Artea atalaren artxiboa

Patetikoa

Otsaila 26, 2008 | Egilea: konatxe

1204053785_254422_fotoportada_normal_0.jpg
Lagun gehienei ez bezala, niri atsegin izan zaizkit Agustin Ibarrolaren zenbait lan. Omako pinuak barne. Oroitzen naiz ume ginela, haren grabatu bat ibiltzen zela gure etxean bueltaka, eta han, grabatu hartan, langile bat ageri zen eskuan zeukan giltz ingelesa edo mailua (ez naiz ondo oroitzen) errebeldia keinu batean altzatuta. Summuna zen guretzat. Ez ginen ausartzen hormetan sendo ezartzen, Picassoren Guernica bezala, txapelokerrek asko maite zuten eta gurera bisita egitea. Eta badaezpada… ba hori. Hainbeste jarri eta kendu genuen, azkenerako zartatu egin zela eta gaizki amaitu zuela: zakar ontzian. Orduan Ibarrola komunista zen, gorrietakoa. Handik hona asko aldatu du bere artegintza, zerbitzuzko lehen arte hartatik, erabateko abstrakzioraino. Eta bidean, esan bezala, atsegin izan ditudan zenbait lan ikusiko dizkiot, trenbideetako olatzarrekin egindakoak eta. Barre galantak egin dizkit lagun batek baino gehiagok hori aitortzeagatik. Baina oraingoa gehiegizkoa da, eta ez Rosa Díezen partiduari enkanterako eman dizkiolako bi pieza, bai zera, eskandalagarriena da, bizitza guztia ikasteko eduki duen artista batek nola egin ditzakeen halako bi kubo merke hain baldarki dekoratuak, bere horretan kaka zaharra direla erakusten dutenak. Txikienak 15.000 € eta handienak 20.ooo€ dute enkanterako abiapuntua. Inbertsio bikaina gordeta dituzun sos horiekin zer egin ez baldin badakizu.

Gora Arteleku!

Otsaila 25, 2008 | Egilea: konatxe

457.gif
Zoratu egin naizela iritziko dio artista eta artezale batek baino gehiagok, edo kapital politiko ezkutukoren bati saldu diodala ene arima halako izenburua jartzen ibiltzeko, ez baitago erakunde perfekturik —are gutxiago plastikari eta kritika garaikideari emandakoetan—, baina nago Arteleku ez ote den eredugarri gurean dauzkagun hainbeste katxarroren artean. Ukan ditu gora beherak, sortu zen egun hartatik. Diputazioko ugazabak ere (PNV eta EA), ezberdinak eduki ditu, batzuek besteak baino pasio handiagoarekin. Baina irudipena daukat, kosta ahala kosta eta akatsak akats, harrotzeko moduko tresna izan dela (eta izan daitekeela) Arteleku. Hara bistatu naizen apurretan, beti lanean aurkitu ditut artistak, liburutegi edota tailerretan. Gaur da eguna, Arteleku erreferentzia bihurtuta dabilena. Ikusi, bestela, Carmen Gimenez nazioarteko curator ospetsuak zer esan zuen Madrilgo ARCOn izandako eztabaida batean. Cajamadridek azken 10 urteetan bildutako artisten lanetatik, New Yorken egin beharreko erakusketa baterako hautatu beharrean aurkitu zenean: Lo que me extrañó es que el 90% de los artistas eran vascos. Me explicaron que en San Sebastián está Arteleku, una escuela que da esa formación, así como en Valencia está el IVAM. Ni en Madrid ni en Barcelona, ni en otros lugares, la hay. Horiek bai direla artearen gintzari buruzko emaitzak, eta ez beste batzuenak, Guggenheim eta enparauenak. Horiek beste zaku bateko onurak dira, baina ez arteari dagozkionak. Gora, beraz, Arteleku, eta artelekutarrak!

Adriári entzuna

Otsaila 19, 2008 | Egilea: konatxe

 images-1.jpg
Ez zuen berak asmatuko, baina askotan entzun izan diot. Eta bere sinpletasunean, ikaragarri gustatzen zaidan esaldia da: Originala izatea, ez kopiatzea da.

Picassok esana (omen)

Otsaila 19, 2008 | Egilea: konatxe

images4.jpg
Ez da gauza handia, baina badu bere grazia: Pintorea, saltzen den hura margotzen duena da. Artista, ostera, pintatutakoa saltzen duena.

Ahuntzak eta beste

Otsaila 16, 2008 | Egilea: konatxe

jyrde1.jpg

Gure etxean beti entzun izan da: auntxan umia…, antxumia!, beste leku batzuetan, enborra eta ezpalaren kontua bezala. Esan nahi baita, gauza batzuk jaiotzez ekartzen ditugula, toreroek edo erretegietako parrileroek euren ofizioa bezala. Ikasteak laguntzen du, baina berezkoa behar izaten du pertsonak zera hori, benetakoa izango bada. Eta hala, gaur Eneko I. Z. haurraren marrazki batzuk ezagutu ditut, 5-6 urte zituenean ordenadorez egindakoak. Harriturik geratu naiz ikusi dudanarekin: ederrak zinez. Ontzat emateko arazo bakarra, horixe, ume txiki batek egindakoak direla. Esan nahi baita, ilustratzaile profesional batek egindakoak balira, onargarriagoak liratekeela. Eneko ume hori —lagun baten semea izateaz gain—, gure artista ezagunenetako baten biloba da, eta aitonaren urak ez ote dakartzan jarri gaitu pentsatzen ingurukoak. Nik, behintzat, ezingo nuke egin berak bezalako gauza ederrik eta esango nuke berezkoa dakarrela antxumetasuna. Auskalo.

Adio Fred Chichin

Azaroa 28, 2007 | Egilea: konatxe

 images-2.jpeg
Musikari maitatuenetako bat hil da gaur: Fred Chichin, Les Rita Mitsouko bikotekoa. Taldearen erdia baino gehiago izango zen bera, seguru, musika egiteko orduan. Oraintxe ari ginen MM eta biok euren kontzertu batera joango ginela esaten, eta kito. Fini. Kaput. Minbizia, antza. Bedi. Eta bego.

Egia borobila

Azaroa 20, 2007 | Egilea: konatxe

3i01565.jpg
Joseph Beuys: Pianoa Parisen da. 1966

Rafale Chirbes-en CREMATORIO eleberria irakurtzen ari naiz, atsegin handian, eta hango pertsonaietako batek dio: “Atzokoa joan zen, biharkoa ez da etorri, horixe da artearen gaia, arte guztien gai bakarra. Ez dago besterik“.

Marcos López

Azaroa 8, 2007 | Egilea: konatxe

not_gr_4086.jpg

Duela pare bat urte, ARCOko edergaien artean begiak galduta, hainbeste ibiltzerekin jada dena zitzaidan berdin. Bacon, Badiola edo Barceló izan, bost axola niri hipnosi hartan. Halako batean, ordea, argazki handi-handi batek harrapatu zizkidan begiak: Azken Afari krioilo moduko bat zen. Ezin erakargarriagoa egin zitzaidan eta, jakina, luze begira egon ondoren, hantxe geratu zen zintzilik, zenbat balio zuen galdetzera ausartu ere egin gabe. Gero jakin nuen Marcos López argentinarrarena dela, 2001ekoa, eguerdi bero eta eguzkitsu batean dagoela egina, lagunarteko oturuntzan… Asado en Mendoza (Córdoba. Argentina) du izenburua.

Bi urte lehenago, 1999an, Marcos López berak, oihu egin zuen antzeko beste ospakizun baten ondorenean. Ahal zuen eran zutik jarri eta baso betea airera eramanez, deblauki bota zuen: “Por sus posibilidades técnicas y expresivas, declaro en este instante a la fotografía, heredera natural del muralismo mexicano en los noventa digitales. !Compañeros, volvamos al arte político! Otro brindis…”

Pena han ez egon izana!

Kortatu (pleistozenoa)

Azaroa 7, 2007 | Egilea: konatxe

 images2.jpg

Alua mundua! honen irakurle fin batek bidali dit “harribitxia” izenaren pean. 1985ean egindako grabazio bat da, KORTATU taldearekin. Orduan, besteak beste, PLAZABERRI tarte kulturala egiten genuen ETBn. Denontzat hastapen garaiak ziren, baina egina genuen, hala ere, Sarriren bideoa, Gasteizko bideoaldian eta beste leku batzuetan saritu izan zutena. Memoriaren ertz batean neukan gordeta lan hau, oroitzen bainaiz Muguruzatarrek, Ferminek eta Iñigok, orduan ez zekitela euskaraz. Horixe galedtu nien, ea noiz egingo zuten disko bat euskaraz. Zera erantzun zidaten: oraingoan bi kantu euskaraz, hurrengoan lau, eta hurrengoan osorik euskaraz. Kameretatik kanpora adierazi nien mundu guztiak esaten zuela hori, baina gero inork ez zuela egiten halakorik. “Guk bai”, bota zuten deblauki. Beti hunkitu izan nau horrek, bete egin baitzuten emandako hitza, eta nola gainera! Har bedi, beraz, eurei eginiko omenaldi txiki bat bezala. (Egin klik argazkian).

Arte garaikideaz.

Azaroa 6, 2007 | Egilea: konatxe

kbf21706.jpg

Eduardo Arroyok idatzia EL PAISeko BABELIAn, 071027an, ARCO arte azokaren inguruan: “Reírse del arte contemporáneo no es fácil y no tiene mucho mérito desde el episodio de Joachim Raphaël Boronali que en 1910 presenta en el Salón de los Independientes su Puesta de sol en el Adriático. Los críticos alabaron al joven artista nacido en Génova y su cuadro que algún marchante compró para venderlo a un coleccionista. En realidad lo había pintado Lolo, el burro de Frédé, el propietario del Lapin Agile. El burro estaba loco por las zanahorias y el tabaco. En el jardín del cabaret se colocó un lienzo virgen en un caballete con cuatro cubos de pintura (azul, verde, amarillo y rojo) delante. Se instaló el burro con la grupa frente a la tela, Jules Depaquit ató una brocha a la cola del animal y le presentó alternativamente las zanahorias y el tabaco. El burro no disimulaba su gozo y movía el rabo y la brocha pasaba por los cubos y por el lienzo que una vez terminado se firmó Boronali, anagrama de Aliboron apellido del asno de los cuentos. Desde aquel suceso jocoso ha pasado mucha agua bajo los puentes del Sena. No me divierte ironizar sobre este tema, al contrario, este caos colectivo me angustia, me preocupa y me da miedo”. Neuri ere, Arroyori bezala, beldurra ematen dit Arte Garaikidearen garrantzia eta artearen izan beharraren onura hitzen bitartez adierazteko ezintasun honek. Senak baietz esaten dit, berdin diola astoak, haren isatsean lotutako ixipuak… Kasu honetan, artearen beraren funtzioa zalantzan jartzea zela helburua (artistak hala erabakita), Warholek beranduago zopa eta garbikari kaxekin egingo zuen bezala, baina… Sena, berez, Frantziako ibai baten izena besterik ez ei da.

202.jpg

(Arroyoren eskultura bat, Donostiako Kuboa-n ikusi ahal izan genuena, duela pare bat urte)

Ai, Bidarte, Bidarte!

Urria 21, 2007 | Egilea: konatxe

images-13.jpgimages-2.jpg

Ulertzekoa da Juan Ignacio Bidarte pozik egotea Bilbao Guggenheim Museoaren (BGM) hamargarren urteurrenean. Azken finean, berak gidatutako (edo) eredua gailendu baita. Alegia, New Yorkeko Guggenheimek eta Thomas Krensek diotena egitea. Benetan diot, neuk ere horixe egingo nukeela bere lekuan banengo, oso gogoko baitut fundazio honek egiten duen arte garaikidearen hautaketa lana. (Hain dut gogoko, ezen ez baitakit benetan neure gurarien araberako den haren hautaketa ala, aitzitik, neure gurariak haren eraginaren peko ote diren. Dedio, hau kakanastea!). Gainera, Bidarte heldutasunera iritsi den honetan, konplexurik gabe aitortzen du menpekotasun edo borondatezko lotura ezinbesteko hori. Alabaina, hitzak beti pitz, kontraesanak ageri dira bazterretan, batez ere euskal artearen promozioari dagokionean. Begira gaur bertan, BGMren erosketei buruz ari delarik, zer datorren bere ahotik Euskaldunon Egunkarian, barkatu, Berrian: “Bilduman euskal artista gutxi dagoela? Bildumaren %25 euskal artisten lanak dira. Baina Guggenheim ez da euskal artearen museo nazionala. Gainera, erakusketak antolatzeko eta obrak erosteko orduan ez diogu irizpide geografiko bati jarraitzen. Kalitateari begiratzen diogu“. Bon, bon, bon. In stricto sensu irakurtzen badira hitzok, ondorioa garbia da: munduko arte garaikidearen %25a merezi dute euskal artistek. Bejondeigula!

(Oh.: Elhuyar hiztegiak dio mamporrero hitza topakari esaten dela euskaraz).

Paula Rego

Iraila 26, 2007 | Egilea: konatxe

images-15.jpg images-31.jpg images3.jpg

Hamar urte dira oraintxe Paula Rego artista portugaldagarraren erakusketa antologiko bat ikusi genuela Lisboan. Ez genuen bere izenik sekula entzun, ez genekien ezer bere pinturaz. Kasualitatez ikusten den erakusketa horietako bat zen guretzat, parean egokitu zitzaigulako. Haren koadro handiak ikustean, ordea, harri eta lur geratu ginen. Nola zitekeen halako artista bikain baten albisterik ez edukitzea? Koadro haietan guztietan ikusten zena ez zen edonolakoa eta ez zen edozer. Formaren aldetik asko eta asko harritu gintuen era klasikoak erabiltzen zituen artista garaikide bat aurkitzeak. Haren egiteko era, arragoa iruditu zitzaigun, batez ere. Eta arrago hartan nahasirik, edo hobeto, bildurik edo bat eginik, aurkitu genituen Velazquez, Goya, Balthus, Freud eta Bacon-en erak. Ikaragarria iruditu zitzaigun begien aurreko hura, Gutierrez Solana, Vázquez Díaz eta expresionista alemaniarren zantzuak ere aurkitu baigenizkion, era guztiz pertsonal batean jokaturik. Ematen zuen artearen historian aurki daitezkeen forma narratibo behinenak ehizatu eta gero margotzen zuela emakume hark. Baina zer zen koadroetan ageri zena? Batez ere ikuspegi feminista zorrotz bat: emakume itsusituak, puztuak eta, aldi berean, errealistak eta ederrak, euren egoera lazkarria agertzen. Gizonezkoa, boterea eta gizartearen biktima nolabaitekoak ziren guztiak, baita balleteko dantzari zirenean ere. Ejerzitoa, diktadura, gerra eta esplotazioaren irudiak ere ageri ziren, ez era zabarrean, baizik eta ikusleak berak mezua osatzeko moduan eskainiak, fintasun eta doroteziaz. Aurki Reina Sofiara ekarriko ei dute haren lana. Aukera aparta izango da arteak funtzio garrantzizko bat betetzen duela egiaztatzeko.

Alegria jauna

Iraila 24, 2007 | Egilea: konatxe

1.jpg

Oskar Alegria lagunak, sarean jarri ditu bere argazki eta testu zenbait. Tokio, Berlin, Erroma eta Londonen eginiko ibilerak dira. Bagenekien Alegria jauna ez zela edozein eta ez zela edonolakoa: gai da hutsarekin edertasuna sortzeko. Baina oraikoan, argazkiez gain, testu zoragarriak ere badakartza, ironia finez igurtzitako bonboi bikainak bailiran. Gusto duenarentzat, aukeran.

Ezjakintasuna, seguru asko (Les Rita Mitsouko)

Abuztua 7, 2007 | Egilea: konatxe

images1.jpg
Bai, musika kontuetarako ezjakintasuna izango da seguru asko, mundutik aparte xamar bizitzea ziurrenik, baina ez dut sekula ulertu 80ko hamarkadan ezagutu genuen musikari bikote frantziar hark, LES RITA MITSOUKO izen estrabagantedunak, nola ez zuen izan harrera hoberik geurean. Oroitzen naiz haien bi lehen diskak erosi nituela (Rita Mitsouko, The No Comprendo) eta hilabeteak eman genituela haien kantuetan zintzilik. Garai posmodernoko eklektizismoari, ironia eta gatza ezartzen zieten. Rock, punk, funky, chanson francaise… dena nahasten zuten era interesgarrian. Orain Youtuben ikusi ditut berriro. Garai hartako kanturik ezagunenak aurkitu ditut bertan: MARCIA BAILA, C’EST COMME ÇA eta, batez ere, LES HISTOIRES D’A gogoangarria. Gozatua berritu zait eta irri egiten dut Madril aldeko hainbeste Cristina Vestringe, Najwa Nimry eta antzeko supermodernoak aipatzen dizkigutenean.

(Sarrera hau idatzi ondoren, haien gunera joan naiz:  bizi-bizirik daude eta nola! Bizpahiru pieza zoragarri daude bertan)

Mon dieu!

Apirila 19, 2007 | Egilea: konatxe

img_2736.jpg
Sin fin, islaren isla jarri dio izena azkenean. Ondo jarritakoa, arraioa. Hemendik ordu pare batera zabalduko dute Koldo Mitxelenan Jose Ramon Amondarainen erakusketa, Ekainaren 16a arte. Lehenago ere esan nuen zerbait honetaz alua.munduan. Baina, egia esan, hobe nuke isilik egonda, hitzek ez baitute, askotan, sentitutako zirrara urrutitik ere adierazten jakiten. Xantza paregabea izan dut gaur eguerdian JR berarekin erakusketa ikusi dudanean. Mekauen zotz, hau da hau maisua! Jolas egiten du, behin eta berriz. Lan bakoitza zeuk amaitu behar duzu: argazki zuri-beltzeko batetik, pintura bat, haren argazkia gero, eta ondoren, deskuidantzen bazara, haren fotokopiaren pintura erraldoi bat… Mila munduren oihartzuna, behin eta berriz errepikatua. Beltz bat egurrezko kaxa baten azalean. Zer egiten du hor? Kristalean margotutako koadro beltz eta hori bat, nik sekula ikusi dudan dotoreena. La Virgen! Hobe nuke, bai, isilik, hitzik aurkitu ezin denean. Oteizaren lanak, Saphirorenak, Shermanenak, Wallenak, Badiolarenak… denak jolasaren aitzaki. Lekutan geratzen da Warhol! Ez dut nehoiz kausitu pintatzeko halako abildadea daukan pertsonarik, zer pintatuak baizik ez baitu kezkatzen JR. Hormatzar itzelak pintatuko baditu ere, lanak ez du batere kezkatzen. Hori erraza da oso (berarentzat, jakina). Birtuosoa da. Gaiak du erakartzen, eta ni ere bai: kopiatzean bakarrik erakus dezakezu benetan zer zaren (nola ikusten dituzun gauzak, teknika menperatzen duzun ala ez, nola asmatzen duzun erreproduzitzen, zer den artelan bat zuretzat, zerk daukan garrantzia, zein kezka plastiko interesatzen zaizun…). Ez galdu, otoi. Berdin dio azaleratutako teknikak (pintura, pintura eta pintura, eskultura, argazkia, instalazioa… denak menpe Amondarainek). Zoaz azkar eta gero esan erratua nabilen ala, aitzitik, gaur eta hemengo artista handienetako baten aurrean ez ote gauden. Pintoreetan pintore Amondarain. Bai jauna. Artista jendea, ezbairik gabe.


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5