
Ez dakit zuei, baina niri askotan gertatu zait, euskara soilez erantzuten duen nire telefono erantzungailuan, irainak entzutea okerreko zenbakia markatu duen espainolen baten aldetik: Maricón!, ¿Pero qué ostias hablas?, ¿No sabes hablar en cristiano?… eta halako loreak. Irri egiten dut beti, izan ere, eurak nahasten dira zenbakia markatzerakoan eta, hala ere, niretzat gorrotoa. Espainiak hainbeste maite eta errespetatzen duen herritar euskaldun honentzat izaten dira irainak, dakien arren, gizatasunaren arrazoia bere alde dagoela, Blues Brothers filmako protagonisten antzeratsu. Neuk nahi bezala, nahi dudan hizkuntzan, jar dezaket neure erantzungailua. Ala ez?
Interneten ere antzeko: hamaikatxo kakazahar ditut jasoak kontu berarekin. Euskararekin egiten dute topo, eta, ezin eramanik, iseka hasten dira. Ezer ulertzen ez, eta irainka, hala ere. Jatorrak dira halako espainolak (eta espainolak diot, ez frantsesekin eta ez beste inorekin, ez baitzait antzekorik gertatu, gertatzeko arriskua dagoela uste dudan arren).
Ez dakit ezagutzen duzuen, baina badut euskaraz sukaldeko errezetak eskaintzen dituen leku bat. Kontua da, gaur bertan, oraintxe bertan, horietako sinpatiko bat sartu dela bertara, guti marikon sinatzen duena, bi iruzkin egiteko.
Iruzkinetako batean honela dio, “ssssssssssssssssssss”, eta bestean, “goxhhmcddgtxduixshfdfih”. Ezer gutxi beste batzuetakoekin alderatuta. Baina gorrotoaren soinuak dira izan niretzat bi horiek. Helbide honetatik idazten ei du: madrid@tupadre.com, eta bere urla honakoa: http://gutysoy…hijo. IPa, ostera, honakoa: IPa: 194.30.13.56.
Nik ere badakit IPak norenak/nongoak diren sarean begiratzen, baina ezin heldu Madrilgoa dela jakitetik harantzago. Haren helbide postala lortzerik baneuka —eta internetzale gazte eta trebeagoek agian lortuko duzue—, opari bat bidaliko nioke guti marikon horri, Henry Miller-ek, Estatu Batuetako telegrafo zerbitzuan zeukan nagusiari bidali zion berdina: kartoizko kaxatxo bat, begizta ederreko lokarri polit asko batekin. Eta barruan hiru klase kaka: zakurrarena, katuarena, eta neurea. Bai horixe. Zerekin identifikatua baleukake, horrela.

