Artea atalaren artxiboa

Tabakalera dela eta

Otsaila 9, 2011 | Egilea: konatxe

Aspaldian elkarrekin egon ez bagara ere, laguna dut Iñaki Beobide. El Mundo, Egunkaria, Berria eta Garan zutabegile nintzen garain, berak ikusarazi zidan oharkabean pasatua zitzaidan gertaera bat, alegia, nire zutabeetan egurrik gehien eta handiena  Joseba Arregi koitaduari emana niola.

Eta egia zen Iñakik esaten zidana, ez bainion batere kupidarik erakutsi Arregiri, nahiz eta garai hartan Ramses moduko bat izan eta berak bultzatu eta antolatu faraoikeriak: Egunkariaren kontrakoak, Sevillako Expokoa, Guggenheim eta abar.

Garai haietan Joseba Arregik nire jefeen jefea izateko ohitura handia zeukan eta larrutik ordaindu behar izan nuen insolentzia.

Istorio osoa irakurri »

Nola esan agur, geratzekoa denari

Abendua 6, 2010 | Egilea: konatxe

Xabier Lete

Xabier Leteren heriotza kontu iragarria zen aspalditik. Egia esatera, zenbat aldiz ez ote gara harekin kezkatu azken urte hauetan: erietxera eraman dutela, behealdia daukala, ezin duela etxetik irten, makal dabilela… Eta hala genbiltzala, Lourdes joan zen.

Istorio osoa irakurri »

Batzuetan gustu ematen dugu, zinez

Azaroa 19, 2010 | Egilea: konatxe

Jon Benito poeta, Lander Garroren argazkian

Euskarazko kultura produktuak kontsumitzen ditugunok, ohituta gaude erlatibizatzera eta dagoenarekin konformatzera, kondena latz bat bailitzan. Esate baterako, badakigu Hollywoodek sortutako adineko filmerik ez dugula geure hizkuntzan aurkituko, edota nekez sortuko direla gurean beste hizkuntza handietan maiztasunez ezagutzen ditugun literatura lan oparoak.

Istorio osoa irakurri »

Ametsetik amesgaiztora

Otsaila 2, 2009 | Egilea: konatxe

tindaya.jpg

Adin batera iritsitakoan, ezagutzen ditudan artista plastiko gehienak —eskultoreak bereziki—, “obra publikoaz” hasten dira berbetan. Esan nahi baita, kalean edo espazio irekietan euren lanak jartzeko gogoa sartzen zaiela. Izango da, seguru asko, heriotzaren hurbiltzeak, denok bezainbeste kakalarritzen dituela artistak ere, eta arrastoa utzi nahi izaten dutela nonbait, hilezkortasun antzeko bat lortzeko edo.
Kontua da, Chillidak jo zuela gailurra asuntu honetan ere. Behin berarekin hizketan, amets moduko bat ukan zuela aitortu zidan eta mendi bat hustutzea otu zitzaiola, Sakona airea da Jorge Guillén omentzeko egindako eskulturaren bidetik. Esan zidan hara eta hona ibili ostean, Holandan eta abarretan, azkenean Miguel Ángel F. Ordoñez bere lagunak aipatu ziola Fuerteventurako Tindaya mendia, eta huraxe zela egokiena nahi zuena egin ahal izateko.
Gerokoa ezaguna da: mendi barnean piramide huts moduko bat nahi zuen, harria hustuz egina, eta bi argibide zituena gorantz, bat eguzkira eta ilargira bestea. Egia esan behar bada, niri bikaina iruditu zitzaidan egitasmoa: mendiko harria atera behar bazen, zergatik ez atera forma zehatz bat lortzeko helburuarekin? Bi txori tiro bakarrean.
Ekologistek eta ondarea gordetzearen aldekoek —bai baitaude bertan oin formako pintura rupestreak—, aurre egin behar izan diote ekimen turistiko eta ekonomikorako  Tindayakoa “de interés general” izendatu zutenei, 1995 an. Handik hona, Chillida hil arren, eutsi egin diote egitasmoari Cabildokoek eta Chillida familiakoek. Baina elur bola handitzen doa: harri bat bera mugitu gabe ere, 41,5 milioi euro gastatuak ditu Kanarietako “Jaurlaritzak” eta, seguruenera, 92,2 milioi ordaindu beharko zaizkio Tindayan harrobia egiteko baimena eman zitzaion industrial bati. Batzuek diote, egitekotan, 300 milioi euro balioko duela mendia hustutzeak.
Chillida oso haserre jarri zen jendea egitasmoaren kontra hasi zenean, jakinekoa da hori, eta hartzen zuen apur bat beti gertatzen den fenomeno baten antzera, arkitekto ausart batek etxetzar berezi bat proposatutakoan pizten den oposizioaren alturan. Esaten zuen Tindayako hegazti eta pinturen kontua ez zela hainbesterakoa ere, aitzakiak baino ez zirela kontu horiek. Baina niretzako nago, ikusitakoak ikusita eta bizi balitz, berak ere etsiko zuela, honez gero. Artearen izenean ere, ezin baita zernahi eta edonola.

Maisua, bai jauna.

Abendua 28, 2008 | Egilea: konatxe

El Roto edo, nahi bada, André Rábago marrazkigilea, maisu ikaragarria begitandu izan zait beti, baita gure gaztaroan Ops ezizenez sinatzen zuenean ere. Urte Berri txartel polit askoa egin digu gaur ere. Zaila dago hain gutxirekin hainbeste esaten asmatzea.el-roto.gif

Laboa eta Chirbes

Abendua 1, 2008 | Egilea: konatxe

rafael-chirbes.jpg 3196422.jpg

Xoriek 17 izeneko diska erregalatu genion behin Rafel Chirbes idazle handi valentziarrari. Berak, CREMATORIO nobela zoragarrian, Txoria txori kantua aipatzen zuen eta guk erakutsi nahi genion jada ez geundela (euskaldunok eta Laboa), hegoen kontuetan. Disko horretan, Xoriek 17,  Laboak Sarriren beste poema bat abesten du, gutxi gora behera dioena, txoriak asko maite ditugula, ereserki lirikoak ere egiten dizkiegula, baina txoriek beti dagigutela ihes.

Diskoa oparitutako egunetik hilabetera edo, Chirbesen dei bat jaso nuen, neu Bartzelona aldean nintzela: “Llevo tres días perdido por estos bosques mediterráneos, metido en el auto, con los ojos llenos de lágrimas y de emoción, escuchando el disco de Laboa que me regalaste. No puedo hacer otra cosa que instalarme en la belleza y la sensibilidad que propone”.

Geroago, Iturriri esker jakin nuen, Chirbes Alemanian zebilela jira bat egiten, eta han, Laboaren musika eskatu zuela bere mintzaldi eta irakurketak girotzeko.

Gaur, neuk eman diot Chirbesi Mikelen heriotzaren albiste: “Rafa, sé cuánto te gusta la música de Mikel Laboa: Para mí es una señal (más) de tu grandeza, pues no es apreciación común en la clase intelectual o artística española. A pesar de la grandeza de su música, de su intuición poética, etc. Pero he de decirte que Mikel ha fallecido hoy a la mañana. Estamos abatidos, aunque, tal y como él cantaría: “de donde nosotros surgimos, de nuestro mismo tronco, brotarán otros, nuevas ramas jóvenes que continuarán batallando…”Un abrazo”.

Berehala erantzun dit: “Pues como si acabaran de darme un puñetazo. La verdad es que ya  empieza a tener uno más gente querida allá que aquí: eso es lo que  hace que le perdamos el miedo a la muerte. Yo creo que nos apañaremos bastante bien con ellos por allá: mejor que con los que nos quedan a  mano. Por aquí, no va muy bien la cosa que digamos. No encuentra uno mucho consuelo. Esta tarde me tomaré una copa, oiré a Laboa y le perderé un poco más de miedo a la muerte. Un abrazo muy fuerte. Rafael.”

Handiak, beti handi. Arraioa.

(Espainia aldean ere saiatu gara Mikelen garrantziaz mintzatzen).

Esther Ferrer

Azaroa 22, 2008 | Egilea: konatxe

 esther-ferrer.jpg

Oso gazte eta oso indokumentatuak ginenetik segitzen diogu pausoa Esther Ferrer-en lanari, eta 25-30 urte beranduago ere ez gara gauza izan traza handiegirik hartzeko haren ekarriari. Baina beti erakarri gaitu haren lanaren enigmatikotasunak. Gaur artea merkabide edo merkagauza baizik ez den honetan, horixe eskatzen baitiogu artegintzari: jar gaitzala kolokan (bederen).

Estherren lana, ez dakigularik zehatz zergatik, hotza eta gogaikarria egin izan zaigu zenbaitetan, baina gutxik jakin du pizten gugan haren lanek hainako ezinegonik. Estherren lanak oso itxiak izaten dira egikeran, baina guztiz irekiak hartzerakoan. Berak, behintzat, ez dio argibiderik emanen agertzen duen ikuskizun artistiko zeinahiri. Ez dago diskurtsorik: begi-belarrien aurrean dagoena baizik ez dago, zeuk erabaki hartu ala ez, poztu ala asaldatu, trufa ala gogoeta egin. Fortuna handia izan da haren lana eta izaera hurbiletik ezagutzekoa, ezin esan baita, kasu honetan, “gozatzekoa”izan denik. Ez behintzat “gozatu” aditzaren zentzu literal unibokoan. Zorionez.

Nahi duenak eskuragarri du alua.mundua honetan bertan, eskuineko aldean, bibliografia dagoen lekuan, harekin izandako elkarrizketa luze bat pdf formatoan. Amaiera aldera dator, Arte-liburu eta erakusketen artean. Bidenabar, eskerrak eman nahi dizkiot Ana Salaberria lagunari, KM Kulturuneko arduradunari, 2004an Estherrekin lantxo hura egiteko eman zidan aukera eta laguntzagatik.

(“Beltz eta ikaragarri esnatu da 2004garreneko Abenduaren hogeia Hendaian: euria eta Ipar haizea esposatu egin dira eta badirudi elurra hasi behar duela halako batean. Esther Parisetik etorri da, haurrak bezala, baina, Abenduan zikoinarik ez eta, tren puntual batean iritsi da bera…”).

Eskerrik asko

Azaroa 12, 2008 | Egilea: konatxe

camino-niebla.jpg

Bai, eskerrik asko Hitz baten bila lagundu didazuenoi. Badakizue zein zen kontua, ERAKUSKETA OHIKOA izan gabe, ERAKUSKETA ERE baden DISPOSITIVO kontzeptu horrentzat baliokide bat bilatzea.

Atera diren hitzak honakoak: Gailu, Antolamendu, Aukerako, Erakusketa (mantentzea), Instalazio, Hautagailu, Hautartgailu (neologismoa), Proiektu, Proposamen, Erakusgailu, Trepeta, Baliagailu, Ikasgailu, Ikastrepeta, Ikastresna, Norberakusketa, Muntaia, Kate, Sare, Baliabide, Aparailu, Tramankulu, Tresna, Osagarri digitalak..

Dena lanbrotutte ikustot, baina nik uste GAILUren alde egingo dudala. Azkenean nigan bizi den hiztegizaleak irabaziko duela, alegia.

Hitz baten bila

Azaroa 7, 2008 | Egilea: konatxe

babel.jpg

Gaur pare bat minutu kenduko dizkizun kontu batekin nator: hitz bat behar dut, kontzeptu bat izendatzeko. Eta nahi nuke zuk zeure proposamena egitea hemengo iruzkinetan bertan, otoi eta arren. Seguru irudimen handikoa zarela, eta euskaraz ere badakizula neuk baino gehiago. Egin, beraz, proposamena.

Azken denboretan, EXPOSICIÓN hitza gainbehera dabil. Dena ez dela ERAKUSKETA, alegia. Orain, jendeari DISPOSITIVO bat eskaintzen zaio lehen EXPOSICIÓNzen lekuan. Erran nahi baita, ingurugirori eskainitako ERAKUSKETA batez ari bagara, esaterako, edo XVI. mendeko burdinolei buruz, erakusketa multimedia edo dena delako bat egiten dela eta horrexi esaten zaiola DISPOSITIVO, izan ez baita ESPOSIZIO soila, baizik eta tresna egoki bat, ikuslea gaiaz jabe dadin. Interaktiboa edo delakoa. ERAKUSKETA terminoak adierazten duen pasitibitaterik gabekoa. Eta horixe da galdera, nola esan behar genuke euskaraz DISPOSITIVO hori?

Hiztegietara jota GAILU aterako zaizu, eta M.M. lagunak Osakidetzan erabiltzen duten ANTOLAMENDUA aipatu dit. Baina biak iruditzen zaizkit batere poetikarik gabekoak. Neuri ere ez zait gauza handiegirik otutzen baldin ez bada AUKERAKOA edo halako zerbait. Segur zuri baietz.

Mertzi.

Apur batzuekin, zuloa bete nahian

Urria 21, 2008 | Egilea: konatxe

 ibarretxe-basterretxea-hec-2008.jpg(Efe)

Aurkezletarako deitua nintzen gaur arratsean, baina, azkenean, hitz egitea ere egokitu zait, beste norbaitek utzitako zuloa betetzeko. Baina zer esango nuen, ba, nik, baldin eta Nestor Basterretxeak eta Ricardo Ugartek Oteizarekin bizi izandakoaz hitz egingo bazuten, Julia Otxoak haren poesia hartuko bazuen gai, Miren Azkarate Oteizaren ekarri artistikoaz ariko bazen eta Ibarretxe Lehendakariak Oteizaren eragile alderdia hartuko bazuen ardatz?

Gertatu zait lagunak etxera etorri eta hozkailuan ezer geratzen ez denean bezala: apurrekin antolatu behar afaria. Edo.

Baten bati interesatzen bazaio, hemen doa Miramar jauregian esandakoaren zati bat:

“Gu jaio ginenean, Oteizak 50 urte zituen, eta orduantxe utzi zion, bere karreraren unerik gorenean, eskulturak egiteari. Badakizue zer esaten zuen hark: Quería ser escultor y he hecho escultura, ahora que lo soy, no necesito para nada seguir haciéndolas. Nola liteke, orduan, gu sortu eta bere lana amaitutzat emandako artistak gure belaunaldian ere halako eragina izatea? Ezinezkoa diruzi, gazteak beti jotzen baitu aita hiltzera.
Baina Oteiza ez zen erraza hiltzen, badakizue hori. Markapasoa jarri behar ziotenean ere, etxera deitzen zigun eta erantzungailuan uzten zuen mezua: Dicen que mi corazón no anda bien, que me van a poner un marcapasos. No les voy a dejar. ¿Para qué, si ya estoy muerto?
Gogora datorkit garai haietan Nestor Basterretxeari entzun nion esaldi gogoangarri bat: Jorge no va a morirse nunca, a no ser que decida suicidarse.
Bai, ez zen batere erraza gizon hura errenditzen eta haren eragina itzaltzen. Galdetu bestela gure eta ondorengo belaunaldiko artistei, Txomin Badiola, Pello Irazu, Manu Muniategiandikoetxea. Hementxe daude euretako batzuk: Mikel lertxundi, Xabier Laka eta beste hainbat. Hortxe dago Jose Ramon Anda ere, baina hantxe ikusi nuen, harri eta zur, Fundación Caja de Pensiones-ek Madrilen jarritako PROPOSITO EXPERIMENTAL izeneko erakusketan, 1988an. Anda eskulturen artean zebilen, zuri-zuri, begien aurrean zeukan oparotasuna sinetsi ezinik, handitasun ikaragarri batek irentsi behar balu bezala. Zenbat artista iritsi ote da, egin beharreko bidean, Oteizak 50 edo 60 urte lehenago egindako leku berera?
Baina ez artista plastikoak bakarrik, eta ez gure belaunaldikoak soilik. Oteizaren eragina askoz da zabalagoa. Lehengo asteartean, bi euskal poetarekin nengoen: bata neure adinekoa eta bestea hogeita hamar urtekoa. Biek ala biek  zioten gutxi direla poema liburuak Oteizaren EXISTE DIOS AL NOROESTE bezalakorik:

“no duermo
extiendo la mano
para buscar algo
sobre la mesa de noche
y toco algo
misterio vivo y carnal
que me estremece
es mi otra mano que a oscuras
busca también lo mismo…”

Guk Altzuzan hogei urte genituela ezagutu genuen, berak 70 zituenean. Jainkoturik genuen ordurako, gure aurrekoengan entzuten baikenuen QUOSQUE TANDEM liburuaren oihartzuna, EZ DOK AMAIRU taldearen baitan ukan zuen garrantzia, GAUR eta antzeko artista taldeekin eman zuen bultzada… Hainbeste gauza! Lokomotora bat zen, edo nahiago bada, despertadore burrunbatsu bat.
Jakinekoa da, baina, Jainkoak apurtu egiten dira hurbildu eta ezagututakoan. Bera ez. Bera zen are jainkotzenago zen bakarra harekin egoten ginen bakoitzean. Beti bazuen zerbait aztoratzen gintuena. Esaterako, bere koaderno txiki haietako bat atera eta galdetzen zigun: Etxeberria, ¿cómo diferenciarias a un ateo vasco de un ateo no vasco?
Mozolo aurpegiarekin begiratzen genion, zer erantzun asmatu ezinda. Orduan berak: ¿Cómo no sabes eso, con lo fácil que es?: metes a los dos en partido de pelota y ya está. El ateo vasco se emociona en el Ángelus y le saltan las lágrimas. Al otro no. Eta halakoak mila.
Azkenetako gure arteko haserreetako bat, NOCIONES PARA UNA FILOLOGIA VASCA DE NUESTRO PREINDOEUROPEO argitaratu zuenean ukan genuen. Niri ez zitzaidan batere ongi iruditu liburu horretan Oteizak, Azkue eta Mitxelena bezalako erraldoiak iraintzea, eta artikulu luze bat idatzi nuen horretaz.
Etxeberria me has dado duro, esaten zidan gero. Ea zergatik tratazen nuen horrela. Esan nionean Mitxelena ez zela inozoa, berak esaten zuen bezala, ezin zitekeela inozoa izan hainbeste hizkuntza zekien gizona, erantzun zidan: !Es que es tonto en 16 idiomas!. Baina izugarriena da, maitasunaren erditik esan zezakeela halako astakeria bat, biziki maite baitzituen hark Mitxelena eta beste guztiak: Arrate ¿Puerta de piedra? —esaten zuen, igual— Que coño va a ser Arrate “puerta de piedra”. Están locos, el prefijo AR no signifa piedra, significa hueco, vacío. Arrate significa “puerta al vacío”.¿Cómo no son capaces de ver una cosa tan evidente?
Baina gehiago luzatu gabe, amaitzera noa, honek ez luke etenik eta. Harekin izan nuen azken elkarrizketa, telefono bidezkoa izan zen. Hendaian nengoen ni eta berak Zarautzko etxetik deitu zidan:

—    Etxeberria, ¿dónde estás?
—    En casa, en Hendaia.
—    Prepara la cena: !voy nadando!

Ez zen gau hartan agertu, baina Hendaiako itsasoaren aurrean jartzen naizen bakoitzean, Iparmendebalderantz begiratzen dut nik beti, oraindik ez bainaiz fido, eta kapaz da hura agertzeko edozein egunetan, olatuen apar gainean, igerika eta zarataka.
Eskerrik asko.”