p5rn7vb

Uste zoroa

Eskerrik asko aurreko sarreraren iruzkinetan esan dituzuenengatik. Txikia da nik hemen idatziko dudanaren ekarria eta handia zuek hartu duzuen lana: ganbarako zirrikituetan hondamendien izenak gogoratu eta haiek idatziz izendatzeko astia hartu. Blogetan gabiltzanok badakigu zein izaten den zail harremana sortzea irakurlearekin. Mertzi, beraz.

Hondamendi hauexek izendatu dituzue: Urtuella (Explosivos Riotito eta eskolaren leherketa), Bilbo (uholdeak, Harrisbourg (istripu nuklearra), Txernobil (istripu nuklearra), Tenerife (Los Rodeos), Oiz mendia (hegazkina), Galdakao (autopistan ito eta kixkalitakoak), Bam (lurrikara), Mitx (urakana), Indonesia (tsunamia), Bhopal (Isuri kimikoa), Nevado del Ruiz (sumendia)…

Eyjafjallajokull sumendia

Sumendia

Honek guztiak erakusten dit, neu nabilela oker edo, bederen, ez guztiz zuzen. Nire manikeismoak ez duela izanen atarramendu onik. Zuek aipatutako hondamendi horietan guztietan pertsonak hil baitziren eta nik gogoan dudananean, ez zen hildakorik izan, uste dudanez.

Hara, Lehengo batean dokumental zoragarri bat ikusten ari nintzen France5 katean: Islandia, programatutako erupzio bat. Gaia  Eyjafjallajokull sumendiaren errautsek eragindako desastrearen kontabilitatearen moduko bat zen. Datuak ez ditut gogoan, baina eragindako kaltea itzelezkoa izan zela denok dakigu. Esaten zutenez, gutxitan bezain garestia gertatu zitzaigun desastre hura, hainbeste milaka hegaldi komertzial bertan behera utzi eta ekonomiari eta bidaiariei ezerk gutxik bezaibeste kaltetuz. Ni eta neure familia ere ukitu gintuen kalteak, nolabait. Hori bai, arrazoi duzue, ez dut uste hildakorik izan zenik. Gaitz erdi.

Eta ohartu nintzen, guztiz ahaztua neukala Eyjafjallajokull mendiarena memoriatik. Iaz gertatutakoa eta oso hurbilekoa izan arren. Eta gogoratzen nuen bakarra, izendatu ezinarekin egin genituen txiste txar haiek zirela. Egia esanda, ikusten niharduen dokumentalean bertan ere nahikoa eta gehiegi lan zuten sumendiaren izena era egokian esateko.

Halako baten, ordea, esan zuten Eyjafjallajokull sumendiaren ondoan badela beste bat eta inork ez dakiela zer ekar dezakeen bihar edo etzi, baina bada esaten duenik Eyjafjallajokullek eragindakoa baino hondamendi askoz handiagoa piztu dezakeela. Laba eta hauts askozaz gehiago botako duela bigarren honek. Izena oso zaratatsu eta ikusgarria dauka, gainera, KATLA. Ez esan ederra ez denik. Izena.

Eta horixe nire galdera, nahiz eta dakidan, seguru asko, hildakorik egon ez zelako utzi duzuela aipatu gabe Eyjafjallajokullen hondamendia: Islandian iaz erotu gintuen sumendia deitzen den bezala deitu ordez, Katla deitu izan balitz, ahaztuta edukiko zenuten?

Lepoa jokatuko nuke ezetz, hain ahazturik ez, behintzat. Izen batzuk geratzekoak baitira eta beste batzuk, ostera, —aire txiki bat bailiran— ihesi joatekoak.

Beste modu batera esanda, Eyjafjallajokull deitu ordez, Katla izan balitz, zeure zerrendan egongo zela.

zabaldubildudel.icio.us

Leave a Reply