe

Wo! I feel good, I knew that I wouldn’t of / I feel good, I knew that I wouldn’t of / So good, so good, I got you / Wo! I feel nice, like sugar and spice / I feel nice, like sugar and spice / So nice, so nice, I got you.
Atalak: Artea |
Abendua 8, 2006 | Egilea: konatxe

Elkarrekin bazkaltzera gindoazen Oteiza eta biok. Getarian ginen eta ni ixil ixilik nindoan bere alboan, kontuak entzuten: “Etxeberria, me has dado fuerte, muy fuerte”, esaten zidan, hark argitaratutako liburu zuriari, kontu preindouroparrak eta Robert Gravesenak zekartzan harexi, kritika garratz xamarra egina bainion egunkari batean. Gaztelaniaz, gainera. Irristatzen hasita zegoen Jorge garai hartan, izan ere ez baitzen akordatzen zer dela eta esaten zidan hori. Bazekien estu hartua nuela, baina ez zen oroitzen non eta zergatik. Eta ni, ixilik. Hobeto esan, akojonaturik. Halako batean, huntaz eta hartaz ari zela, Getariako Xagua bistatu zitzaigun: “Nola nahi duk euskaldunengan konfiantza edukitzea? Ezinezkoa duk. Xagua esaten ziotek penintsula horri, Xagua!—asaldaturik—. Ez al du inork ikusten balea dela, eta ez xagua? Gure ispazterrean hiltzera etorritako balea itzela duk hori! Nola fida daiteke inor balea xaguarekin nahasten duen herriaz?”. Eta gero jarraitu zuen beste kontu batzuekin, tartean, orduko Kultura Sailburua neuk asasinatzeko zeukan plan zehatz batekin.
Atalak: Artea, Neuretzakoak |
Abendua 7, 2006 | Egilea: konatxe

Baten batek galdetuko balit zergatik gustatzen zaizkidan hainbeste ÁNGELA DE LA CRUZ, galeginha-ingelestartuaren eskulturak, ez nekike zer erantzun. Ikusiak ditut haren lanak ARCOn, Manifestan, Modern Taten eta hainbat lekutan, baina ez dakit esplikatzen zergatik eta nola. Areago, neure buruari geratzen natzaio hizketan, “baina zer arraio ikusten diok lan txatxu horri?”. Kontua da, ene lagunok, milioi bat dolar baneuka, emakume honen lanen bat erosiko nukeela, edo bi, estasi betean begiratu eta zintzilik geratzeko. Iruditzen baitzait niretzat ari dela lanean, niretzat sortzen dituela arte lanak. Ni bezalako morroi baten gustuak gidatzen dutela bera ere. Jakina, beste alde zuhurrago batetik ere behatzen diot ene sentipenari, eta erabakitzen dut nirea ez dela oso normala. Agian izango dela, osaba Juani gertatu zitzaion bezala, burua galtzen hasita nagoela. Ez diot aurkitzen beste esplikaziorik hainbesteko gozamenari.

Atalak: Artea |